Azalpen honetan jasotako puntuek honako helburua dute: erakunde publikoen langile-beharrei erantzuteko antolatzen diren hautaketa-prozesuetako hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko azterketekin lotzen diren zenbait aholku ematea, prozesu hauek arautzen dituzten oinarriak prestatu edota erabaki behar dituzten herri-administrazioetako arduradunek nahiz teknikariek aintzat har ditzaten, batez ere, aholkuei jarraituta saihesten badira oposaketaldian gertatu ohi diren arazoak, oinarriek ez dituztelako zehazten hizkuntza-eskakizunaren ebaluazioarekin zerikusia dauzkaten xehetasunak. Izan ere, askotan, IVAPeko ordezkariak argibide horiek eman behar izaten ditu HE egiaztatzeko azterketaren egunean bertan.
Halaber, eranskin honetan zenbait gomendio egiten dira prozesua bera hobeto antolatzen lagundu dezaketenak.
Oposizioaldiko ariketen ordena
Ematen duen baino garrantzi handiagokoa da oposizio-fasea osatuko duten ariketen ordena erabakitzea. Puntu honetan gelditu egingo gara gai hau aztertzera.
Lanpostu baten hizkuntza-eskakizuna derrigorrezkoa denean, perfila egiaztatzeko azterketa derrigorrezkoa eta baztertzailea izaten da. Hori dela eta, horrelako prozesu askotan HE egiaztatzeko azterketa oposizio-faseko lehen ariketa izan ohi da.
Baina planteamendu horrekin, HE egiaztatzeko azterketara aurkezteko atea zabaltzen diegu deitutako lanpostuarekin inolako interesik ez daukaten pertsonei. Izan ere, askotan prozesu baterako onartuta dauden hautagaien zerrenda puztu egiten da interes bakarra hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko azterketan daukaten pertsonekin. Gorabehera honek hainbat eragozpen sortzen du deialdia kudeatzeko orduan.
Egoera hau saihestu daiteke, beti ere, neurriak hartzen badira deialdia arautuko duten oinarriak erabakitzerakoan, eta arreta berezia jartzen bada HE egiaztatzeko azterketaren ordenarekin oposizio-aldian.
IVAPen proposamena honako hau da: HE egiaztatzeko azterketa ez dadila izan oposizio-aldiko lehen ariketa, ezta HE derrigorrezkoa denean ere (honek ez du esan nahi, baina, azken ariketa izen behar duenik ezinbestean). Deitutako lanpostuetan interesik ez daukaten pertsonak hautaketa-prozesu hauetara aurkeztu ez daitezen, neurri eraginkorra da HE egiaztatzeko azterketa oposaketaldiaren lehen ariketaren ondoren jartzea. Honela, azterketa honetara aurkezteko aukera emango diegu bakarrik hautaketa-prozesuan interesa daukaten izangaiei.
Hona hemen hori proposatzeko arrazoiak:
· Lanpostu bat betetzeko deitutako hautaketa-prozesu baterako izena eman duten arren, hautagai askoren interes bakarra da HE egiaztatzeko aukera izatea; hori dela eta, oztopatu egiten dute oposaketa-fasea, askotan.
· Oposaketa-fasearen antolamenduari dagokionez, probetara aurkeztuko diren hautagaiak prozesuan interesa dutenak izanda, azterketen antolaketa- eta zuzenketa-lanak ez dira behar baino gehiago konplikatuko. Modu egokian kudeatuko dira adibidez, azterketak egiteko tokiak, aztertzaileak, zuzenketa egiteko eta emaitzak bidaltzeko epeak. Horrela, bai IVAPek baita prozesua deitu duen erakundeak ere, baliabideen erabilera egokia egingo lukete, hautagai-kopuru errealagoak eta datu zehatzagoak izango lituzkete-eta aurreikuspenak egiteko.
· Bestalde, hautaketa-prozesuaren bidez deitzen den lanpostuarekin interesik ez daukaten hautagai horiek istilu edo atzerapenak sor ditzakete euren erreklamazioen eraginez, eta ondorioz hautaketa-prozesua bera eta beste hautagaien interesak kaltetu.

