Itzulpen-irizpideen ardatza honako hau da: Batetik, langileen euskarazko jarduera bultzatzea, hau da, langileek idatzi beharreko testua sortzerakoan euskara erabiltzeko pizgarri bat izan dezatela. Bestetik, euskaraz lan egiteko gai diren langileen lan bikoitz gehiegizkoa ekiditea. Azken finean, langileek jasotako hizkuntza-prestakuntza, idazkiak euskaraz sortzeko gaitasuna lortzera zuzenduta egon da; ez idazkiak itzultzeko gaitasuna lortzera. Langileak ez ditugu itzultzaileak izateko trebatu. Ideia horiek kontuan hartuta, honako itzulpen-irizpideak aplikatuko ditugu IVAPen:
- Kanporako idazkiak IZOra itzultzera bidali ahal izango dira bakarrik bi baldintza hauek betetzen dituztenean: Idazkia euskaraz idatzia izatea eta hiru orritik gorako luzera izatea.
- Gainontzeko kasuetan, testu bat elebietan moldatu behar denean, langileak berak egin beharko du lan hori.
Dena dela, ondorengo irizpideak ere kontuan hartuko dira:
- Langileek beharra izanez gero, sortutako testua gainbegiratu eta zuzentzeko laguntza izan dezakete. Lan hori nork egin dezakeen kasuan kasuan erabakiko da: zerbitzuko lankideren batek egin dezake gehienetan; trebakuntza programan daudenek trebatzailearen laguntza izan dezakete; eta, azkenik, IZOren laguntza ere izan dezakete kasurik zailenetan.
- Kanpotik datozen idazkiak itzuliko dira, soilik hartzaileak/izapidetzeko arduradunak ez badu egiaztatuta 3. HE, gutxienez. Edozein kasutan ere, idazkia teknikoki zaila izanez gero (epaia, txostena, eta abar) edukiaren zati erabakiorraren itzulpen laburtua egingo zaio, izapidetu behar duenak ulertu dezan.
|