Europako herriek, beren artean gero eta batasun estuagoa sortuz, etorkizun baketsua nahi dute izan elkarrekin, balio erkideetan oinarrituta.
Batasunak badaki zein den bere ondare espiritual eta morala. Balio banatu ezin eta unibertsaletan du zuztarra, giza duintasunean, askatasunean, berdintasunean eta elkartasunean alegia; eta demokrazia eta Zuzenbideko Estatua ditu oinarrizko printzipio. Batasuneko herritartasuna eratzeaz eta askatasuneko, segurtasuneko eta justiziako eremua sortzeaz, pertsona jarri du Batasunak bere jardueren erdian.
Batasunak balio erkide horiek zaintzen eta sustatzen laguntzen du, Europako herrien kultura eta tradizio anitzak errespetatuz beti ere; hala errespetatzen ditu, halaber, Erkidegoko estatuen nortasun nazionala eta estatuko, herrialdeetako eta tokian tokiko botere publikoen antolakundea ere. Era berean garapen orekatu eta iraunkorra sustatzen saiatzen da, eta pertsonen, ondasunen, zerbitzuen eta kapitalen joan-etorri askea eta egoitza finkatzeko askatasuna bermatzen ditu.
Horretarako, beharrezkoa da oinarrizko eskubideen babesa indartzea, gizartearen bilakaera, gizartearen garapena eta zientzia-teknologietako aurrerapenak kontuan hartuta, eta Gutun batean jasota uztea.
Gutun honek, Erkidegoaren eta Batasunaren eskumenak eta egitekoak eta subsidiariotasun-printzipioa errespetatuz, indartu egin nahi ditu batez ere Erkidegoko estatuetako konstituzio-tradizioek eta nazioartean erkide lotutako betebeharrek onartutako eskubideak, eta Europar Batasuna eratzeko Itunak eta Erkidegoetako itunek, Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenak, Erkidegoek eta Europako Kontseiluak onartutako Gutun Sozialek, eta Justizia Auzitegiaren eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentziak onartutako eskubideak.
Eskubide horien gozamenak erantzukizunak eta betebeharrak ezartzen ditu, bai pertsonekiko, zein giza komunitatearekiko eta ondorengo belaunaldiekiko ere.
Ondorioz, jarraian zerrendatutako eskubide, askatasun eta printzipioak aitortzen ditu Europar Batasunak.
I. KAPITULUA
DUINTASUNA
1. artikulua.- Giza duintasuna.
Giza duintasuna zapaldu-ezina da. Errespetatu eta babestu egingo da.
2. artikulua.- Bizitzeko eskubidea.
1.- Pertsona orok du bizitzeko eskubidea.
2.- Inor ezin da heriotza-zigorrera kondenatu, ez eta hil ere.
3. artikulua.- Pertsonaren osotasunerako eskubidea.
1.- Pertsona orok du osotasun fisikoa eta psikikoa izateko eskubidea.
2.- Medikuntzan eta biologian bereziki hauek errespetatuko dira:
– pertsona bakoitzak emandako onespena errespetatuko da, legean ezarritako moduekin bat etorriz, beti ere ondo informatuta eta askatasunaz eman badu;
– praktika eugenesikoen gaineko debekua errespetatuko da, batez ere pertsonen hautespena helburu dutenak;
– giza soina nahiz soinaren zatiak irabazpide bihurtzeko debekua errespetatuko da;
– gizakiak klonazioz erreproduzitzeko debekua errespetatuko da.
4. artikulua.- Debekatu egiten dira tortura eta zigor edo tratu anker edo laidogarriak.
Inori ere ezin zaio torturarik eta zigorrik edo tratu anker edo laidogarririk ezarri.
5. artikulua.- Debekatu egiten dira esklabotasuna eta bortxazko lana.
1.- Inor ere ezin izango da besteen esklabo edo uztarpeko jarri.
2.- Inor ere ezin izango da behartu bortxazko edo derrigorrezko lanak egitera.
3.- Debekatu egiten da gizakiak salerostea.
