HABE

euskadi.net

HABE:
  1. HABE
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa
Azken eguneratzea: 2008/06/26
EUSKARA 21 ekimeneko Batzorde-atal bereziak bere ekarpenak aurkeztu ditu
Gaur goizean Donostian, Oinarrizko Txostenaren eta, oro har, hizkuntza politikaren nondik norakoaren inguruan osaturiko ekarpenak aurkeztu dituzte, gaur bertan irakurgai daudelarik Euskara 21 web gunean (www.euskadi.net/euskara21), euskaraz zein gazteleraz. Webguneak 8.000 bisitari izan ditu martxan jarri zenetik; 100 ekarpen labur inguru jaso ditu, eta 340tik gora iruzkin.

Patxi Baztarrika sailburuordearen esanetan, Euskara 21 ekimenaren helburua "euskararen etorkizunari begira gauzatu beharreko hizkuntza politikaren inguruko eztabaida euskal gizarte osora zabaltzea da". "Ekimen honetan -gehitu du- euskararen munduak ez ezik erdal munduak ere lekua du ekimen honetan".

EUSKARA 21 EKIMENA: NONDIK NORA
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak bultzatutako Euskararen Aholku Batzordeak aro berri bati ekin dio, eta hizkuntza politikari buruzko askoren arteko eztabaida eta hausnarketa jarri du abian Euskara 21 ekimenaren eskutik. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak nabarmendu duenez, gogoeta honen asmo nagusia, euskararen etorkizunari begira gauzatu beharreko hizkuntza politikaren inguruko eztabaida euskal "gizarte osora zabaltzea da, ahalik eta zabalen. Izan ere, gure gizartea anitza da baita hizkuntzei dagokienez ere, horregatik guztiagatik, euskararen munduak ez ezik erdal munduak ere lekua du ekimen honetan".
Euskararen Aholku Batzordearen baitan, erakunde publiko, hezkuntza, kultura, komunikabide, enpresa, alderdi politiko, sindikatu, euskalgintza, gizarte elkarte eta ekonomia arloko 40 lagunek osatutako "XXI mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak" izeneko batzorde-atal berezia eratu da, aipatu gogoeta prozesuaren aitzindari eta dinamizatzaile gisa.
Batzordearen funtzionamendua erraztu eta arintze aldera, zazpi lagunez osatutako Batzorde iraunkorra eratu da. Eztabaidari abiapuntua emateko asmoz, Batzorde iraunkor honek Oinarrizko Txostena deiturikoa atondu zuen. Txosten honen egileak dira: Patxi Baztarrika, Hizkuntza Politikarako sailburuordea, batzorde honen buru gisa; Erramun Osa, Hizkuntza Politikarako Sailburuodetzako Koordinaziorako zuzendaria eta taldeko koordinatzailea; Aurelia Arkotxa, Euskal Literaturan katedraduna, idazle eta euskaltzain osoa; Lore Erriondo, Udako Euskal Unibertsitateko zuzendaria, irakasle eta pedagogoa; Alberto Lopez Basaguren, EHUko Konstituzio Zuzenbideko katedraduna; Eneko Oregi, itzultzailea eta IVAPeko Itzultzaile Zerbitzu Ofizialeko zerbitzuburua; eta Pello Salaburu, Euskal Filologiako katedraduna, EHUko irakaslea eta euskaltzain osoa.

OINARRIZKO TXOSTENA LABURREAN
Aurtengo apirilaren 29an Oinarrizko Txostena aurkeztu zitzaien Batzorde-atal bereziko gainontzeko kideei ; eta, horrekin batera, baita gizarte osoari ere. Zentzu horretan, euskarari buruz gogoeta egin dezaten eskatu zaie batzorde-ataleko kideei; honenbestez, uste dutenarekin, duten ikuspegiarekin, aberastu dezaten gizarteari erabat irekita dagoen gogoeta saioa. Izan ere, euskararen indarberritzearen egiazko protagonistak herritarrak dira, haien esku, haien gogo eta bihotzetan baitago, hein handi batean, euskararen oraina zein geroa, euskara biziberritzeko giltzarria.

GOGOETARI BULTZADA BERRIA
Gogoetaren puntu honetara iritsi ondoren, hurrengo urratsari ekin dio "XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak" izeneko Batzorde-atal bereziak, gaur, hilak 26, Donostian egin duen bilkuran: Oinarrizko Txostenaren eta, oro har, hizkuntza politikaren nondik norakoaren inguruan osaturiko ekarpenak aurkeztu dituzte, aipatu bilkuran, batzorde-atal bereziko kideek. Urrats kualitatibo bat dakar, ezbairik gabe, ekitaldi horrek, eta berebiziko bultzada emango dio Euskara 21 gogoeta prozesuari.
Batzorde-atal bereziko kideen ekarpenak gaur bertan izango dira irakurgai Euskara 21 web gunean, euskaraz zein gazteleraz.

