gaiak
1.-"antilinguarik" ez, mesedez!
2.- Hartzailea pasiboa da ala aktiboa?
3.- Zer nahi dut transmititu?
4.-Bada zeinu-sistema egokiagorik hizkuntza baino
5.-Solaskidea eta azken hartzailea gauza bera al dira?
6.-Zein eduki daude sobera, eta zein faltan?
7.-Konpartitu informazioa azken hartzailearekin
8.-Administrazioan, nola kontatu, deskribatu, azaldu, arautu...?
9.-Interpretatzerakoan, zeri begiratzen diogu, hitzez hitzeko egiari ala igorlearen nahiari?
10.-Administrazioan ere, hitzak informatzeaz gain ekintzaren bat ere ‘egin’ dezake
11.-Administrazioan ere, nola liteke hitz batek esanahirik ez izatea?
12.-Administrazioan ere, testuinguruaren arabera esaldi berak oso esanahi ezberdina izan dezake
13.-Testuinguruaren balioa
14.-Administrazioan, nor da "ni"?
15.-Kontuz, ahots asko testu berean sartu gabe!
16.-Noiz bikoiztu geure burua, eta noiz ez?
17.-Nola jaso besteek esana?
18.-Zer da segurtasun juridikoa?
"antilinguarik" ez, mesedez!
Duela ehun urtez geroztik, indar handia hartu du Calvino-k antilinguaizenez bataiatu duen hizkerak. Hasiera batean, antilingua, eskuarki, administrazioan erabiltzen bazen ere, egun, beste zenbait arlotan ere zabaldu ditu erroak: hor ikusten da administrazioak hizkuntzaren erabileran izan dezakeen eragina.
"El funcionario está delante de la máquina de escribir. El interrogado, sentado ante él, contesta a las preguntas titubeando un poco, pero tratando de decir todo lo que tiene que decir en la forma más precisa y sin una palabra de más: "Está mañana temprano fuí al sótano para encender la estufa y encontré esas botellas de vino detrás del cajón del carbón. He cogido una para bebérmela en la cena. No sabía que la bodega de arriba hubiera sido descerrajada". Impasible, el funcionario teclea velozmente su fiel transcripción: "El abajo firmante, habiéndose dirigido en las primeras horas de la mañana a los locales del sótano para poner en funcionamiento la instalación térmica, declara haber casualmente incurrido en el hallazgo de una cuantía de productos vinícolas, situados en posición posterior al recipiente destinado al contenido del combustible y de haber efectuado la extracción de uno de dichos artículos con intención de ingerirlo durante la comida vespertina, no hallándose en conocimiento de la fractura sobrevenida en el establecimiento situado en el piso superior."
Todos los días, sobre todo de cien años a esta parte, por un proceso hoy ya automático, miles de nuestros conciudadanos traducen mentalmente a la velocidad de máquinas electrónicas la lengua italiana en una antilengua inexistente. Abogados y funcionarios, gabinetes ministeriales y consejos de administración, redacciones de periódicos y de telediarios, escriben, hablan y piensan en la "antilengua". La característica principal de la antilengua es lo que yo definiría como "terror semántico", es decir, la huida de todo vocablo que tenga un significado en sí mismo, como si "botella", "estufa" o "carbón" fuesen palabras oscenas, como si "ir", "encontrar" o "saber" indicaran acciones infames.
(...)
La motivación psicológica de la antilengua es la falta de un verdadero contacto con la vida, es decir, en el fondo, el odio por uno mismo. La lengua, en cambio, vive sólo de una relación con la vida que se traduce en comunicación, y de una plenitud existencial que se traduce en expresión [ CALVINO, Italo. Punto y aparte, 1990] .
Hartzailea pasiboa da ala aktiboa?
Komunikazioan, igorleak eta hartzaileak elkarri eragiten diote. Batzorde-bilkuren aldizkariak, adibidez, era honetan jaso behar izaten du elkarrekintza hori, mezuak zentzurik izango badu:
Egin digun azalpenagatik, González Iribarren jaunari eskerrak emanez, amaituko dugu bilkura. [ Legebiltzarkideak mar-mar.] Ah barkatu! Arrazoi duzue, oraindik beste puntu bat gelditzen zaigu aztergai.
Herritarrari bidali beharreko agirietan ere komeni da igorle-hartzaileen arteko elkarrekintzarako bidea ematea: "Argibiderik nahi bazenu, deitu telefono honetara: 20 40 56".
Zer nahi dut transmititu?
Besteari transmititu nahi diodan eragin hori era askotakoa izan daiteke: zerbait ezagutaraztea, jokaeraren bat aldaraztea... Hortaz, asmo hori nolakoa, testuaren idazkera halakoa. Alderatu segidako bi testuak, adibidez.