II. KAPITULUA
ASKATASUNAK
6. artikulua.- Aske izateko eta segurtasunerako eskubidea.
Pertsona orok du aske izateko eta segurtasunerako eskubidea.
7. artikulua.- Bizitza pribatuaren eta familiako bizitzaren errespetua.
Pertsona orok du bere bizitza pribatua, bere familia-bizitza, bere etxebizitza eta bere komunikazioak errespetatuak izateko eskubidea.
8. artikulua.- Pertsona bakoitzaren datuen babesa.
1.- Pertsona orok du berari dagozkion datuak babestuta izateko eskubidea.
2.- Datu horiek leialtasunez landuko dira, helburu zehatzetarako eta dagokion pertsonaren onespena oinarri dela edo legeak aurreikusitako bidezko beste oinarri baten indarrez. Pertsona orok du berari dagozkion datuetara iritsi eta horiek zuzentzeko eskubidea, jasota badaude.
3.- Arau horien errespetua agintaritza independente baten kontrolpean egongo da.
9. artikulua.- Ezkontzeko eskubidea eta familia eratzeko eskubidea.
Bermatu egiten dira ezkontzeko eskubidea eta familia eratzeko eskubidea, estatu bakoitzean bata eta bestea arautzen dituzten legeen arabera.
10. artikulua.- Pentsamendu-askatasuna, kontzientzia-askatasuna eta erlijio-askatasuna.
1.- Pertsona orok du pentsamendu-askatasuna, kontzientzia-askatasuna eta erlijio-askatasuna izateko eskubidea. Eskubide horrek norbere erlijioa edo sinesteak aldatzeko eskubidea dakar, baita bakoitzak, bakarka nahiz taldean, publikoan nahiz pribatuan, kultuaren bidez, irakaskuntzaren bidez, jarduerez eta erritoak betez, bere erlijioa edo sinesteak azaltzeko ere.
2.- Onartu egiten da kontzientzia-eragozpenerako eskubidea, estatu bakoitzean hori arautzen duten legeen arabera.
11. artikulua.- Adierazpen-askatasuna eta informazio-askatasuna.
1.- Pertsona orok du adierazpen-askatasunerako eskubidea. Eskubide horrek iritzi-askatasuna eta informazioa zein ideiak jaso nahiz ezagutarazteko askatasuna dakartza, herri-agintariek esku sartu gabe eta mugarik kontuan hartu gabe.
2.- Errespetatu egiten dira komunikabideen askatasuna eta aniztasuna.
12. artikulua.- Biltzeko eta elkartzeko eskubidea.
1.- Pertsona orok du askatasunez era baketsuan biltzeko eskubidea eta maila guztietako elkarteetan parte hartzeko askatasuna, batez ere politikan, sindikalgintzan eta herritar-taldeetan. Beraz, pertsona orok du beste pertsona batzuekin batera sindikatuak sortzeko eskubidea, eta sindikatuetan izena emateko eskubidea, bere interesak defendatzeko.
2.- Europar Batasun osoko alderdi politikoek Batasuneko herritarren borondate politikoa adierazten laguntzen dute.
13. artikulua.- Arteen eta zientzien askatasuna.
Arteak eta zientzia-ikerketa askeak dira. Katedra-askatasuna errespetatu egiten da.
14. artikulua.- Hezkuntza-eskubidea.
1.- Pertsona orok du hezkuntza-eskubidea jaso, eta lanbide-heziketara iritsi eta etengabeko prestakuntza jasotzekoa.
2.- Eskubide honen baitan sartzen da derrigorrezko hezkuntza doan jaso ahal izatea.
3.- Errespetatu egiten dira demokraziako printzipioak errespetatuz ikastetxeak sortzeko askatasuna, eta gurasoek beren erlijioko, filosofiako eta pedagogiako sinesteen arabera beren seme-alaben hezkuntza eta irakaskuntza bermatzeko eskubidea, beti ere jarduera horiek arautzeko estatu bakoitzak dauzkan legeekin bat etorriz egiten bada.
15. artikulua.- Lanbidea aukeratzeko askatasuna eta lan egiteko eskubidea.
