Testu batean zehar agertzen diren gauzak, pertsonak, erakundeak...(kontzeptuak, alegia) irakurleak eragozpenik gabe identifikatu ahal izatea.
Kontzeptuak identifikatzeko, erabili ohi ditugun baliabideak
Hitz bera ez errepikatzeagatik, segidako baliabideak erabiltzen ditugu, besteak beste.a) Izenordainak. Adibidez (erreparatu beltzean datozen hitzei):
Nik [ hiztuna] zuri [ solaskidea] galdetu nizun.
b) Erakusleak. Adibidez (erreparatu beltzean datorren hitzari):
Euskalduna ez naizela? Horixe [ ni euskalduna ez izatea] besterik ez genuen behar!
c) Adberbioak. Adibidez (erreparatu beltzean datozen hitzei):
Bertatik bertara [ hiztuna dagoen tokia] , erantzun nizun atzo [ hiztuna hitz egiten ari den egunaren bezpera] .
d) Sinonimoak eta baliokideak. Adibidez (erreparatu beltzean datozen hitzei):
Eskabidea herritarrak bete behar du. Inprimakiarekin [ eskabidearekin] batera interesatuak [ herritarrak] proiektu teknikoa aurkeztuko du.
e) Elipsia. Adibidez:
Herritarraren eskabideari dagokionez, udalak onartu egin du [eskabidea]
f) Adjektiboak. Adibidez (erreparatu beltzean datorren hitzari):
Miren Agirrek 18 urte ditu, eta aspaldi utzi zion ikasteari. Gazteak [ Miren-ek] ez du oraindik lanik aurkitu.
g) Zenbakiak eta hizkiak. Adibidez (erreparatu beltzean datozen zenbaki eta hizkiei):
2. klausulako "F" puntuko agiriak ekarriko ditu herritarrak.
Administrazioan, ordea, irakurleak lanak izan ditzake baliabide horien bidez adierazitako pertsonen nahiz gauzen identitateari antzematen, baliabide horiek guztiak kontuz erabiltzen ez baditugu.
Nola lagundu irakurleari kontzeptuak identifikatzen?
Hona zenbait gomendio, idazleak kontuan hartu beharrekoak, irakurleari kontzeptuak identifikatzen lagundu ahal izateko.1.- Jantzi esanahiez izenordain, erakusle eta adberbioak!Ahozko jardunean, posible da era honetako esaldia: "Zuri eta zuri, atzo hemen honi eta honi adierazitakoa esango dizuet". Idatzizko jardunean, aldiz, ezingo genuke berdin egin. Alderatu segidako bi adibideok:
Guk, batasun osoagoa osatzeko asmoz, ... eta askatasunaren onurak guretzat eta gure ondorengoentzat ziurtatzeko, erabaki eta ezarri egiten dugu hau, hemengo Estatu Batuetarako.
Guk, Estatu Batuetako herritarrok, batasun osoagoa osatzeko asmoz, ...eta askatasunaren onurak guretzat eta gure ondorengoentzat ziurtatzeko, erabaki eta ezarri egiten dugu konstituzio hau, Ipar Amerikako Estatu Batuetarako [ Ipar Amerikako Estatu Batuetako Konstituzioaren lehen lerroaldeko esaldiak] .
2.- Erabili artez lehen, bigarren eta hirugarren graduko erakusleak!
Idatzizko jardunean, ez da erraza asmatzen noiz erabili hau erakuslea, noiz hori eta noiz hura. Hiru horiek erabiltzeko araudirik bada, hauxe izan liteke bat, salbuespenak salbuespen:2.1.- Lehen graduko erakusle indartugabea (hau, honi, honetan...) eskuarki erabiltzea, haren ondotik datorren kontzeptua edo darabilgun gaia identifikatzeko (ez gara aspertuko zera esaten: kontuz, bada-eta salbuespenik!). Alderatu segidako bi adibideok:
Horra kontratistak ekarri beharreko agiria: behin betiko bermea.
