IVAP- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
  2.  
  3. Euskera
  4.  
  5. Deialdi bateratuak
 
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa
Sistema berriaren faseak eta prozedurak


Honako fase hauek bereiztuko ditugu:

 

·  Hautaketa-prozesuaren oinarriak

·  IVAPeko ordezkariaren izendapena hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probarako

·  Deialdi bateratuetan parte hartzeko eskaera eta horren prestaketa

·  Azterketa eguna

·  Zuzenketak eta emaitzak bidali

·  Erreklamazioen kudeaketa

·  Hizkuntza-Eskakizunen Erregistroan jaso eta espedientea itxi

 

Hautaketa-prozesuaren oinarriak

 

Garrantzitsua da hautaketa-prozesua arautzen duten oinarriek zehaztasun maila handiarekin jaso dezatela hizkuntza-eskakizunari buruzko informazio guztia, HE derrigorrezkoa nahiz merituzkoa denean. Hori dela eta, dokumentu honi eranskin bat gehitu diogu hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko azterketari dagozkion zenbait gomendio eginez, prozesuen oinarriak erabakitzen direnean aintzat har daitezen.

 

Komenigarria da gomendio hauek kontuan hartzea hautaketa-prozesuaren garapena oztopatu ditzaketen arazoak saihesteko, batez ere oposizio-aldian.


hasiera

IVAPeko ordezkariaren izendapena hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko probarako

 

Izapide hau orain arte bezala egingo da, hemen ez baita aldaketarik aurreikusten. Hautaketa-prozesua deitu duen erakundeak hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko proba prestatu eta zuzenduko duen epaimahaiko kidearen izendapena eskatuko dio IVAPi idatziz.

 

IVAPek izendapena egingo du Zuzendariaren Ebazpen bidez eta erakundeari bidaliko dio.

 

Deialdi bateratuan parte hartzeko eskaera eta horren prestaketa

 

Kasuan kasuko erakundeak izendapena jaso ondoren, IVAPeko Euskalduntze zerbitzuko deialdien koordinatzailearekin jarriko da harremanetan eta euskarazko probetarako aurreikuspen bat egingo dute, aldez aurretik jakinarazitako deialdi bateratuen egutegiaren arabera. Erakundeak, hautaketa-prozesurako planifikazioa kontuan hartuta, gehien komeni zaion deialdi bateraturako eskaera egingo dio IVAPeko koordinatzaileari.

 

Lehen kontaktu hori oso aurrerapen handiz egiten bada edo deialdi bateratu horretako HE jakin baterako lehen eskaera bada, azterketarako behin-behineko data jarri ahal izango da, momentu horretan ez baitago jakiterik zenbat hizkuntza-eskakizunetako azterketak egin beharko diren eta zenbat hautagai batuko diren bakoitzean. Beraz, erakundeek deialdi horretarako eskaerak egin ahala zehaztuko dira HE ezberdinetarako behin betiko azterketa-datak eta IVAPek jakinaren gainean edukiko ditu erakunde horiek.

 

Bestalde, erakundeak solaskidea izendatuko du, prozesuko azterketen antolaketa jarraituko duena eta IVAPeko deialdien koordinatzailearekin harremana izango duena.

 

Lehen kontaktu horretan, erakundeak deialdi bateratuan parte hartzeko bidali beharreko informazioa eta dagozkion epeak gogoraraziko dizkio deialdien koordinatzaileak erakundeari. Izan ere, deialdi bateratu baten antolakuntzarako ezinbestekoa da informazio fidagarria aldez aurretik izatea, besteak beste, beharko diren lokalak kontratatzeko eta aztertzaileak konprometitzeko. Horretarako, erakunde bakoitzak honako informazio hau bidali beharko dio IVAPi:

 

·  Deitutako lanpostuari buruzko datuak: lanpostuaren izena, hizkuntza-eskakizuna (HE), derrigortasun-data (DD)…

·  HE egiaztatzeko azterketa egiteko onartuta dauden izangaien kopurua eta zerrenda  (izangaiaren NAN zenbakia eta izen-abizenak). Izangaien zerrendan jasotzen diren datuen zuzentasuna ezinbestekoa da, fitxategi automatizatu batera pasatu behar baitira (Hizkuntza-Eskakizunen Erregistroa); gainera, garrantzitsua da datu pertsonalak interesatuaren NAN agirian agertzen diren datu ofizialekin bat etortzea eta zuzenak izatea, azterketa gainditzen dutenei egiaztapen ziurtagiria egingo zaie eta.