1.- Pertsona orok du lan egiteko eskubidea, eta askatasunez aukeratu edo onartutako lanbidean jarduteko eskubidea.
2.- Batasuneko herritar orok du Batasuneko edozein estatutan lana bilatzeko, lan egiteko, egoitza finkatzeko edo zerbitzuak emateko askatasuna.
3.- Batasuneko estatuetako lurraldean lan egiteko baimena daukaten beste herrialdeetako herritarrek eskubidea dute Batasuneko herritarrek dituzten lan-baldintza bertsuez gozatzeko.
16. artikulua.- Enpresa-askatasuna.
Enpresa-askatasuna onartzen da, Batasuneko Zuzenbidearekin eta estatuetako legeekin eta jarduerekin bat etorriz.
17. artikulua.- Jabetza-eskubidea.
1.- Pertsona orok du lege barruan eskuratutako bere ondasunen jabetzaz gozatzeko eskubidea, eta ondasunok erabili, baliatu eta legatzekoa. Inori ere ezin zaio bere jabetzarik kendu, onura publikorako denean izan ezik; hala ere, legean aurreikusitako kasuetan eta baldintzetan izango da, eta trukean, zentzuzko denbora-epe batean, ondasunak galtzeagatik kalte-ordain zuzena emanda. Ondasunen erabilera legez arautu ahal izango da, interes orokorrerako beharrezkoa den heinean.
2.- Babestu egiten da jabetza intelektuala.
18. artikulua.- Asilo-eskubidea.
Bermatu egiten da asilo-eskubidea, 1951ko uztailaren 28ko Genevako Hitzarmeneko eta Errefuxiatuen estatutuari buruzko 1967ko urtarrilaren 31ko Protokoloko arauak errespetatuz eta Europako Erkidegoa eratzeko Itunarekin bat etorriz.
19. artikulua.- Babesa, pertsonak bihurtu, kanporatu eta estraditatzeko kasuetan.
1.- Debekatu egiten da pertsonak taldeka kanporatzea.
2.- Inor ere ezin izango da beste estatu batera bihurtu, kanporatu edo estraditatu estatu horretan heriotza-zigorra, tortura nahiz zigor edo tratu anker edo laidogarriak jasateko arrisku larria badu.
III. KAPITULUA
BERDINTASUNA
20. artikulua.- Berdintasuna legearen aurrean.
Pertsona guztiak dira berdinak legearekiko.
21. artikulua.- Bereizkeriarik eza.
1.- Debekatuta dago bereizkeria oro, eta bereziki hauek: sexua, arraza, kolorea, herriko zein gizarteko jatorria, ezaugarri genetikoak, hizkuntza, erlijioa zein sinesteak, iritzi politikoak zein beste edozein iritzi, estaturik gabeko nazio batekoa izatea, ondarea, jaiotza, ezgaitasuna, adina nahiz joera sexuala direla-eta eragindako bereizkeriak.
2.- Debekatuta dago bereizkeria oro, herritartasuna dela eta, Europako Erkidegoa eratzeko Ituna eta Europar Batasuna eratzeko Ituna aplikatzeko eremuan, aipatutako itunotako xedapen zehatzen aurka jokatu gabe.
22. artikulua.- Kultura-aniztasuna, erlijio-aniztasuna eta hizkuntza-aniztasuna.
Batasunak kultura-aniztasuna, erlijio-aniztasuna eta hizkuntza-aniztasuna errespetatzen ditu.
23. artikulua.- Gizonezkoen eta emakumeen arteko berdintasuna.
Gizonezkoen eta emakumeen arteko berdintasuna eremu guztietan bermatuko da, baita enpleguari, lanari eta lansariari dagokionez ere.
Berdintasun-printzipioa ez da eragozpen izango ordezkaritzarik txikieneko sexuaren alde abantaila zehatzak dakartzaten neurriei eusteko zein beste batzuk hartzeko.
24. artikulua.- Adingabekoen eskubideak.