Hona kontratistak ekarri beharreko agiria: behin betiko bermea.
2.2.- Bigarren graduko erakuslea (hori, horrenbestez, horretan...) eta berau eskuarki erabiltzea, testuan haiek baino lehentsuago adierazitako kontzeptua identifikatzeko (ez gara aspertuko zera esaten: kontuz, bada-eta salbuespenik!). Alderatu segidako bi adibideok:
Eskaintzarik merkeena egin duena hauxe izan da: Andoni Bartolomé. Hau izan baita honako diru-kopuru hau eskaini duena: X PTA.
Eskaintzarik merkeena egin duena hauxe izan da: Andoni Bartolomé. Berau [ hori] izan baita honako diru-kopuru hau eskaini duena: X PTA.
2.3.- Hirugarren graduko erakuslea (hura, hartan, halakorik...) eskuarki erabiltzea, testuan lehenago esandako kontzeptua urrun gelditu zaigunean. Alderatu segidako bi adibideok:
Azterketaria esandako baldintzak betetzen ez baditu, epaimahaiak baztertutakoen zerrendan sartuko du hori.
Azterketariak esandako baldintzak betetzen ez baditu, epaimahaiak baztertutakoen zerrendan sartuko du hura.
2.4.- Erakusle-bikotea era honetan erabiltzea:
Bileran Joxe Ostolaza eta Ander Mendizabal mintzatu dira. Azkenean, honek horri eman dio arrazoia.
Bileran Joxe Ostolaza eta Ander Mendizabal mintzatu dira. Azkenean, honek hari eman dio arrazoia.
3.- Errepikatu funtsezko kontzeptuak!
Zenbait konstituziok (Ipar Amerikako Estatu Batuetako Konstituzioa lekuko) funtsezko izenak testuaren "gune" estrategikoetan (izenburuetan, lerroalde-hasieran...) errepikatzen dituzte, sinonimorik-eta erabili gabe. Alderatu segidako bi adibideok:
KLAUSULAK
20.- Agiriak.
A eta B izeneko bi kartazal itxi aurkeztuko ditu lehiatzaileak. Era berean, interesatuek kontuan izango dute eskaintza bakarra baino ez dutela aurkezterik izango.
KLAUSULAK
20. klausula. Lehiatzaileak aurkeztu beharreko agiriak.
Lehiatzaileak A eta B izeneko bi kartazal itxi aurkeztuko ditu. Era berean, lehiatzaileak kontuan izango du eskaintza bakarra baino ez duela aurkezterik izango.
4.- Eman abisua, pertsonak eta erakundeak hurrengo lerroaldeetan nola izendatuko diren jakiteko!
Pertsona, erakunde edo horien antzekoren batek behin baino gehiagotan testu luzeren batean (txosten, kontratu...) agertu behar badu, azaltzen den lehen aldian abisua ematea komeni da, hurrengo lerroetan nola izendatuko den jakiteko. Alderatu segidako bi adibideok
Kontratua lehiaketaren bidez egiten bada, parte-hartzaileak ahal izango du egokien deritzon aldaera proiektuari egin.
...
[ Lehiaketa erabaki eta geroko esaldietan.]
Obra burutuko da kontratistaren arriskura eta kontura.
Kontratua lehiaketaren bidez egiten bada, parte-hartzaileak [lehiaketa erabaki eta gero kontratista] ahal izango du egokien deritzon aldaera proiektuari egin.
...
[ Lehiaketa erabaki eta geroko esaldietan.]
Obra burutuko da kontratistaren arriskura eta kontura.
5.- Idatzi modu autonomoan lerroalde, lege-artikulu, baldintza, ordenantza eta horien antzeko testu-zatiak!