EUSKARA 21 WEBGUNEA
Ekimen honetan parte hartzeko, apirilaren 29an bertan, Euskara 21 webgunea (www.euskadi.net/euskara21) jarri zen abian, partaidetzarako tresna gisara, guztion ekarpenekin XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak finkatzeko aukera emango duena. Webgunean, besteak beste, honako hauek egin daitezke: oinarrizko txostena kontsultatu, blog-aren bitartez gogoetan parte hartu eta gogoetaren inguruko berriak jarraitu. Atzeraelikatzea, bizitasuna eta aniztasuna ezaugarri dituen webgune honen bitartez, euskararen inguruan iritzia adierazi dutenekin harremanetan jardun ahal izango da, besteen iruzkinak irakurriz eta zeureak gune honetara ekarriz.
Horrez gain, inkestak erantzun eta emaitzak kontsultatu, euskararen inguruko albisteetarako estekak eta mediateka eskura daude, baita aldian-aldian argitaratzen den Euskara 21eko buletina e-postaz jasotzeko aukera ere.


WEBGUNEAREN HARRERA POSITIBOA
Webgunea martxan jarri zenetik, oso harrera beroa izan du, eta parte hartzea biziki altua izan du eremu guztietan. Apirilaren 29tik hona, 8.000 bisitatik gora jaso ditu webguneak. Era berean, 100 ekarpen labur inguru jaso ditu, eta 340tik gora iruzkin. Ekarpen luzeei dagokienez, euskararen inguruko gogoeta mamitsuak eskaintzen dituzten 6 ekarpen luze jaso dira.
Bestalde, Euskara 21 ekimenak isla handia izan du komunikabideetan. Isla horren lekuko, komunikabide ezberdinetako eztabaida foro digitaletan euskararen inguruan jaso den iruzkin kopuru altua: 1500 iruzkin inguru, hain justu. Era berean, ekimenak iritzi-artikulu soka luzea sortarazi du komunikabideetan. Bistakoa da, beraz, ekimenak eztabaida eta interesa piztu duela. Horrez gainera, web gunean iritzia eman duten gehienek positiboki baloratu dute Euskara 21 ekimena. Izan ere, ekimenari esker bi urrats garrantzitsu eman direla aitortzen dute balorazio positiboa egiten dutenek: alde batetik, gogoetarako dokumentu bare eta kritiko bat sortzea; eta, bestetik, herritar guztiei, baita erdaldunei ere, aukera eman izana euskararen inguruko eztabaidan parte hartzeko. Azken puntu hau eskertu dute bereziki.


*ERANSKINA

"XXI. mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak" izeneko batzorde-atal bereziko kideak:

Patxi Baztarrika Galparsoro jauna, batzorde-ataleko lehendakaria
Erramun Osa Ibarloza jauna, idazkaria
Kike Amonarriz Gorria jauna
Aurelia Arkotxa andrea
Joseba Arregi Aranburu jauna
Mikel Basabe Kortabarria jauna
Koldo Biguri Otxoa de Eribe jauna
Garbiñe Biurrun Mancisidor andrea
Ana de Castro Rubalkaba andrea
Ana Eizagirre Garate andrea
Lore Erriondo Korostola andrea
Miren Dobaran Urrutia andrea
Gotzon Egia Goienetxea jauna
Malores Etxeberria Arrese andrea
Ramon Etxezarreta Aizpuru jauna
J. Iñaki Etxezarreta Alberdi jauna
Itziar Idiazabal Gorrotxategi andrea
Iciar Lamarain Cenitagoya andrea
Gorka Landaburu Illaramendi jauna
Miguel Lazpiur Lamariano jauna
Anjel Lertxundi Esnal jauna
Jose Luis Lizundia Askondo jauna
Alberto Lopez Basaguren jauna
Lucía Martínez Odriozola andrea
Koldo Martinez Urionabarrenetxea jauna
Jasone Mendizabal Altuna andrea
Garbiñe Mendizabal Mendizabal andrea
Xabier Mendiguren Bereziartu jauna
Ludger Mees jauna
Mertxe Mugika Balanzategi andrea
Pedro Ochoa Bernales jauna
Eneko Oregi Goñi jauna
Carlos Ruiz Gonzalez jauna
Pello Salaburu Etxeberria jauna
Tomás Uribe-Etxeberria Maiztegi jauna
Ana Urkiza Ibaibarriaga andrea
Andres Urrutia Badiola jauna
Jesus Uzkudun Ilarramendi jauna
Mikel Zalbide Elustondo jauna

Batzorde-atal Iraunkorra
Oinarrizko Txostena prestatu duena
Patxi Baztarrika Galparsoro jauna, batzorde-atalburua
Erramun Osa Ibarloza jauna, idazkaria
Aurelia Arkotxa andrea
Lore Erriondo Korostola andrea
Alberto Lopez Basaguren jauna
Eneko Oregi Goñi jauna
Pello Salaburu Etxeberria jauna

Donostia, 2008ko ekainaren 26ean