Oposaketa fasea gainditu ondorengo praktikaldia
HE derrigorrezkoa den hautaketa-prozesuetan, Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legeak eta herri-administrazioan euskararen erabilera normalizatzeko araudiak ahalbideratu egiten dute lanpostuak ezarrita daukan HE baino bi gutxiago eskatzea oposaketaldian. Honen arabera erabakitako hautaketa-prozesuetan, hautatutako izangaiak karrerako funtzionario edo langile finko izendapenaren aurretiazko praktikaldiaren amaieran egiaztatu behar du lanpostuak ezarrita duen HE.
Praktikaldia jartzea erabakitzen den prozesuetan, komeni da oinarriek zehaztea zein HE egiaztatu behar den oposizioaldian eta, hala dagokion kasuetan, zein HE eskatuko zaion hautagaiari praktikaldia amaitutakoan.
Hizkuntza-eskakizuna DERRIGORREZKOA EZ den hautaketa-prozesuak
Deitutako hautaketa-prozesuaren bidez beteko den lanpostuaren HE derrigorrezkoa ez denean, meritu bezala baloratzen da izangaien euskararen gaitasun maila oposaketaldian. Nolanahi ere, hautaketa-prozesu batean hizkuntza-eskakizuna meritu gisa baloratzen denean, aukera egon daiteke maila horretatik beherako perfilak ere baloratzeko. Kasu horietan komeni da oinarriek edo Epaimahaiak (oinarriek esaten dutenari jarraituz) zehaztea, azterketa eguna baino lehen, zein HE baloratuko d(ir)en oposaketaldian, eta zenbat punturekin bakoitza.
Honen guztiaren ildotik, gogorarazi behar da 86/1997 Dekretuak bere 31. artikuluan esaten duena, euskara ezagutzea meritu modura hartzerakoan egin beharreko balorazioari buruz. Balorazio hori ondorengo portzentajeetan zehazten da:
1. eta 2.HE: %5etik %10era
3. eta 4.HE: %11tik %20ra

Hizkuntza-eskakizunak ez diren bestelako gaitasun-mailen ebaluazioa
IVAPek hizkuntza-ebaluazio arloan daukan eskumena hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetara mugatzen da; hauen bidez erabakitzen da izangaien gaitasuna HE jakin batekiko. Horrela, hizkuntza-eskakizunak ebaluatzeko azterketen emaitza orokorra da, eta GAI edo EZ GAI kalifikazioarekin adierazten da beti, HE bakoitzean.
IVAPen eragin esparrutik kanpo gelditzen da hizkuntza-eskakizunak ez diren beste gaitasun maila batzuk ebaluatzeko helburua duten azterketak egitea.
Gehiago zehaztuz, esan daiteke IVAPek ez dituela egiten helduen euskalduntze-alfabetatzeko programen araberako gaitasun mailak neurtzeko helburua duten azterketak, ezta perfilen arteko gaitasun mailen ebaluaziorako azterketak ere.
Garrantzitsua da hautaketa-prozesuak arautzen dituzten oinarriak administrazio publikoan euskararen erabilera normalizatzeari buruzko araudiak ezartzen duenarekin egokitzea eta euskararen ezagupenaren balorazioa hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko sistemaren arabera planteatzea.

Hizkuntza-eskakizuna lehenagotik egiaztatuta daukaten izangaiak
Gero eta pertsona gehiagok dauka hizkuntza-eskakizunen bat egiaztatuta. Hori dela eta, gaur egun gauzatzen diren hautaketa-prozesu gehienetan agertzen dira HE lehendik egiaztatuta daukaten izangaiak. Zentzu horretan, egokia litzateke deialdiko oinarriek epe bat aurreikustea, HE egiaztatzeko azterketa egitetik salbuetsita dauden izangaiek lehendik egiaztatuta daukaten hizkuntza-eskakizuna alegatu edo, bestela, baliokidetutako tituluaren ziurtagiria aurkez dezaten.
Izangaiek lehendik egiaztatuta daukaten hizkuntza-eskakizunaren ziurtagiria aurkezteko epea deialdian eskatzen den hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko azterketa egiten den egunera artekoa izan daiteke.
Erreklamazioen kudeaketa
Hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko azterketan lortutako emaitzaren kontra erreklamatzeko eskubidea daukate hautagaiek. Erreklamazio horiek HE egiaztatzeko azterketan lortutako emaitza orokorraren aurkakoak izango dira beti. Beraz, emaitza orokorra argitaratu arte itxarongo dute erreklamazioa aurkeztu nahi duten hautagaiek.
Zentzu horretan, komeni da oinarriek zehaztea erreklamazioa aurkezteko prozedura eta epea.
Erreklamazioak egiteko prozedura
Hautagaiak jakin behar du bere erreklamazioa Epaimahaiari zuzendu behar diola eta ez IVAPi. Epaimahaiak bilduko ditu jasotako erreklamazio guztiak eta IVAPeko deialdien koordinatzaileari helaraziko dizkio.
IVAPeko deialdien koordinatzailea arduratuko da erreklamazioen kudeaketaz, hau da, hautaketa-prozesurako izendatuta dagoen IVAPeko ordezkariari emango dizkio azter ditzan eta arduratuko da berrikuspenaren emaitza Epaimahaiari jakinarazteaz.