·  HE egiaztatuta dutela alegatzen duten izangaien zerrenda, Hizkuntza-Eskakizunen Erregistroan dagoen informazioarekin erkatu ahal izateko.

·  Era berean, eskatutako HEren baliokide diren egiaztagiriak aurkeztu dituzten izangaien zerrenda bidaliko da

 

Epea: dokumentazio guztia, beranduen, azterketa-eguna baino 15 egun lehenago bidaliko du erakundeak posta elektronikoz.

grafiko honetan irudikatzen da zein eperen barruan bidali behar dioten  erakundeek IVAPi deialdi bateratu jakin batean parte hartzeko behar den informazioa

 

Informazioaren kudeaketa eraginkorragoa eta fidagarriagoa izateko IVAPek fitxategi bat (EXCEL formatuan) bidaliko dio erakunde bakoitzari honek bertan bete ditzan deialdiaren eta izangaien datuak. Erakundeak fitxategian eskatzen den informazioa osatuko du eta IVAPera bidaliko du esandako epearen barruan.

 

Prozesua deitu duen erakundeak, oposizio faseko ariketak egin ahala, informazio hori eguneratuko du.

 

IVAP azterketaren antolaketaz arduratuko da:

 

·  Gelak erreserbatu (horien kostea IVAPek hartuko du bere gain

·  Azterketetarako materiala hornitu (azterketak eurak, orriak, boligrafoak etab.)

·  Aztertzaileak

·  Azterketa osatzen duten proben eraketa (idatzia eta ahozkoa egun berean, idatzia baztertzailea izango den,…)

 

IVAPek horren guztiaren berri emango die inplikatutako erakundeei, hauek izangaiei jakinarazteko.

 

Deialdi bateratuen araberako sistema berri honetan IVAPen esku geldituko da azterketak egiteko lokalak hornitzea. Azterketa egunaren antolaketari begira garrantzitsua da IVAPek ahalik eta informaziorik zehatzena izatea hautaketa-prozesu jakin batean aurkeztuko diren izangaien kopuruari dagokionez, kopuru horren arabera erabaki beharko baitira lokalen tamainak, aztertzaile kopurua, eta abar.

 

Era berean, hautagairen batek proba egiteko egokitzapenen bat behar balu, garrantzizkoa da deialdia egiten duen erakundeak IVAPi egokitzapen horien berri ematea.

 

Hizkuntza-eskakizuna meritu moduan baloratzen den deialdietan alde handia egon daiteke ariketa horretarako onartuta dauden hautagaien kopurutik eta azterketa egitera aurkeztuko diren hautagaien kopurura, HE ez baita beharrezkoa prozesuan aurrera egiteko. Lokalen edukiera edo kapazitatea kontuan hartuta, bi kopuru hauen arteko aldea erabakigarria izan daiteke antolatzen ari garen deialdi bateratuan hautaketa-prozesu bat sartzeko edo hurrengo deialdira eraman behar izateko toki arazoarengatik.

 

Hautaketa-prozesuak jendetsuak direnean, ahalik eta aurreikuspenik fidagarriena egin ahal izateko, hautaketa-prozesuko lehen ariketa egiten den egunean aurkezten diren hautagaiei HE egiaztatzeko azterketara aurkezteko asmorik badaukaten galdetzea proposatzen du IVAPek. Galdera horri erantzutea ez da azterketara onartua izateko baldintza izango, noski, baina erantzunez gero aurreikuspen errealistagoa egiten lagunduko dio IVAPi.

 

hasiera

Azterketa-eguna

 

IVAPeko ordezkariaren eginkizunak

 

Azterketaren egunean hauexek izango dira IVAPeko ordezkariaren eginkizunak:

 

·  Asistentziaren kontrola egitea, eta horretarako azterketari guztien datuak aurretiaz prestaturiko zerrenda bakarrean izango ditu. IVAPek, gerora, hautaketa-prozesu bakoitzaren asistentzia kontrol bereiztua emango dio Epaimahai bakoitzari.

·  Era berean, azterketa egiteko behar den materiala eramatea: azterketak, boligrafoak, orri zuriak, ahozkoetarako gaiak…

·  Bertaratze ziurtagiriak prestatu eta eramatea.

·  Argibideak eman, eta azterketa egin, zuzendu eta emaitzak zein erreklamazioak egiteko prozedura adieraziko die hautagaiei, beti ere erakundeekin aldez aurretik adostutakoaren arabera.

 

IVAPek hautaketa-prozesuak deitu dituzten erakundeei laguntza eska diezaieke azterketa egune(ta)rako.