1.- Adingabekoek babes-eskubidea dute, eta beren ongizaterako beharrezko zainketak jasotzeko. Askatasunez adierazi ahal izango dute beren iritzia. Kontuan hartuko da beren iritzia dagozkien gaietan, beren adinaren eta heldutasunaren arabera.
2.- Bai herri-agintariek zein erakunde pribatuek adingabekoei dagokienez egindako ekintza guztietan, adingabekoen interes gorena izan behar dute kontuan lehentasunez.
3.- Adingabeko orok du bere aitarekin eta bere amarekin aldiro harreman pertsonalak eta zuzeneko harremanak izateko eskubidea, bere interesen kontrakoak direnean izan ezik.
25. artikulua.- Pertsona helduen eskubideak.
Batasunak onartu eta errespetatu egiten du pertsona helduek bizitza duina eta independentea izateko, eta gizarte-bizitzan eta kultura-bizitzan parte hartzeko daukaten eskubidea.
26. artikulua.- Pertsona ezgaituen integrazioa.
Batasunak onartu eta errespetatu egiten du pertsona ezgaituek autonomia izateko, gizartean eta lanean integratzeko, eta gizartearen bizitzan parte hartzeko daukaten eskubidea.
IV. KAPITULUA
ELKARTASUNA
27. artikulua.- Langileek informazio-eskubidea eta kontsulta-eskubidea dituzte enpresan.
Langileei zein beren ordezkariei informazioa eta kontsulta bermatu beharko zaizkie, dagokien mailan, behar beste denbora lehenago, Erkidegoko Zuzenbidean eta estatu bakoitzeko lege eta jokaeretan aurreikusitako kasuetan eta baldintzetan.
28. artikulua.- Negoziazio eta ekintza kolektiborako eskubidea.
Langileek eta enpresariek, zein batzuen eta besteen ordezkaritzek, Erkidegoko Zuzenbidearekin eta estatu bakoitzeko lege eta jokaerekin bat etorriz, eta dagokien mailan, hitzarmen kolektiboak negoziatu eta egiteko eskubidea dute; eta interesen arteko gatazkak sortzen badira, ekintza kolektiboak egin ahal izango dituzte, greba barne, beren interesak defendatzeko.
29. artikulua.- Enplegu-zerbitzuetara iristeko eskubidea.
Pertsona orok du doako enplegu-zerbitzura iristeko eskubidea.
30. artikulua.- Bidegabeko kaleratzetik babestuta izateko eskubidea.
Langile orok du bidegabeko kaleratzetik babestuta izateko eskubidea, Erkidegoko Zuzenbidearekin eta estatu bakoitzeko lege eta jokaerekin bat etorriz.
31. artikulua.- Lan-baldintza zuzen eta bidezkoak.
1.- Langile orok du bere osasuna, segurtasuna eta duintasuna errespetatzen duten baldintzetan lan egiteko eskubidea.
2.- Langile orok du lanaren gehienezko iraupena mugatuta izateko eskubidea, baita egunero eta astero atseden-aldiak hartzeko eta ordaindutako oporrak urtero izateko eskubidea.
32. artikulua.- Haurren lanaren gaineko debekua, eta gazteen babesa lanean.
Debekatuta dago haurren lana. Lanean onartzeko adinik txikiena ezin da izan derrigorrezko eskolaratzea amaitzeko adina baino txikiagoa; hala ere, gazteentzat hobeak diren xedapenak ezarri ahal izango dira, baita salbuespen mugatu batzuk ere.
Lanerako hartzen diren gazteek beren adinera egokitutako lan-baldintzak izan behar dituzte, eta esplotazio ekonomikotik babestuta egon behar dute, baita beren segurtasun, osasun, garapen fisiko, psikiko, moral edo sozialerako kaltegarri izan dadin, zein bere heziketa arriskuan jar dezakeen edozein lanetik ere.
33. artikulua.- Familia-bizitza eta lanbide-bizitza.
1.- Bermatu egiten da familiaren babesa legearen, ekonomiaren eta gizartearen aldetik.