A ADIBIDEA: Ospitale pribatuaren informazioa: epidurala kobratu egiten dio bezeroari
ANESTESIA EPIDURALA
Mina kentzeko oso medikamentu fidagarria da. Metodo hau asko erabiltzen da mundu osoan aspalditik, batez ere erditzeko garaian. Medikamentu gehienek bezalaxe zenbait pertsonari ekarri ahal dio konplikazio txikiren bat anestesiaren ondorengo egunetan, buruko mina edo. Baina, oraindik ez da ezagutzen epiduralak sortutako konplikazio handi askorik, eta sortutakoak ez dira izan sendaezinak. Beraz, norberaren gorputzean eragozpenik sortu ezean, komenigarria da anestesia epidurala erabiltzea.
B ADIBIDEA:Ospitale publikoaren informazioa: ez dio herritarrari epidurala kobratzen
ANESTESIA EPIDURALA
Mina kentzeko medikamentua da. Metodo hau oso ezaguna bada ere, oraindik nahiko berria da, eta oraindik ez dira ezagutzen sor ditzakeen konplikazio guztiak: nahiz eta orain arte sortu dituenak oso txikiak izan, gertatu izan da anestesia horrek sortutako kasu larriren bat edo beste: 4.000/5.000 epiduraletatik bat. Beraz, ezinbestean baino ez erabili anestesia epidurala.
Bada zeinu-sistema egokiagorik hizkuntza baino
Denbora asko aurreztuko genioke irakurleari, mezua begi-kolpe batez irakurtzeko moduan idatziko bagenio. Gaur egun, nahitaezkoa da, beraz, diagramak, grafikoak eta abar erabiltzea; eta ez apaingarritzat, baizik eta, batik bat komunikazioa ontzeko asmoz. Alderatu segidako bi adibideok:
A ADIBIDEA: hizkuntza baizik ez du erabiltzen
Udalaren ondare-ondasuna saltzeko espedienteari hasiera emateko, alkateak barne-agindua egin behar izaten du, ondoren hiru ziurtagiri egin behar izaten dira: ondasunen datuen ziurtagiria, errejistroko datuen ziurtagiria eta aurrekontuko datuen ziurtagiria. Ziurtagirien ondotik, teknikariak, kontu-hartzaileak eta idazkariak txosten bana egin behar izaten dute. Txosten horien arabera, informazio-batzordeak bere proposamena egingo dio udalbatzari. Informazio-batzordeari entzun ondoren, udalbatzak bere erabakia hartuko du. Azkenik, udalbatzak jendaurrera zabalduko du erabakia, bai eta aldundiari ofizioa bidali ere, prozedurari amaiera emateko.
B ADIBIDEA: bestelako zeinu-sistemak ere erabiltzen ditu
Udalaren ondare-ondasuna
saltzeko espedientea
¯
|
ZIURTAGIRIA
ONDASUNAREN DATUAK
|
|
ZIURTAGIRIA
ERREJISTROKO DATUAK
|
|
ZIURTAGIRIA
AURREKONTUKO DATUAK
|
¯
|
TEKNIKARIAREN
TXOSTENA
|
|
KONTU-HARTZAILEAREN
TXOSTENA
|
|
IDAZKARIAREN
TXOSTENA
|
¯
(eta abar)
Solaskidea eta azken hartzailea gauza bera al dira?
Reagan-ek kazetarien aurrean hitz egiten zuenean, nor zen azken hartzailea, kazetari-jendea ala herritar-jendea? Kasu horretan solaskideak (kazetariak) dira herritarrenganaino iristeko bitarteko (gaur egun horregatik ekoizlekide deitzen zaie). Beraz, hartzailea eta solaskidea ezin dira nahastu. Administrazioan ere, legeren bat legebiltzarrean eztabaidatzen ari direlarik, solaskideak legebiltzarkideak dira, baina azken hartzailea, gehienetan, herritarra izaten da: arrantzari buruzko legea bada, arrantzalea; basogintzari buruzkoa bada, basozalea; etxegintzari buruzkoa bada, etxegilea; unibertsitateari buruzkoa bada... Reagan-ek ez zuen kazetarientzat hitz egiten, herritarrentzat baizik. Administrazioan ere gauza bera egin beharko genuke, edo saiatu behintzat.
