IVAP- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Euskera
  4.  
  5. Deialdi bateratuak
 
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa
Sarrera


Herri-administrazioei zerbitzu hobea emateko helburuarekin, Euskadiko Autonomia Erkidegoko erakundeek deitzen dituzten hautaketa-prozesuetako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketak beste era batera antolatzeko sistema berria aurkeztu nahi dugu agiri honen bidez.

 

Hautaketa-prozesuetako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko erabiltzen genuen eta oraindik ere darabilgun sistematikak dauzkan mugez eta hutsuneez ohartuta, orain dela bi urte sistema berri bat asmatzeko eta diseinatzeko lanari ekin genion IVAPen.

 

Arazoen nondik norakoak eta zergatiak aztertu eta konponbide ezberdinak hausnartu eta baloratu ondoren, azterketak antolatzeko sistema berri baten diseinua landu genuen, proposamen sendo bat gauzatu arte. Sistema berriaren diseinua bukatutzat eman aurretik, modu orokorrean jakinarazi baino lehen eta, noski, martxan jarri aurretik, herri-administrazioen iritzia jaso nahi izan dugu. Horretarako, 2005eko martxotik eta uztailera bitartean, kontsulta-fase bat burutu dugu hainbat erakunde esanguratsurekin, sistema berriaren aurkezpena zuzenean egin eta erakundeen iritziak, kezkak eta iradokizunak jasotzeko.

 

Esan behar da proposamenak, oro har, oso harrera ona jaso duela erakundeen artean. Gainera, kontsulta-fase horretan erakundeek emandako iritzi eta ekarpenak oso baliagarriak izan dira sistema berria zenbait alderditan hobetu eta borobiltzeko. Bihoakie hemendik gure esker ona fase honetan lagundu diguten erakunde guztiei.

 

Abian jarriko dugun sistema berria, funtsean, antolakuntza-aldaketa bat da, eta ez du inolako arau aldaketarik eskatzen. Honek esan nahi du, hautaketa-prozesuak arautzen dituzten alderdi legalak bere horretan geratzen direla, horien artean, adibidez, Epaimahaiaren betebeharrak.

 

Agiri honen helburua beraz, hautaketa-prozesuetako hizkuntza-eskakizunak antolatzeko sistema berri hori aurkeztea da. Agiri luzea den arren, uste izan dugu interesgarria zela sistema berriaren oinarriak eta nondik norakoak ezagutzea. Horregatik, agiriaren hasieran orain arte indarrean eduki dugun sistema aztertzen da, alderdi negatiboak identifikatuz eta horiek gainditzeko oinarriak ezarriz. Ondoren, sistema berriaren oinarrizko filosofia aurkezten da eta segituan sistematika berriaren aurkezpena bera egiten da.

 

Agiriaren bukaeran, sistema berriaren abantailak, laburbilduta, sistema berria martxan jartzeko aurreikusitako egutegia eta, azkenik, zalantzak argitzeko bideak jasotzen dira.

hasiera

Azken eguneratzea: 2005/12/26