IVAP- Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea

euskadi.net

Hasiera

Hemen zaude:
  1. Hasiera
 
W3C-WAI-k web edukirako ezarritako 1.0 Erabilerraztasun Jarraibideetako A mailari dagokion ikonoa
ADMINISTRAZIO-IDAZKIAK


Maite Iribar


AURKIBIDEA

administrazio-idazkietarako irizpideak

Teoria

ADMINISTRAZIOKO ZENBAIT IDAZKI

Ziurtagiria

Eskabidea

Gutuna

Ofizioa

Bilera-deia

Akta

Iragarkia

Txostena

bibliografia

 

 ADMINISTRAZIO-IDAZKIAK

ADMINISTRAZIO

IDAZKIETARAKO IRIZPIDEAKTeoria

Komunikazioa

Administrazio-idazkiek argiak eta berehala ulertzeko modukoak izan behar dute. Horrek ez du esan nahi, ordea, horregatik maila eskasekoak izango direnik.

Irakurlearen ezaugarrietara egokitu behar dugu testua. Horrela, bada, kontuan izan behar dugu hartzailea administraziokoa den, gaiari buruz zenbat dakien, gugandik zer espero duen, etab.

Bestalde, argi eta garbi jakin behar dugu zer lortu nahi dugun komunikazioaren bidez: informazioa eskatu, zerbait galdetu, eskatu, eman... Eta horren arabera idatziko dugu testua.

Eraginkortasunari begira

Hartzailea aurrean egongo balitz bezala idaztea komeni da.

Lehen lerroaldetik bertatik interesa piztu.

Zuzena izan eta harira joaten ahalegindu.

Zuzendu gabeko idazkirik ez bidali. Akats tipografiko eta ortografikoek beti inpresio txarra sortzen dute.

Izan ezazu jarrera baikorra

Sarritan, administrazio-idazkiak egiten ditugunean, ez gara konturatzen gauzak esateko moduarekin inor mindu dezakegunik.

Azterketa ez duzu gainditu gainerakoek atera duten puntuaziora ez zarelako iritsi.

Igogailua ezin dute 16 urtez beherako umeek hartu.

Mezua ahal bada behintzat, baiezko esaldietan eman.

Ezinezkoa da azterketaren emaitzak plazaratzea, epea bukatu arte.

Epea bukatu bezain laster plazaratuko ditugu azterketaren emaitzak.

Baina kontuz, honek ez baitu esan nahi berez txarrak diren gauzak ezkutatu edo mozorrotu egin behar ditugunik.

Informazioaren antolaketa

Esan beharrekoa zenbat eta laburrago esan, hobe. Aukeratu informaziorik erabilgarriena.

Ideia bakoitza lerroalde batean adieraziko dugu, eta ordena logikoan garatuko: eman beharreko berria interesgarria edo atsegina bada, ahalik eta lasterren jaso; berri "txarra" izanez gero, hobe azkenerako uztea.

Izenburuak

Administrazio-idazkietan izenburua jartzea oso mesedegarria izaten da, irakurleak izenburua irakurtzearekin batera idazkia zeri buruzkoa den jakin dezan. Izenburuaren bidez, testua osorik irakurri gabe, irakurleak azkar eta erraz aurki dezake informazioa.

Izenburuak, egoki aukeratu badugu behintzat, mezu osoaren edukia eman behar du hitz gutxitan. Adibidez:

Udaltzain lanpostua betetzeko deialdia

Bertaratze-ziurtagiria

Zenbaitetan, izenburu luzeetan batez ere, izenburua bi zatitan banatzea lagungarri gerta daiteke. Adibidez:

Eskabidea

Obra egiteko baimena

Helbidea

Helbidea adierazi behar dugunean, honako hauek idatziko ditugu:

Miren Gaztañaga Argote (Izen-abizenak)

Euskara dinamizatzailea (Kargua)

Gasteizko Udala (Erakundea)

Aralar kalea 6, 5.B (Kalea, zenbakia eta pisua)

01008 Vitoria-Gasteiz (Posta-kodea eta herria)

Kontuan izan kargua letra xehez idatzi behar dugula.

Bestalde, gogoratu, administrazio-idazkietan kaleen eta herrien izen ofizialak idaztea komeni dela.

Agurrak

Idazkiaren hartzaileari nolako formaltasun-maila dagokion halako agurra aukeratu behar dugu.

Hona hemen zenbait aukera idazkiei sarrera emateko, formaltasun-mailaren arabera sailkatuta.