 

 

Epaimahaikideen eginkizunak

 

Dokumentu honen sarreran adierazi bezala, sistema berrian ez da inongo lege aldaketarik aurreikusi eta horregatik hautaketa-prozesuak arautzen dituzten alderdi legalek bere horretan diraute, adibidez Epaimahaiaren betebeharrak.

 

Izan ere, euskarako azterketa hautaketa-prozesuaren testuinguruan kokatzen da, hau da hizkuntza-eskakizuneko azterketa hautaketa-prozesuaren beste proba bat da eta horren ondorioz, Epaimahaiak hautaketa-prozesua aurrera eramateko duen erantzukizuna kontuan harturik, bertaratu egin beharko luke, quoruma bermatzeko adinako kopuruan idatzizko eta ahozko probak egiten diren egunetan, edozein gora-behera argitzeko.

 

Idatzizko eta ahozko probak

 

Idatzizko proba baztertzailea denean, berau zuzendu ondoren egingo da ahozkoa eta idatzia gainditu dutenei baino ez zaie egingo. Edozein modutan ere, bi proben arteko tartea 5 lanegunekoa izango da gehienez ere.

hasiera

Probak zuzendu eta emaitzak bidaltzea

 

Azterketaren emaitzak erakunde bakoitzari bidaliko dizkio IVAPek idatzizko eta ahozko probak egin eta hamar egunera, beranduen. Emaitzen zerrenda, dagokion ofizioarekin batera, posta arruntez jasoko du erakundeak. Dena den, premia dagoenean bestelako sistemak erabili ahal izango dira, faxa edota posta elektronikoa, kasurako.

 

Emaitzekin batera, bestalde, hizkuntza-eskakizuna egiaztatu dutenen egiaztagiriak prestatuko ditu IVAPek eta posta arruntez bidaliko dizkio erakundeari, honek interesdunei helaraz diezazkien.

 

Erreklamazioen kudeaketa

 

Beharrezkotzat jotzen da erreklamazioen tratamendurako prozedura finko bat zehaztea. Jarraian ageri dira prozedura horren mugarri garrantzitsuenak:

 

·  Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko azterketan lortutako emaitzaren kontrako erreklamazioak Epaimahaiari zuzenduko dizkiote izangaiek horretarako ezarritako epean, beti ere emaitza orokorrak argitaratu ondoren.

·  Epaimahaiak erreklamazio guztiak jaso dituenean, IVAPeko deialdien koordinatzaileari bidaliko dizkio, beronek kudeatu ditzan.

·  Deialdien koordinatzaileak hautaketa-prozesurako izendatuta dagoen ordezkariari emango dizkio erreklamazioak, azterketak berrazter ditzan. Halaber, Epaimahaiarekin adostuko du erreklamazioei erantzuteko epea. Azkenik, deialdien koordinatzaileak Epaimahaiari jakinaraziko dio   berrikuspenaren emaitza.

           

Hizkuntza-Eskakizunen Erregistroan jaso eta itxi espedientea

86/1997 Dekretuaren[1] 38. atalak arautzen duena betez, herri-administrazioek deitutako hautaketa-prozesuetan parte hartu eta hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatzen duten izangaiak IVAPen sortutako Hizkuntza-Eskakizunen Erregistroan jasotzen dira.

 

Erregistro horretan, egiaztapena lortu duen pertsonaren datuez gain, erakundeari eta lanpostuari buruzko beste zenbait informazio jaso behar da. Hori dela eta, administrazio publikoetako lanpostuak betetzeko deitzen diren hautaketa-prozesuak amaitzen direnean, oso inportantea da kasuan kasuko prozesua deitu duen erakundeak IVAPi jakinaraztea noiz amaitu den hautaketa-prozesu hori espedientea itxi dezagun, bai eta nor jabetu den deitutako lanpostuaz ere, erregistrorako behar dugun informazioa osatu dezagun. Aipatutako guztia, honela dago jasota 86/97 Dekretuaren 40.2 artikuluan: “Administrazioek, hautaketa-prozesua bukatuta karrerako funtzionarioa izendatzen dutenean edo langile bati behin-betiko lan-kontratua egiten diotenean, horren berri emango diote IVAPi, egiaztatutako hizkuntza-eskakizunei buruz jaso beharreko datuak jaso ditzan egiaztapen-erregistroan”.

hasiera



[1]86/1997 Dekretua, apirilaren 15ekoa, Euskal Autonomia Elkarteko herri-administrazioetan euskararen erabilera normalizatzeko prozesua arautuko duena. (EHAA, 1997ko apirilaren 17a 72. zk.)

Azken eguneratzea: 2005/12/26