Euskal Funtzio Publikoari buruzko 6/1989 Legearen 99.2 atalak arautzen duena betez, Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeak (IVAP) ordezkari bat izendatu behar du herri-administrazioek deitutako hautaketa-prozesuetan hizkuntza-eskakizunak (HE) egiaztatzeko azterketak egin ditzan. Gainera, aipatu Legearen 99.1 atalaren arabera, IVAPi dagokio azterketa hauen edukia eta nolakoa erabakitzea.
Gauzak horrela, hautaketa-prozesuetako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketan IVAPen partaidetza ziurtatzeko prozedura bat erabaki zen, orain arte dirauena. Prozedura horren arabera, erakundeek hautaketa-prozesuak deitzen dituztenean, IVAPi eskatzen diote epaimahaikideak izendatzeko hizkuntza-eskakizunetako azterketak egin ditzaten. Orduan, kasuan kasuko prozesurako, IVAPek epaimahaikide titularra eta ordezkoa izendatzen ditu zuzendariaren ebazpen baten bidez eta prozesua martxan jartzen denean, erakundetik harremanetan jartzen dira izendatutako epaimahaikide titularrarekin hizkuntza-eskakizuna ebaluatzeko azterketa antolatzeko.
Hiru dira sistema hau baldintzatzen duten faktoreak:
· Hautaketa-prozesuetan parte hartzeko eskari kopuru handia (prozesu jendetsuak artean).
· Eskari horren sakabanaketa geografikoa eta tenporala.
· IVAPek dituen giza-baliabide mugatuak.
IVAPek hautaketa-prozesuetan parte hartzeko erakundeengandik jasotzen duen eskari kopurua gero eta handiagoa izan da azken urteotan. Beheko grafikoan, 2002an zehar IVAPek parte hartutako hautaketa-prozesuen banaketa jasotzen da, hilen arabera eta lurralde historikoen arabera. Azpimarratzekoa da 2002 urtea estandarra izan zela deitutako hautaketa-prozesuen eskariari dagokionez. Batez beste, hilean ia 22 prozesuri zegozkien hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko azterketak egin ziren.


Hautaketa-prozesu horiek, beraz, oso sakabanatuta daude, bai denboran eta baita espazioan ere. Gainera, askotan gertatzen da udalerri batean azterketa batzuk egin eta handik egun batzuetara hurbil dagoen beste herri batera joan behar izatea HE bereko azterketa gutxi batzuk egitera. Beheko grafikoan zirkunstantzia hori irudikatu nahi izan dugu. Adibide bat baino ez da. Zazpi prozesu baino ez dira irudikatu lurralde bakar batean, hau da, hilean Autonomia Erkidego osoan izaten dugun batez besteko partaidetzaren herena.

IVAPek eginkizun horretarako dauzkan baliabideak mugatuak dira eta, azterketa zein azterketari kopurua kontuan hartuta, sistema honen arabera aspalditik bihurtu da arazo baliabide hauek erakunde bakoitzari komeni zaion egutegiarekin egokitzea.

Bi dira, bereziki, oraingo sistemak dituen alde negatiboak, hurrengo biak:
· Hautaketa-prozesuen planifikazioa oztopatu egiten du: IVAPek hautaketa-prozesuetarako izendatzen dituen ebaluaketa-teknikarien egutegia erakundeek eskatu ahala betez joaten da, eta aurrerapen handiz konprometitu ohi dituzte datak. Horrela, erakunde bat harremanetan jartzen denean IVAPekin bere ordezkariak hautaketa-prozesu batean parte har dezan, zaila izaten da askotan zerbitzua eskaini ahal izatea erakundeak eskatutako datetan. Ondorioz, hautaketa-prozesuen egutegiak IVAPeko teknikarien disponibilidadearen arabera egokitu behar izaten dira maiz, nahiz eta neurri hau ez den erakundeentzako aproposa.
· Ez zaie etekinik egokiena ateratzen IVAPeko giza-baliabideei: hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketak tokian-tokian eginez gero, denbora gehiegi erabiltzen dute ebaluaketa-teknikariek joan-etorrietan eta, horren eraginez, muga handia daukate beren ahalmenari eta egutegiari behar bezalako aprobetxamendua ateratzeko. Gainera, eskaini beharreko zerbitzurako onuragarriak izan litezkeen balio erantsiko bestelako lanetan jarduteko denborarik ez zaie geratzen.
Horregatik guztiagatik, oraingo sistemaren alde negatiboak konpontzen dituen sistema berriak honako baldintza hauek bete behar ditu:
· Hautaketa-prozesuen planifikazioa erraztu behar du. Azterketen antolakuntza ere erraztu behar du eta, azken finean, zerbitzu azkarragoa eta kalitate handiagokoa eskaintzeko posibilitatea eman behar du.
· IVAPeko teknikarien lana hobeto antolatzeko modua eskaini behar du, giza-baliabideei errendimendu handiagoa ateratzeko eta beren ahalmenei etekin handiagoa ateratzeko, emandako zerbitzuaren mesedetan.
Egungo sistema baldintzatzen duten beste bi faktoreetan eragiteko ezintasuna kontuan hartuta, egoera hori aldatzeko posibilitate bakarra sakabanaketa geografiko eta tenporalaren gainean eragitean datza. Izan ere, faktore honen berregituraketan oinarritzen da sistema berria.

|