2.- Familia-bizitza eta lanbide-bizitza elkartu ahal izateko, pertsona orok du amatasuna dela-eta kaleratua izatetik babestuta egoteko eskubidea, baita amatasunagatik ordaindutako baimena jasotzeko eskubidea, eta haurren bat jaio edo umeordetzan hartu delako aitak baimena izateko eskubidea ere.
34. artikulua.- Gizarte-segurantza eta gizarte-laguntza.
1.- Batasunak onartu eta errespetatu egiten du gizarte-segurantzako prestazioak eta gizarte-zerbitzuak jasotzeko eskubidea, Erkidegoko Zuzenbideak eta estatu bakoitzeko lege eta jokaerek ezarritako moduan, bai amatasuna, gaixotasuna eta laneko istripuak gertatzen direnerako, mendekotasuna zein zahartzaroa etortzen direnerako, nahiz lana galtzen denerako.
2.- Batasunean legezko egoitza izan eta bertatik legez dabilen pertsona orok du gizarte-segurantzako prestazioak eta gizarteko abantailak jasotzeko eskubidea, Erkidegoko Zuzenbideak eta estatu bakoitzeko lege eta jokaerek ezarritako moduan.
3.- Gizarteko bazterkeriaren eta pobreziaren aurka borrokatzeko, Batasunak onartu eta errespetatu egiten du gizarte-laguntzak eta etxebizitza-laguntzak izateko eskubidea, baliabide nahikorik ez duten guztiei bizimodu duina bermatzeko, Erkidegoko Zuzenbideak eta estatu bakoitzeko lege eta jokaerek ezarritako moduan.
35. artikulua.- Osasunaren babesa.
Pertsona orok du osasun-prebentziorako eta osasun-sorospenaren onurak jasotzeko eskubidea, estatu bakoitzeko lege eta jokaerek ezarritako moduan. Batasunaren politika eta ekintza guztiak zehaztu eta betetzerakoan, giza osasuna maila handian babestuko dela bermatuko da.
36. artikulua.- Interes ekonomiko orokorreko zerbitzuetara iristea.
Batasunak onartu eta errespetatu egiten du interes ekonomiko orokorreko zerbitzuetara iristea, estatu bakoitzeko lege eta jokaerek ezarritako moduan, Europako Erkidegoa eratzeko Itunarekin bat etorriz, Batasuneko gizartearen eta lurraldearen kohesioa sustatzeko
37. artikulua.- Ingurumenaren babesa.
Batasunaren politikek, garapen iraunkorraren printzipioari jarraituz, bateratu eta bermatu egin behar dituzte bai ingurumenaren babesa, maila handian egin ere, zein ingurumenaren kalitatea, hobetuta.
38. artikulua.- Kontsumitzaileentzako babesa.
Batasunaren politikek maila handiko babesa bermatuko dute kontsumitzaileentzat.
V. KAPITULUA
HERRITARTASUNA
39. artikulua.- Europako Parlamenturako hauteskundeetan hautesle eta hautagai izateko eskubidea.
1.- Batasuneko herritar orok du Europako Parlamenturako hauteskundeetan hautesle eta hautagai izateko eskubidea bera bizi den estatuan, estatu horretako herritarrek dituzten baldintza berberetan.
2.- Europako Parlamentuko diputatuak guztien zuzeneko boto aske eta isilpekoz hautatuko dira.
40. artikulua.- Udal-hauteskundeetan hautesle eta hautagai izateko eskubidea.
Batasuneko herritar orok du berak egoitza daukan estatuko udal-hauteskundeetan hautesle eta hautagai izateko eskubidea, estatu horretako herritarrek dituzten baldintza berberetan.
41. artikulua.- Administrazio ona izateko eskubidea.
1.- Pertsona orok du bere gaiak Batasuneko erakundeek eta organoek alderdikeriarik gabe, zuzen eta zentzuzko epe baten barruan lantzeko eskubidea.
2.- Eskubide horretan sartzen dira bereziki:
– pertsona orok du gaizki eragin diezaiokeen bakarkako edozein neurri bere kontra hartu aurretik entzuna izateko eskubidea;
– pertsona orok du berari dagokion espedientera iristeko eskubidea, beti ere isilpekotasunaren eta lanbide eta merkataritzako sekretuaren bidezko interesak errespetatuz;
– Administrazioak bere erabakien arrazoiak emateko betebeharra du.