Erreklamazioa jartzeko epea
Puntu honen hasieran esan bezala, hizkuntza-eskakizuna egiaztatzeko azterketaren emaitza argitaratzen denetik zabalduko da erreklamazioa egiteko epea.
IVAPek koordinatuko dituen deialdi bateratuetan hainbat hautaketa-prozesuetako azterketak bilduko ditugu egun berean. Deialdi bateratura aurkeztu diren izangai guztien azterketa zuzendu ondoren, IVAPek aldi berean bidaliko die Epaimahai guztiei euren hautagaien zerrenda bakoitzak lortu duen emaitza zehaztuz.
Interesatuen erreklamazioak behar bezala kudeatu daitezen, desiragarria litzateke hauek aurkezteko epe berbera ematea deialdi bateratu batean bildutako hautaketa-prozesu guztietan edo, ahalik eta gehien hurbil dadila behintzat.
IVAPeko deialdien koordinatzaileak aldez aurretik adostuko du Epaimahai guztiekin epea eta emaitzak argitaratzen diren egunean jakinaraziko zaie hautagaiei.
Horrela bada, prozesuen oinarriak erabakitzerakoan ez da epe zehatzik arautuko baina adieraziko da emaitzekin batera zehaztuko dela.

HAUTAKETA-PROZESUETAN HIZKUNTZA-ESKAKIZUNAK EGIAZTATZEKO PROBAK EGITEKO ESKATZEN DIREN DATU PERTSONALAK TRATATZEKO GOMENDIOAK
Hautaketa-prozesuak burutu ahal izateko, nahitaezkoa da parte hartzen duten pertsonei buruzko datu egoki eta bidezkoak eskatzea, betiere, beharrezko direnetara mugatuta. Datu horiek, gainera, prozesatu eta fitxategi batean bildu behar dira, eta beharrezko lagapenak egin. Datu pertsonal horiek abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoaren eta ekainaren 11ko 994/1999 Errege Dekretuaren arabera tratatu behar dira, izan ere, aipatutako legearen bitartez datu pertsonalak nola babestu arautu zen, eta errege dekretuaren bitartez, datu pertsonalak dituzten fitxategi automatizatuen segurtasunari buruzko araudia onartu zen. Hortaz, hautaketa-prozesuaren deialdiko oinarrietatik bertatik hartu behar da hori guztia kontuan.
Ondorioz, hautaketa-prozesu bakoitzean parte hartzen dutenei berariaz jakinaraziko zaie beharrezkoak diren datu pertsonal egoki eta bidezkoak eskatuko zaizkiela, ez gehiago; datu horiek fitxategi batean jasoko direla eta tratatu egingo direla hautaketa-prozesua kudeatu ahal izateko; datu pertsonalen babesari dagokionez, indarrean dagoen legeria beteko dela; identifikazio-datuak eta hizkuntza-eskakizunak edo baliokideak egiaztatzeari buruzkoak IVAPi lagako zaizkiola, batetik, alegatutako egiaztatze-datuak Hizkuntza-Eskakizunen Erregistrokoekin alderatzeko eta, bestetik, hautaketa-prozesuan hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko egingo diren probak behar bezala prestatu eta burutzeko, Euskal Funtzio Publikoaren uztailaren 6ko 6/1989 Legearen 99.2 artikuluan ezarritakoaren arabera. Gainera, fitxategiaren arduradunaren izen-abizenak eta helbidea ere jakinaraziko zaizkie, eta horrengana jo behar dutela adieraziko zaie datuak kontsultatu, ezabatu eta zuzentzeko edo aurka egiteko eskubidea gauzatu nahi badute.
Hautaketa-prozesuetarako deialdiak egiten dituzten erakunde publikoek ahaztu gabe emango diete parte-hartzaileei aipatutakoaren berri eta, gainera, berariazko eta zalantzarik gabeko onespena eskatuko diete datu pertsonalak eskatu zaizkien pertsonei, betiere, uko egiteak ekarriko lizkiekeen ondorioak ere aipatuta. Informazio hori deialdiko oinarrietan bertan sartu beharko litzateke, eta berariazko onespena eskabide-inprimakien bitartez jaso.
Erakunde publikoek, gainera, datu pertsonalen artean mota bakoitzari dagokion segurtasun-maila bermatu behar dute, eta fitxategiak Datu Pertsonalak Babesteko Agentzian deklaratuko dituzte.
IVAPek, bere aldetik, deialdia egin duen erakundeak hautaketa-prozesuko partaideei buruz lagatako datuak jaso, tratatu eta gorde egingo ditu. Gainera, beharrezko segurtasun-neurriak jarriko ditu, fitxategi-mota bakoitzerako ezarritako segurtasun-mailaren arabera. Informazio hori Datuak Babesteko Agentzian erregistratutako fitxategi batean sartuko da, Hizkuntza-Eskakizunen Erregistroan, alegia. Datuok kontsultatu, ezabatu eta zuzentzeko edo aurka egiteko eskubidea, berriz, IVAPen Idazkaritza Nagusian gauzatu ahal izango da (Donostia kalea 1, 01010 Vitoria-Gasteiz).

|