Zuzendari jaun/andre agurgarria
Zuzendari jaun/andre agurgarri hori

Jaun/Andre agurgarria
Jaun/Andre agurgarri hori

Zuzendari jauna/andrea
Zuzendari jaun/andre hori

Goikoetxea jauna/andrea
Goikoetxea jaun/andre hori

Jauna/Andrea
Jaun/Andre hori

Laguna
Lagun hori

Adiskidea
Adiskide hori

Agurrari dagokion lerro hau bi puntuz itxi eta hurrengo lerroko testuaren lehenengo hizkia letra larriz idatziko dugu.

Andrea:

Lehengo egunean hitz egindakoaren arabera...

Amaierako formulak honako hauek izan daitezke:

Formalak:

Adeitasunez, agur.
Begirunez, agur.

Neutroak:

Horrenbestez, agur.
Besterik gabe, agur.

Hurbilak:

Agur, adiskide.
Agur bero bat.

Formaltasuna

Gutxieneko formaltasuna zaindu behar dugu administrazio-idazkietan; hala ere, baztertu egin behar ditugu errotik formaltasun hutsalaren adierazpide batzuk eta nolabaiteko morrontza erakusten duten formak:

Jaun/Andre txit prestua, gorena, argia...

Baimena emateko erregutzen dizut, otoi...

Galde-erreguak...

Alderantziz, zenbaitetan, besteak beheratuz gero geure burua goraipatzen dugula iruditzen zaigu. Baina, era horretan, irakurlea gure kontra jartzea besterik ez dugu lortzen.

Nire menpe dagoen Julen Etxabe Agirre langilea...

Gure zerbitzuko langilea den Julen Etxabe Agirre...

Tratamendua: ni-gu eta zu-zuek

Administrazioko hizkera berritzearen aldeko proposamenen arabera, idazkiaren igorleak lehen pertsona - ni edo gu - erabili beharko du, hartzailearentzat bigarren pertsona - zu edo zuek - utziz. Horiek horrela, ahaleginak egin beharko genituzke gaztelaniazko ereduari jarraituz osatutako hirugarren pertsonako zenbait egitura baztertzeko, izan ere, hirugarren pertsonak gaurko administrazio-hizkerak gainditu behar duen urruntasuna ematen baitio testuari.

...jakinarazten da... ...jakinarazten dizut...

...bilerara dei egiten zaizu. ...bilerara dei egiten dizut.

Hizkera sexista

Gizon eta emakumezkoei erreferentzia egiten diegunean, kontuz honelakoekin:

Bileran zerbitzuko legegizon guztiak izan ziren.
(legelari edo abokatu)

Zure aitonak etorri dira
(aiton-amonak)

Ez dakigu gizona nondik datorren
(gizakia)

Bestalde, testuaren barruan hartzailearen erreferentziak egiterakoan ¾ezagutzen badugu behintzat¾ gizonezkoa ala emakumezkoa den oso kontuan izan behar dugu, honelakorik egin gabe:

Edurne Pérez Soroa

Liburutegiko arduraduna

Gasteizko Udala

San Prudentzio 19, 6.B

01008 Vitoria-Gasteiz


Jaun hori:

Batzuetan, ordea, administrazio-idazkietan ez dugu jakiten idazkia nori bidaltzen diogun eta, beraz, ezin jakin hartzailea gizonezkoa ala emakumezkoa den. Horrelakoetan, sarrerako agurrean jaun/andre jartzea gomendatzen dugu.

Antzuolako Udaleko idazkaria

Antzuolako Udala

Herriko Plaza 8

20577 Antzuola

 

Jaun/Andre hori:

Nolanahi ere, ahal den guztietan behintzat, hartzailea nor den identifikatzen saiatu behar dugu.

Toki-egunak

Hauxe da Euskaltzaindiak data adierazteko gomendatzen duena:

Durango, 1995eko martxoaren 7a

Durangon, 1995eko martxoaren 7an

Horietaz gain, laburrago idazterik ere badago:

Durango, 1995-03-07

Nolanahi ere, gogoratu urteetan barruko punturik ez dugula jarri behar.

1.997

1997

Azkenik, kontuan izan testu barruan zenbakiak honela idazten direla:

1995ean 1.995 lan-istripu izan ziren.

Oina: toki-egunak eta izenpea

Administrazio-idazkien oina toki-egunek eta izenpeak osatzen dute.