Sarritan, beraz, aurrez aurre ikusten duguna ez da ez azken hartzailea. Orduan, irudikatu egin behar dugu zein izan litekeen azken hartzailea, beronen arabera komunikazioa egokitzeko. Segidako galderek lagundu ahal digute azken hartzailea irudikatzen: Zenbat urte ditu? Zein euskalkitakoa da? Zein da haren kultura maila? Zein sinesmenetakoa da? Zein sexutakoa? Zein etnia, azal-kolore eta abarretakoa? Gure ‘mundukoa’ (administraziokoa, adibidez) da? Zein uste ustel du? Zein...?
Segidako bi adibideotan, esate baterako, Ak ez du azken hartzailearen uste ustela kontuan hartzen.
A ADIBIDEA: ez du uste ustela kontuan hartzen
Zer da testamentua?
Norbait hiltzen denean, haren ondasunak nori eman adierazten duen agiria da. Testamentuak hiru heren izaten ditu: bata da testamentugileak nahi duenari ematekoa; bestea ondorengoren bati besteei baino gehiago ematekoa; eta hirugarrena legezko ondorengoen artean banatzekoa.
B ADIBIDEA: kontuan hartzen du
Testamentuak testamentugilearen borondatea adierazten du?
Testamentuak ez du beti testamentugilearen borondatea bete-betean adierazten. Izan ere, testamentugileak legeak ezarritako baldintzetara egokitu behar izaten baitu bere borondatea. Testamentuak hiru heren izan behar ditu legearen arabera: bata da testamentugileak nahi duenari ematekoa; bestea legezko ondorengo bati besteei baino gehiago ematekoa; eta hirugarrena legezko ondorengoen artean banatzekoa.
Zein eduki daude sobera, eta zein faltan?
Administrazio-idazkiak biziki erraztuko lirateke, egin berri dugun galdera bikoitz horri erantzun egokia emango bagenio. Segidako idazkian adibidez, beltzean dagoen guztia sobera dago, eta, aldiz, ez da datu garrantzitsu bat aipatzen: moduluaren ordu-kopua.
ZIURTAGIRIA
Jaso ditudan agirien arabera, Ander Agirre Lertxundi, pedagogian lizentziatua, "Hirigintzari buruzko IV. Ikastaroa"aren III. moduluan: "Hirigintza-Plangintza" izenekoan parte hartu du, azaroaren 20tik abenduaren 10era. "Hirigintza-Plangintza" modulua, Lurralde eta Hiri-ikasketetarako Euskal Eskolak antolatu zuen. Ikastarorako deia 1995eko maiatzaren 12ko Erabakiaren bidez egin zen (EHAA, 99 zenbakia; 1995eko maiatzaren 26). "Hirigintzari buruzko VI Ikastaro" osoa Donostian burutu zen urritik abendura bitartean. Ikastaroan parte hartu duten irakasleak honako hauek dira: Fernando Terán Troyano, Angel Nieva García, Javier Gatón Pérez de Albeniz, Pedro Vargas Corta, Jesús Javier Cebolla Erquiaga, Iñaki Atxukarro Arruabarrena eta Juan Goñi Ruesgas jaunak.
Konpartitu informazioa azken hartzailearekin
Igorleak eta azken hartzaileak gaia ez dute era berdinean ezagutzen. Horregatik, igorleak kalkulatu egin behar du hartzaileak zer dakien eta zer ez. Segidako A adibideari dagokionean, azken hartzaileak ez daki idazkaria behartuta dagoela errekurtsoen berri beti ematera. Hala, hartzaileari ez zaio batere logikoa iruditzen batetik baimena ematea, eta bestetik baimenaren aurkako errekurtsoa jarri ahal duela esatea. Ondorioz, ez da fidatuko baimena eman zaiolako kontu horrekin, eta behar bada, udaletxera joango da ziurtatzera.
A ADIBIDEA: ez du informazioa konpartitzen
Jakinarazten dizut Udalbatzak zure baimen-eskaera onartu egin duela.
Hori dela eta, idazkaria naizen aldetik, adierazten dizut, Udalbatzak hartutako erabaki hori atzera bota nahi baduzu, errekurtsoa aurkeztu behar duzula alkatearen aurrean.
B ADIBIDEA: konpartitzen du
Jakinarazten dizut Udalbatzak zure baimen-eskaera onartu duela. Idazkaria naizen aldetik, adierazten dizut, erabakia zure aldeko izan ala ez, legeak ahalmena ematen dizula erabakia atzera botatzeko. Udalbatzak hartutako erabaki hori atzera bota nahi baduzu, hortaz, errekurtsoa aurkeztu behar duzu alkatearen aurrean.
Nola kontatu ekintzak?