3.- Pertsona orok du Erkidegoko erakundeek zein ordezkariek beren eginkizunak betetzean berari eragindako kalteen ordaina Erkidegoak berak ordaintzeko eskubidea, Erkidegoko estatuetako zuzenbideetako printzipio orokor bateratuekin bat etorriz.
4.- Pertsona orok jo dezake Batasuneko erakundeetara itunetan aipatutako hizkuntzetakoren batean, eta erantzuna ere hizkuntza horretan jaso behar du.
42. artikulua.- Agirietara iristeko eskubidea.
Batasuneko herritar orok zein Erkidegoko estaturen batean egoitza zein baltzu-egoitza daukan pertsona fisiko nahiz juridiko orok Europako Parlamentuko, Kontseiluko eta Batzordeko agirietara iristeko eskubidea du.
43. artikulua.- Arartekoa.
Batasuneko herritar orok zein Batasuneko estaturen batean egoitza zein baltzu-egoitza daukan pertsona fisiko nahiz juridiko orok Erkidegoko erakundeen zein organoen jardunean izandako administrazio txarreko kasuak Batasuneko Arartekoari aurkezteko eskubidea du; Justizia Auzitegia eta Lehen Auzialdiko Auzitegia hortik kanpo daude beren jurisdikzio-funtzioak betetzen dihardutenean.
44. artikulua.- Eskea egiteko eskubidea.
Batasuneko herritar orok zein Batasuneko estaturen batean egoitza zein baltzu-egoitza daukan pertsona fisiko nahiz juridiko orok Europako Parlamentuari eskea egiteko eskubidea du.
45. artikulua.- Joan-etorrian ibili eta egoitza finkatzeko askatasuna.
1.- Batasuneko herritar orok du Batasuneko estatuetako lurraldean barrena askatasunez joan-etorrian ibiltzeko eta bertan egoitza finkatzeko eskubidea.
2.- Europako Erkidegoa eratzeko Itunean xedatutakoarekin bat etorriz, Erkidegoko estaturen bateko lurraldean legezko egoitza daukaten beste herrialdeetako herritarrei askatasuna eman ahal izango zaie bertatik joan-etorrian ibiltzeko eta bertan egoitza finkatzeko.
46. artikulua.- Diplomaziako eta kontsultzako babesa.
Batasuneko herritar orok, beste herrialderen batean bere estatuak ordezkaritzarik ez badu, Batasuneko beste edozein estatuko diplomaziako eta kontsultzako agintarien babesa jaso ahal izango du, estatu horretako herritarrentzako baldintza berberetan.
VI. KAPITULUA
JUSTIZIA
47. artikulua.- Epaileen benetako babesa eta epaile inpartziala izateko eskubidea.
Batasuneko Zuzenbideak bermatutako eskubideak eta askatasunak berari dagokionez zapalduta ikusten dituen pertsona orok epaileen benetako babesa izateko eskubidea du, artikulu honetan ezarritako baldintzak errespetatuz.
Pertsona orok du epaile independente eta inpartzial batek zentzuzko epe baten barruan zuzentasunez eta jendaurrean bere auzia entzuteko eskubidea; legeak aldez aurretik ezarritakoa izan behar da. Pertsona orok eska dezake beretzat aholkua, defentsa eta ordezkapena.
Doako laguntza juridikoa emango zaie baliabide nahikorik ez dutenei, justiziara benetan iristeko berme moduan beharrezkoa denean.
48. artikulua.- Errugabetasun-presuntzioa eta defentsaren eskubideak.
1.- Akusatu oro errugabe da harik eta bere erruduntasuna legez aldarrikatu arte.
2.- Akusatu orori bermatzen zaio defentsaren eskubideen errespetua.
49. artikulua.- Delituen eta zigorren arteko legezkotasunaren eta heinekotasunaren printzipioa.