Administrazioan, ohikoa da testu berean beste testu-zati bat itsastea. Ikusirik era horietako testuetan irakurleari —kontzeptuak identifikatzen ez dituelako— sortzen zaion "enigma", bestelako saioa jo dugu, gure aldetik. Alderatu segidako bi adibideok:
Martxoaren 16ko zure gutunari erantzunez, kale garbitzailearen lanpostua betetzeko deialdirako 20. oinarria kopiatu dugu segidan:
"Aurreko lerroaldean aipatutako ariketa egin aurretik, azterketariek, zortzigarrenean eskatutakoez gain, nortasun-agiria ere aurkeztu beharko dute."
Horrenbestez, zure eskaerari erantzun diogulakoan,
Martxoaren 16ko zure gutunari erantzunez, kale garbitzailearen lanpostua betetzeko deialdirako 20. oinarria kopiatu dugu segidan:
"Ariketa praktikoa egin aurretik, azterketariek honako hiru agiriok aurkeztu beharko dituzte:
1.- Eskola-agiria.
2.- Egoitza-agiria.
3.- Nortasun-agiria."
Horrenbestez, zure eskaerari erantzun diogulakoan,
6.- Sartu informazioa hutsuneen aurretik!
Hutsuneak elipsiak bezala funtzionatzen du; hots, nola batean hala bestean igorleak hitzen bat-edo jaten du, eta solaskideak asmatu egin behar du zer falta den. Elipsiak nekez funtzionatzen du testuaren hasieran jarriz gero; hutsuneari ere antzera gertatzen zaio. Alderatu segidako bi adibideok:
...ko ........................................aren ...........a baino lehenago ....................................................,................................ eta ...................................-agiriak ekarri beharko ditu herritarrak.
Herritarrak honako hiru agiri hauek ekarriko ditu:
1.-..............................................
2.-..............................................
3.-...............................................
Agiriak ekarri beharko ditu 19....ko ........................................aren ...........a baino lehen.
testugintza
Ideia ideiarekin lotzeko egiten dugun eragiketari deritzo konexioa. Buruan dauzkagun ideiak, pentsamenduak... ez daude isolaturik, erlazionaturik baizik, eta ideien arteko lotura horrek ere agertu egin behar du testuan, hizkuntza-baliabideak (loturak eta abar...) direla medio: horra zertan datzan konexioaren funtsa.
Zein baliabide erabiltzen dugu ideiak lotzeko?
Ez da oso egokia, komunikazioari dagokionean, esaldi batetik besteraino eramaten gaituen lotura hori jakintzat ematea. Ideia ideiarekin lotzeko, hortaz, erabil ditzagun, besteak beste: partikulak, formulak, esaldi-loturak, puntuazioa, galdegaia...
Nola lagundu irakurleari ideien arteko loturari antzematen?
Hona zenbait gomendio, idazleak kontuan hartu beharrekoak, irakurleari ideien arteko loturari antzematen lagundu ahal izateko.
1.- Ez idatzi modu telegrafikoan!
Idazkera telegrafikoa telegrametan nahiz abisuetan da egokia, baina ez bestelako testuetan, oro har. Alderatu segidako bi adibideok:
Jauna:
Dei bat jaso dut. Loperena zen. Oporretan dago. Azterketa aldatzea eskatzen du. Horrenbestez, agur [ gutuna] .
Jauna:
Laugarren hizkuntza-eskakizunerako martxoaren bostean egin beharreko azterketak direla eta, X erakunde honetako langile baten, Roman Loperena López-en, telefono-deia jaso dut, esanez, oporretan dela, eta ea onartzen zaion azterketa-eguna aldatzea.
Horixe da, beraz, gutun hau tarteko harturik eskatzen dizudana, Loperena jaunaren izenean.
Aldaketa onartuko duzulakoan,
2.- Erabili lotura egokia!