Kontalari on baten armak dira: egitura lineala, erritmoarekin jokatzea (noiz bizkortu, noiz mantxotu), isilaldiak (ez ditu ekintza guztiak kontatzen), intriga (esanahia azkeneraino gordetzea)...
A adibideko kontakizunak, esate baterako, erritmo makala du, egitura bihurria, ekintzak errepikatzen ditu, eta ez du intrigarik sortzen.
A ADIBIDEA: erritmo makala, ekintzan errepikatuta...
Jauna,
Aspaldian kanpoan egon naiz, eta etxera etorri naizenean 5.000 pezetako isunarekin aurkitu naiz. Gutun honen bidez, kontatu nahi nizuke nola gertatu diren gauzak: Izan ere, ziur nago gertatutakoaren jakinaren gainean gelditzen zarenean, ulertuko didazula zergatik egiten dudan errekurtso hau.
Gure amak laurogeita sei urte ditu, eta (adin horretako hainbat pertsonaren antzera), zailtasun handiak ditu etxetik anbulatoriora joateko (anbulatorioa bi kilometrora dago gure etxetik. Zergatik ez du jartzen udalak autobusen bat anbulatoriorako zerbitzua egiteko, kontuan izanda egunero hainbeste jende joaten dela medikuetara?).
Horregatik, belauneko minez zegoelako amak radiografia atera behar izan zituenean, lantokian baimena eskatu eta anbulatoriora eraman nuen neure autoan. Jakina, amak ibiltzeko zer-nolako zailtasunak dituen ikusita, ahal nuen tokian aparkatu behar izan nuen autoa, baina, nik uste dut ondo aparkatu nuela. Horrela bada, amak radiografiarekikoak bukatu ondoren, autoa aparkatu genuen tokira itzuli ginen. Baina gure harridurarako, gruak eramanda zegoen autoa. Udaltzainak zioen kamioentzako tokiko marra ukitzen zegoela autoa, eta horregatik eraman zutela; nik, ordea, lehen esan dudan bezala ondo aparkatuta utzi nuela uste dut, izan ere, autoaren aurretik eta atzetik nahikoa leku zegoen.
Dena den, orduan gruana 10.000 pezeta kobratu zidaten (ez al da gehitxo laurogeita sei urteko amona alargun batentzat?).
Gainera esan behar dut, gruarena gertatu zenean, ez zidatela aipatu ere egin isuna ordaindu behar nuenik. Are gehiago, amaren ezintasuna ikusi zutenean, udaltzainek esan zidaten asko sentitzen zutela gruarena kobratu beharra.
Horiek horrela, ez du uste bidezkoa denik orain beste 5.000 pezetako isuna ordaintzea.
Besterik gabe, agurtzen zaitut,
B adibideko kontakizunak, berriz, irakurtzen jarraitzeko gutizia sortzen digu, erritmo bizia du, eta irakurrita gero ere aise gogora dezakegu kontakizunaren helburua: horiek guztiak kontalariaren trebeziari esker.
B ADIBIDEA: egitura lineala, erritmo bizia, intriga...
Errizaingo sallekuak.
Aspaldian kanpoan egon nais ta etxera etorri naisenian onekiñ aurkitu naiz.
Ainbat denbora dala, larogeta sei urteko amakin juan nitzan anbulatoriora, belauneko miñakin ibilli ezinda zegoelako, radiografiak ateratzera. Nik ustendot automobilla ondo laga nebala, baña berriz juan giñanian gruak eruanda zeguan. Camioiak egoteko lekuko arraixia ikututzen zeguala ezaeban errizañak, baña ni esnago bayeskuan (bai aurretik ta bai ondorenian naikua leku zeguan)
Orduan gruana cobratu zidaten ta ez gutxi, amak daki zenbat, baña multaik ezidaten aitxatu ere egin.
Esan zidaten asko sentitzen zutela ori egin bearra (Ama ibilli ezinda ikusi zutenian).
Ta orain berriz bost mila pezeta? es dot uste bideskua danik.
Beste gabe, barkapenaren esperantzan,
Nola argudiatu?