Hona hemen izenpean jaso behar ditugunak: sinadura, izen-abizenak eta kargua. Honela:

Durango, 1997ko uztailaren 22a

Maite Sarasola Urbina

Aramaioko Udaleko Euskalduntze Zerbitzuko arduraduna

 

Noizbehinkako argibideak

Informazio gehigarria (legeen aipamenak, zenbait argibide, eranskinak...) idazkien behealdean jasoko dugu, oinohar modura. Honela, testua arindu egiten dugu eta honek lagundu egiten dio ulergarritasunari. Oinoharrak egiteko laburdurak edo erreferentziako zenbakiak erabil daitezke:

Oh.; (1), (2)...

Bide honi jarraituz, lege-aipamenak, adibidez, honela egin genitzake:

Honekin batera doakizu 30/1992 Legearen(1) itzulpena, zure iritzia eman dezazun.

(1) Herri-administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Jardunbide Komunaren 30/1992 Legea, azaroaren 26koa (BOE, 1992-11-27).

Letra larriak eta xeheak

1.- Letra larriak

Besteak beste, letra larriak honako kasuotan erabili:

Izen berezietan:

Ajuria Enea, Koldo Mitxelena...

Entzute handiko jai eta egunetan:

Aberri Eguna, Urriko Iraultza...

Erakundeen izenetan:

Eusko Jaurlaritza

Lege eta arauetan:

36/1986 Foru Dekretua

Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legea

2.- Letra xeheak

Honakoetan, berriz, letra xehea erabili:

Plural edo generikoetan:

Legebiltzarrak onartutako legeek, Euskal Herriko udalek...

Urtaro, hilabete eta asteko egunetan:

1997ko urriaren 19an

Kargu ofizialetan:

Lekeitioko Udaleko idazkaria

Siglak eta laburdurak

Siglak letra larriz eta tarteko punturik gabe idatzi behar dira. Lehendabizikoz aipatzean, izen osoa jaso behar dugu, eta sigla parentesi artean jarri. Jakina, hori ez da beharrezkoa hartzaileak sigla ezagutzen duela dakigunean.

Adibidez:

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak (OEE) liburu berri bat kaleratu du. Liburu horrek OEEk azken bost urteotan egindako lanei buruz dihardu.

Erabil ezazu ahalik eta laburdura gutxien. Guk ezagutzeak ez du esan nahi irakurleek ezagutu behar dutenik.

Puntuazioa

Puntuazio-ikurrei dagokienean, aberatsa izaten saiatu: koma eta puntua baino puntuazio-ikur gehiago baitago, hala nola, puntu eta koma, bi puntuak, parentesiak...

Hitzez hitzeko aipamenak komatxo artean jasoko ditugu.

HAEEko teknikaria: "Hori ezinezkoa da".

Gidoi luzea akotazioak egiteko erabil daiteke.

Gure lanerako ¾ eta HAEEn burutzen diren beste hainbatetarako ere bai¾ behar-beharrezkoa dugu zuzentzaile ortografikoa.

Parentesiak muinari ez dagozkion akotazioak egiteko erabiliko ditugu.

Bilera Delft-en (Holanda) egin zuten.

Eten-puntuak hiru dira, eta ez bi edo lau.

Miren, Patxi, Edorta.. etorri dira.

Miren, Patxi, Edorta... etorri dira.

Galdera eta harridura ikurren ondoren ez da punturik jartzen; bai, ordea, koma edo puntu eta koma.

Zein da hori?. Nondik dator?

Zein da hori? Nondik dator?

Laburduraren ondoren ez da esaldi amaierako puntua gehituko.

... etab..

... etab.

Baliabide tipografiko batzuk

Letra etzana

Besteak beste, honako kasuotan erabil daiteke:

Erdarazko hitzak eta esamoldeak:

Horretan garrantzi handia izan du boom demografikoak.

Hitz arrunten adiera berriak:

Hitz inportanteenak fosforitoz azpimarratu.

Liburu, filme eta antzekoen izenburuak:

Begira ezazu hitz hori euskaraz nola esaten den Administrazioko mila hitz liburuskan.

Esloganak eta lemak:

Sukaldari askok gutxi eta goxo jan behar dela diote.

Metahizkuntzako adibideak:

Euskaltzaindiaren arauen arabera, bait dugu idatzi beharrean baitugu idatzi behar dugu.

Letra lodia

Testuaren barruan informazioren bat edo beste azpimarratzeko erabiltzen da.