Loturak ezin dira erabili buruak eman ahala: testuko une bakoitzean loturarik egokiena aukeratu behar baita. Ezegoki erabiltzen direnak dira, besteak beste:2.1. Gai-zerrenda emateko modua. Gai-zerrenda bati hasiera ematen bazaio, ondo markatu behar dira, zein diren hurrenez hurren datozen gaiak, bai eta zerrenda-amaiera ere. Hona zenbait modu gaiak egoki zerrendatzeko
2.1.1. Lehenik, ..., gero,... eta azkenik,...
2.1.2. Lehenik, ...; gero, bestalde [ gainera, halaber...] , ... eta azkenik,...
2.1.3. Lehenik, ...,bigarrenik,...,hirugarrenik, ... eta azkenik...
2.1.4. Lehenik, ...,bigarrenik,...,hirugarrenik eta azkenik...
Egitura horiek gai-zerrendaren bat adierazten dute; hortaz, zerrendarik ez bada, ez erabili.
2.2. Segidako egitura ere ez da egoki erabiltzen:
Alde batetik, ... eta bestetik...,
Egitura horrek gaiari bi alde ezberdinetatik —eta ez zentzu bereko bi aldetatik— ekin diogula adierazten du.
Alderatu segidako bi adibideok, bigarren puntu honetan adierazitakoa argitzeko:
Lehenik, A enpresak eskaria bete du. Bestalde, Foru Arauak ezarritakoaren arabera eskaria bete duela esan behar. Bigarrenik aitortu behar da, eskaria legeak agintzen duen epearen barruan aurkeztu duela. Kontuan harturik, alde batetik, Errege Dekretuaren bigarren atala, eta beste aldetik, Foru Aginduarekin bat eginik, bestalde, honako hau xedatu dut: iharduera baimena ematea [ agindu baten azalpena eta ondorioa]
A enpresak iharduera-baimenerako eskaria bete du Foru Arauak ezarritakoaren arabera, eta legeak agintzen duen epearen barruan. Hortaz, bada, Errege Dekretuaren bigarren atalari jarraiki, eta, halaber Foru Aginduarekin bat eginik, honako hau xedatu dut: iharduera baimena ematea.
3.- Ez errepikatu beti lotura bera!
Lotura bera (eta, baina, hori dela eta...) errepikatuz gero, bataz, astundu egiten da testua; besteaz, testuak galdu egiten du zehaztasunaren aldetik, lotura berak funtzio ezberdinak izan ditzakeelako. Alderatu segidako bi adibideok:
Ondoren zehazten diren argibideak aztertu ondoren, eta kontratazioa dela-eta, legeriak eta araudiak jasotzen dutena kontuan izanik, errekurtsorik ez onartzea erabaki dugu, eta interesatuei erabaki horren berri ematea.
Hurrengo lerroaldean zehazten diren argibideak aztertu ondoren, kontratazioari buruz, legeriak nahiz araudiak jasotzen dutena kontuan izanik, erabaki dugu errekurtsorik ez onartzea, eta interesatuei erabaki horren berri ematea..
4.- Jarri ideien artean ‘mugarriren’ bat!
Loturak mugarritzat ere erabili ahal ditugu, irakurleak ideiak bereiz ditzan. Alderatu segidako bi adibideok:
Hortaz, lehen erabilerarako baimenaren egitasmoak zuzenketa-neurriak, hirigintza-araudiko baldintzak eta legeriak ezarritakoa bete beharko ditu.
Lehen erabilerarako baimenaren egitasmoak, hortaz, zuzenketa-neurriak, hirigintza-araudiko baldintzak eta legeriak ezarritakoa bete beharko ditu [ subjektu eta objektuen artean ezin da komarik sartu; bai, ordea, partikularen bat] .
5.- Eman abisuren bat, atzetik datorren ideiaz irakurlea ohartarazteko!