1.- Inor ezin izango da kondenatu ekintza edo ez-egite bategatik, egiterako orduan estatuko Zuzenbidean zein nazioarteko Zuzenbidean kasu hori arau-haustea ez bada. Era berean, ezin izango da ezarri arau-haustea egiterakoan aplika zitekeena baino zigor larriagorik. Aldiz, arau-haustea egin eta gero legeak zigor arinagoa ezartzen badu, azken hori aplikatu behar da.
2.- Artikulu hau ez da ekintza edo ez-egite baten errudun dena epaiketarik eta zigorrik gabe gelditzeko arrazoi izango, baldin eta, hark egindakoa egin zuenean edo egin gabe utzi zuena, estatu guztiek onartutako printzipio orokorren arabera delitu bazen.
3.- Zigorren indarra ezin da arau-haustearen heinekotik gainekoa izan.
50. artikulua.- Delitu berberagatik zigor-zuzenbidean bi aldiz salatua zein kondenatua ez izateko eskubidea.
Inor ere ezin izango da zigor-zuzenbidean ez salatu ez kondenatu Batasunean legearen arabera zigor-epai irmoz lehendik arau-hauste horretatik absolbituta zein beragatik kondenatuta badago.
VII. KAPITULUA
XEDAPEN OROKORRAK
51. artikulua.- Aplikazio-eremua.
1.- Gutun honetako xedapenak Batasuneko erakunde eta organoei zuzentzen zaizkie, subsidiariotasun-printzipioa errespetatuz, baita Batasuneko estatuei ere, baina Batasuneko Zuzenbidea aplikatzen dutenean bakarrik. Beraz, estatuek eskubideak errespetatu, printzipioak bete eta horien aplikazioa sustatuko dute, bakoitzak beren eskumenen arabera.
2.- Gutun honek ez du inolako eskumen nahiz egiteko berririk sortzen ez Erkidegoarentzat ez Batasunarentzat, eta ez ditu aldatzen itunetan zehaztutako eskumenak eta egitekoak.
52. artikulua.- Bermatutako eskubideen irispidea.
1.- Gutun honetan onartutako eskubide eta askatasunez baliatzeko edozein murrizpen jartzen dela ere, legez ezarri beharko da, eta aipatutako eskubide eta askatasunen funtsezko edukia errespetatu egin behar da. Murrizpenak ezartzerakoan, heinekotasun-printzipioa errespetatuz beti ere, Batasunak onartutako interes orokorreko helburuei edo besteen eskubideak eta askatasunak babesteko premiari benetan erantzuteko eta beharrezkoak diren bestean baino ez dira ezarriko.
2.- Gutun honek onartutako eskubideek Erkidegoetako itunetan zein Europar Batasuna eratzeko Itunean dute oinarria, eta itun horietan ezarritako baldintzetan eta bertan zehaztutako mugen barruan bete behar dira.
3.- Gutun honetan jasotako eskubideak Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenean bermatutakoak diren heinean, aipatutako Hitzarmenak emandako izaera eta irispidea izango dituzte. Xedapen hau ez da eragozpen Batasuneko Zuzenbideak babes handiagoa eman ahal izateko.
53. artikulua.- Babes-maila.
Itun honetako xedapen bat ere ezin da hartu giza eskubideen eta oinarrizko askatasunen murriztaile edo kaltegarri izateko; izan ere, bai Batasuneko Zuzenbideak, bai Batasunaren, Erkidegoaren eta Erkidegoko estatuen parte hartzeaz lotutako nazioarteko Zuzenbideak eta nazioarteko hitzarmenek, zein Giza Eskubideak eta Oinarrizko Askatasunak Babesteko Europako Hitzarmenak nahiz Batasuneko estatuetako konstituzioek onartutako moduan hartu behar dira.
54. artikulua.- Eskubideaz abusatzeko debekua.
Gutun honetako xedapen bat ere ezin da hartu gutun honetan onartutako eskubideak zein askatasunak desegiteko jardueraren bat edo ekintzaren bat burutzeko eskubide moduan, ez eta gutun honetan aurreikusitako eskubide eta askatasun horiei murrizpen handiagoak ezartzeko erabilzeko ere.