... honako hau ESKATZEN DIZUT:

Hala ere, letra lodia gehiegi erabiliz gero testua astundu egin daiteke.

Azpimarra

Azpimarra ahalik eta gutxien erabiltzen saiatu behar dugu, testua gehiegi karga ez dadin.

Euskalkiak

Euskaltzaindiak euskararen batasunerako arau batzuk eman ditu (ortografia, deklinabidea, aditza...); baina ez du inoiz esan euskalkien hitzek eta esamoldeek euskara batuan tokirik ez dutenik. Beraz, administrazio-idazkietan tokian tokiko euskalkiko hitzak eta esamoldeak erabil daitezke.

Idazki elebidunak

Idazki elebidunak, oro har, hiru taldetan bana ditzakegu: bi zutabetakoak, hutsuneak betetzekoak eta idazki elebidun luzeak.

1) Idazkia bi zutabetan banatuta dagoenean, euskarazko testua ezkerraldean jartzea gomendatzen dugu, adituek diotenez, bistak aurrena ezkerraldeko zutabera jotzen duelako. Bestalde, gaztelania testurako bakarrik erabiltzea da gure proposamena. Gainontzekoa, (hartzailearen helbidea, karguak, izenpea...) ahal den guztietan, euskara hutsean idaztearen aldekoak gara. Adibidez:

 

Horrela jasota geratzeko eta dagozkion ondorioak izateko , ziurtagiri hau egiten dut. Para que así conste y surta los efectos oportunos expido el presente certificado.
 

Vitoria-Gasteiz, 1997ko maiatzaren 22a

Iñaki Ubeda Larrarte

Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko zuzendaria

2) Hutsuneak betetzeko idazki elebidunetan, eskabide-orrietan, inprimakietan, ordainagirietan... bi hizkuntzak elkarren ondoan jarri behar izaten ditugu. Honelakoetan, aurrena euskarazko testua idaztea gomendatzen dugu. Bestalde, euskarazko testua tipografikoki gaztelaniazkotik nolabait bereizi behar dela iruditzen zaigu: letra desberdina erabiliz, letra etzanaz... Adibidez:

Ordainsariak

Minuta de honorarios

Izen-abizenak/Nombre y apellidos
Helbidea/Dirección   ENA/DNI

IFZ/NIF

Banketxea/Entidad bancaria Bulegoa/Sucursal K/k zenbakia/Número c/c
3) Azkenik, idazki elebidun luzeak ditugu. Horrelakoetan, aurrena euskarazko testua idaztea da gure proposamena, eta euskarazkoarekin amaitutakoan, gaztelaniazkoa idazteari ekitea.

 

ADMINISTRAZIO-idazkiak

 ADMINISTRAZIOKO zenbait idazki

 

 

 

 

 

 

 


 

 


 

ADMINISTRAZIO-IDAZKIAK

 BIBLIOGRAFIA

Liburuak

ALTÉS, Nuria; TORRENT, Josep. Curs de llenguatge administratiu. Bartzelona: Generalitat de Catalunya, Escola d´Administració Pública de Catalunya, 1994.

BASURTO, Aitor. Idazketa ikasgelan. Donostia: Abegi kultur elkartea, 1994.

EIZAGIRRE, Jexux. Administrazio-idazkiak. Vitoria-Gasteiz: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea (HAEE), 1994.

HAEE: Administrazioko euskal eskuliburua. Vitoria-Gasteiz: HAEE, 1986.

*HAEE: HAEEko estilo-liburua. Vitoria-Gasteiz: HAEE, 1996ko urria.

*HAEE: Hizkera argiaren bidetik. Vitoria-Gasteiz: HAEE, 1994.

LARREA, Dani. Administrazioko lanerako oinarrizko euskara ikastaroa. Vitoria-Gasteiz: HAEE, 1990.

LOZANO, Joseba, GORROTXATEGI, Enrike. Argi idazteko bideak. Vitoria-Gasteiz: Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea, 1996.

MURTRA, Pilar. Documentos administratius de la Universitat Pompeu Fabra. Bartzelona: Universitat Pompeu Fabra, 1994.

NOGERAS, Itziar. Kutxako euskararen eskuliburua. Kutxa, 1995.

ROMAN, Arquímedes. Informes para tomar decisiones. Deustu, 1992.

Aldizkariak

*Administrazioa Euskaraz. Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundea.

Llengua i administració. Generallitat de Catalunya. Direcció General de Política Lingüística.


* Lan hau egiteko gehiena erabili ditugun liburuak.