Irakurleak bizkorrago antzemango dio adierazi nahi diogun mezuari, atzetik datorren ideiaz abisuren bat hari ematen badiogu. Alderatu segidako bi adibideok:
Txori eder eta polit bat txio-txioka airean libre, alai eta kantari ibiltzea hobe, hamaika txori gizarajo negar-zotinka eta triste baino tristeago eskuan preso edukitzea baino.
Hobe txori eder eta polit bat txio-txioka airean libre, alai eta kantari ibiltzea, eta ez hamaika txori gizarajo negar-zotinka eta triste baino tristeago eskuan preso edukitzea [ irakurleak hasieratik daki ondotik konparazioren bat datorrela] .
6.- Erabili idazki bakoitzari dagozkion formulak!
Idazki bakoitzari dagozkion formulak erabiliz gero, irakurleak bizkorrago jakin dezake zein testu den. Alderatu segidako bi adibideok:
Nik, idazkaria naizen honek, gutun honekin batera bidaltzen dizkizut eskatutako datuak.
Agerian gera dadin, izenpetzen dut gutuna [ esaldiek gutuna dela diote, baina testuak ziurtagiria dirudi] .
Andre hori,
Joan den martxoko bileran jorratutako gaia gogora ekarriz, gutun honekin batera bidaltzen dizkizut eskatutako datuak.
Horrenbestez, agurtzen zaitut,
TESTUGINTZA
Ikusi segidako esaldiok:
Ezbairik gabe droga guztiak kaltegarriak dira [ ziurtasuna adieraziz] .
Droga guztiak kaltegarriak ote? [ zalantza adieraziz] .
Droga kaltegarriak izan daitezke [ posibilitatea adieraziz] .
Derrigorrezkoa da drogari buruzko legea berrikustea [ beharrizana adieraziz] .
Hortaz, esaldiari erantsiriko kutsu (ziurtasuna, zalantza, posibilitatea...) horri berorri deritzo modalizazioa.
Gainera, ziurtasunezko, zalantzazko, posibilitatezko eta abarreko kutsu hori esaldiari emateko garaian, geure burua nahiz besteena inplikatu ahal dugu ala ez. Adibidez (erreparatu beltzean datozen hitzei):
Ez dut zalantza-izpirik droga guztiak kaltegarriak direla ziurtatzeko [ neure burua ziurtasunean inplikatuz] .
Zalantzarik gabe droga guztiak kaltegarriak dira. Horretan zeuk ere ez duzu zalantzarik [ solaskidearen burua ziurtasunean inplikatuz] .
Zalantzarik gabe droga guztiak kaltegarriak dira. Eta hori drogazaleek ere badakite, inork baino gehiago [ besteen burua ziurtasunean inplikatuz] .
Zalantzarik gabe droga guztiak kaltegarriak dira [ inoren burua ziurtasunean inplikatu gabe] .
Azkenik, gradu ezberdinak daude inplikazioa-eta agertzeko. Alderatu segidako bi adibideok (erreparatu beltzean datozen hitzei):
Asko eta asko ziur gaude droga guztiak kaltegarriak direla.
Zenbaitek uste du, droga bakanen batzuk kaltegarriak direla.
Nola modalizatu, nola graduatu?
Hona zenbait gomendio, idazleak kontuan hartu beharrekoak:1.- Ez modalizatu beste hizkuntzen erara! Gaztelaniaz, adibidez, "Me podría pasar la sal, por favor" esatean zera esan nahi da: "Páseme la sal, por favor"; eta ez "¿Puede o no puede pasarme la sal?" Lehen esaldi hartan, ahalerak modalizatu egin du agindua; hots, posibilitatearen kutsua eman dio, solaskidea ez baitago behartuta agindua betetzera. Horrek ez du esan nahi, inondik ere, euskaraz era berdinean modalizatu behar dugunik. Gure ustez, bada, segidako esaldia gaztelaniaz dago modalizatua (edo euskaraz bestela ere ahal da modalizatu):
Pasa zeniezadake gatza, mesedez? [ ¿Me podría pasar la sal, por favor?] .
