IVAP- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa
"Galdezka" liburuaren aurkezpena (2003)


HAEEk 1998ko ekainean jarri zuen abian Duda-muda zerbitzua. Honen bidez, herritarrek eta erakundeek egindako 4.000 galderari erantzun diogu sei urte hauetan. Galdera horiekin guztiekin beste zer edo zer egin behar genuela pentsatu genuen eta Galdezka liburua egitea bururatu zitzaigun. Horretarako, 4.000 galderak irakurrita abiatu ginen. Galdera irakurri eta garbiketa egin ondoren, aukeratutako galderekin zein gurí sortu zitzaizkigunekin, Galdezka liburua atera genuen.

 

Galdezka ez da gramatika bat, erantzun bilduma baizik; nolanahi ere, galderak mota askotakoak dira, hizkuntza kategoria askori dagokio, eta nolabaiteko hurrenkeran aurkeztu behar genituen. Hortaz, ohitura den bidetik gehiegi ez urruntzeko honela biltzea erabaki dugu:

 

  • Puntuazioa
  • Deklinabidea
  • Izen-sintagma
  • Aditz-sintagma
  • Joskera
  • Bestelakoak

 

 

Galdezka-ren asmoa, neurri handi batean, kalitatezko euskara ahalik eta jende gehienari zabaltzea denez, ez gara lerratu gramatiketako terminologia eta kontzeptuetara; azalpen teorikoegiak, hizkuntzalaritzaren alderdi konplexuak eta horrelakoak alde batera utzi, eta ulergarritasunera jo izan dugu guk, beharbada lan-mota hauetan eskatzen den zientifikotasunaren kaltetan. Horrexegatik baztertu dugu nahita adierazpide lehorra, eta aukeratu ditugu azalpen samurrak, adibide ugariak, eta estilo didaktikoa.