Horren ordez, egokiagoak dira:
Pasako al didazu gatza, mesedez?
Gatza pasatzerik bai?
Gatza pasako?
Pasa gatza, mesedez!
2.- Graduatu inplikazioa!
Zehaztasunez hitz egingo badugu, neurriko graduatzailea erabili beharko. Alderatu segidako adibideok (erreparatu beltzean datozen hitzei):
Irakasle guztiek komikia kaltegarria dela diote.
Irakaslerik gehienek komikia kaltegarria dela diote.
Irakasle askok eta askok komikia kaltegarria dela dio.
Hainbat irakaslek komikia kaltegarria dela dio.
Zenbait irakaslek komikia kaltegarria dela dio.
Irakasle gutxi batzuek komikia kaltegarria dela diote.
Irakasle bakanen batzuek komikia kaltegarria dela diote.
Irakasle bakarren batek komikia kaltegarria dela dio.
Ikusten den bezala, bada alderik graduatzaile batetik bestera.
3.- Egin itzazu modalizazioa eta inplikazioa, testuaren arabera!
Adibidez, laburpenetan ez da egokia era honetara modalizatzea: "Nire iritziz artikulu-egileak ez du ondo aztertu gaia". Izan ere, laburpenak objektiboa izan behar du eta "nire iritziz" modalizatzaileak subjektibotasuna adierazten du, laburpena egin duenak bere burua inplikatu duelako.
4.- Bereizi bide eta omen!
Aipatutako bi partikula horietatik, bidek ez du inor inplikatzen, omenek bai, ordea. Alderatu segidako bi adibideok:
Alkatea Donostian bide da [ posibilitatea, inoren burua inplikatu gabe] .
Alkatea Donostian omen da [ posibilitatea, besteen burua inplikatuz; izan ere norbaiti entzundakoan oinarriturik erabiltzen baitugu omen] .
Testugintzaren laburpen gisa
A adibidea:ez du lerroalderik erabiltzen, ez eta kohesio, konexio eta modalizazio handirik ere
Komikiak besterik ez da irakurtzen. Jendea ez da gauza nobelarik sinpleena ere irakurtzeko. Jendea ez dago interesatuta literatura handiari buruz.Komikiak irakurterrazagoak dira irudiei esker. Horiek esfortzu txikiagoa eskatzen dute eta irakurleak nagikeriara ere eramaten du. Komikietan erabili ohi den hizkuntza ez da maila jasokoa eta ez du hobetzen jendearen adierazpena. Komikiak kulturaren aldeko interesik ez duten egunkarietan argitaratzen dira, eta esanarazi nahi du, komikia ez dela artea eta ez duela eskolan lekurik. Irakaslek komikiei buruz iritzi zorrotzak botatzen dituzte.Epai leunagoa merezi du komikiak. Jendearen artean badu benetako interesa. Zinea eta telebista hobeto estimatzen laguntzen du. Nobelak irakurtzeko prestatzen du. Arte bizia denen eskura egoten da. Aldatu behar dira komikiei buruzko iritziak.
B adibidea:erabiltzen ditu lerroaldeak, kohesio, konexio eta modalizazioa; baina ez egokienak, ez eta tokirik egokienean ere
Gaurko gazte bakanen batzuek komikiak besterik ez dute irakurtzen eta ondorioz ez bide dira gauza nobelarik sinpleena ere irakurtzeko. Komikiak direla medio, gazteek ez bide dute literatura handiari buruz interes zipitzik ere ageri. Usuen entzuten diren gogoetak era honetakoak dira.
Komikiak irakurterrazagoak direla irudiei esker eta horiek irakurtzeak esfortzu txikiagoa eskatzen duela eta hainbat irakurle nagikeriara ere eraman
dezakeela egia da. Komikietan erabili ohi den hizkuntza ez dela (0) maila jasokoa eta honolakoak irakurtzeak ez duela hobetzen hainbat gazteren adierazpena, uka ez litekeena da, era berean.
Komikiak kulturaren aldeko interesik ez duten egunkarietan argitaratzen direla, eta honek hainbati esanaraziko dio, (0), komikia ez dela artea eta, beraz, ezin duela eskolan lekurik eduki, zinezkoa ere bada.(0) Irakaslek komikiei buruz iritzi zorrotzak botatzea, ulertzekoa da, beraz. Epai leunagoa merezi du komikiak, baina, akatsak akats. Gazte bakanen batzuen artean nolabaiteko arrakasta izateak esan nahi lezake baduela benetako interesa.
Irudia erabiltzen duenez, zinea eta telebista hobeto estimatzen lagun lezake, lehenbizi. Nobelak irakurtzeko presta lezake, gero bestalde, istorioak bi generoetan antzera samar garatzen direnak baitira (intriga, pertsonaiak, deskribapenak). Komikia ez litzateke, gainera, arbuiagarria egunkarietan azaltzeagatik. Arte bizia ez da zenbait museotan aurkitzen. Denen eskura egoten izan beharko luke. Argi ageri da agian, (0) esandakoaren haritik, aldatu behar direla gazteak eta helduak zerbait grinatzen dituen fenomeno bati buruzko zenbait iritzi.
C adibidea: erabiltzen ditu lerroaldeak, kohesio, konexio eta modalizazioa; eta erabili ere egokienak erabiltzen ditu, bai eta tokirik egokienean ere
Gaurko gazteek komikiak besterik ez dute irakurtzen eta ondorioz ez omen dira gauza nobelarik sinpleena ere irakurtzeko. Komikiak direla medio, gazteek ez omen dute literatura handiari buruz interes zipitzik ere ageri. Era horretakoak dira usuen entzuten diren gogoetak.
Egia da komikiak irakurterrazagoak direla irudiei esker. Testu horiek irakurtzeak esfortzu txikiagoa eskatzen du eta zenbait irakurle nagikeriara ere eraman lezake. Egia da, era berean, komikietan erabili ohi den hizkuntza ez dela beti maila jasokoa eta horrelakoak irakurtzeak ez duela hobetzen zenbait gazteren adierazpena. Egia ere bada komikiak kulturaren aldeko interesik ez duten egunkarietan argitaratzen direla, eta horrek zenbaiti esanaraziko dio, beharbada, komikia ez dela artea eta, beraz, ez dezakeela eskolan lekurik eduki.
Ulertzekoa da, beraz, hainbat irakaslek komikiei buruz iritzi zorrotzak botatzea.
Baina, akatsak akats, epai leunagoa merezi du komikiak. Gazte guztien artean hainbeste arrakasta izateak esan nahi du baduela benetako interesa.
Lehenbizi, irudia erabiltzen duenez, zinea eta telebista hobeto estimatzen lagun dezake. Gero, gainera, nobelak irakurtzeko presta dezake, istorioak bi generoetan antzera samar garatzen direnak baitira (intriga, pertsonaiak, deskribapenak). Azkenik, komikia ez da arbuiagarria egunkarietan azaltzeagatik. Arte bizia ez da (0) museotan aurkitzen. Denen eskura egoten da.
Arestian esandakoaren haritik argi ageri da dudarik gabe aldatu behar direla gazteak eta helduak hainbeste grinatzen dituen fenomeno bati buruzko hainbat iritzi.
testugintza
bibliografia
kohesioa, konexioa, modalizazioa
LARRINGAIN, L. M. Testu-antolatzaileak bi testu motatan: testu informatiboan eta argudiapen-testuan. Gasteiz, Euskal Herriko Unibertsitatea, 1995.WATSON, Richard A. Democracia americana. Logros y perspectivas. México, Limusa, 1989.
|
| Azken eguneratzea: 2007/02/27 |
|