Argudiozko hainbat jardunetan bi iritzi kontrajarri izan ohi dira: norberarena eta aurkakoarena. Bi iritzi kontrajarri daudenetan, argudiozko diskurtsoak eskuarki funtzionatzen du hartzailea gure alde jartzeko moduko arrazoiak adierazten ditugunean. Konbentzitzeko lan hori ezin egin, ordea, aurkakoaren iritzia eta argudioak kontuan hartu gabe. Are gehiago, guztiz garrantzitsua da: aurkakoari entzutea; hari amore ematen jakitea, eta harekin negoziatzea: beti dago zer negoziatua ("besterik ez bada eztabaidarako ordua eta tokia" Perelman-ek esango zukeen legez). Segidako adibidea da esanaren eredu:
| Gaia eta eztabaida |
Gaurko gazteek komikiak besterik ez dute irakurtzen eta ondorioz ez omen dira gauza nobelarik sinpleena ere irakurtzeko. Komikiak direla medio, gazteek ez omen dute literatura handiari buruz interes zipitzik ere ageri. Era honetakoak dira usuen entzuten diren gogoetak. |
| Aurkakoaren argudioei amore ematea |
Egia da komikiak irakurterrazagoak direla irudiei esker. Horiek irakurtzeak esfortzu txikiagoa eskatzen du eta zenbait irakurle nagikeriara ere eraman dezake. Egia da, era berean, komikietan erabili ohi den hizkuntza ez dela beti maila jasokoa eta horrelakoak irakurtzeak ez duela hobetzen zenbait gazteren adierazpena. Egia ere bada komikiak kulturaren aldeko interesik ez duten egunkarietan argitaratzen direla, eta horrek zenbaiti esanaraziko dio, beharbada, komikia ez dela artea eta, beraz, ez dezakeela eskolan lekurik eduki. |
| Aurkakoarekin negoziazioa |
Ulertzekoa da, beraz, zenbait irakaslek komikiei buruz iritzi zorrotzak botatzea. |
| Lotura lerroaldea
(ikus Testugintza atala)
|
Baina, akatsak akats, epai leunagoa merezi du komikiak. Gazte guztien artean hainbeste arrakasta izateak esan nahi du baduela benetako interesa. |
| Norberaren argudioak |
Lehenbizi, irudia erabiltzen duenez, zinea eta telebista hobeto estimatzen lagun dezake. Gero, bestalde, nobelak irakurtzeko presta dezake, istorioak bi generoetan antzera samar garatzen direnak baitira (intriga, pertsonaiak, deskribapenak). Azkenik, komikia ez da arbuiagarria egunkarietan azaltzeagatik. Arte bizia ez da museotan aurkitzen. Denen eskura egoten da. |
| Ondorio nagusia |
Arestian esandakoaren haritik argi ageri da dudarik gabe aldatu behar direla gazteak eta helduak hainbeste grinatzen dituen fenomeno bati buruzko hainbat iritzi[ Vinner] . |
Nola azaldu?
Gauzak-eta nola funtzionatzen duten azaltzeko garaian, hainbat laguntza eskaini behar zaizkio irakurleari. Segidako bi adibideotan ikus daiteke zertan datzan irakurleari laguntza eskaini ala ez. Erdarazkoa ez dago antilinguan idatzia, halere euskarazkoa egokiagoa da, irakurleari hainbat laguntza eskaintzen dizkiolako, azalpena errazago ulertu ahal izateko.
A) AZALPENA: irakurleari laguntza gutxi eskaintzen dio
|
ENAJENACIÓN DE UN BIEN PATRIMONIAL.
Los bienes patrimoniales de los Ayuntamientos son los que le pertenecen pero no están destinados a un uso o servicio público.
Son los únicos que el Ayuntamiento puede enajenar.
El objetivo de de la venta es obtener ingresos. No pueden enajenarse, salvo alguna excepción, para financiar gastos corrientes (los de personal y, en general, los que no aumenten el patrimonio del Ayuntamiento ).
Debe seguirse un procedimiento concreto para la venta :
- Corresponde al Pleno del Ayuntamiento la facultad de enajenar si el valor de los bienes excede del 10 por 100 de los recursos ordinarios ( recursos habituales por operaciones corrientes) del presupuesto. En otro caso, el Pleno puede delegar en la Comisión de Gobierno.
- Cuando el valor del bien exceda del 25 por 100 de los recursos ordinarios del presupuesto deberá pedirse autorización por el Ayuntamiento a la Diputación correspondiente, y si no se rebasa ese porcentaje sólo se le dará cuenta.
- Siempre es preciso, previamente a la enajenación, depurar la situación física y la situación jurídica del bien, e inscribirlo en el Registro de la Propiedad. Asímismo han de valorarse los bienes, para acreditar su justiprecio, es decir, su valor en venta; esto se hace mediante informe de un técnico.
- La forma de enajenarlos es mediante la subasta pública.
|
B) AZALPENA: hainbat laguntza eskaintzen dizkio irakurleari
|
UDAL ONDAREKO ONDASUNAK SALTZEA
1) Zein dira udal-ondareko ondasunak?
Udalak baditu ondasun batzuk herritarren zerbitzurako edo herritarrek erabili ahal izateko: azoka-plaza, esaterako. Hauek ezin ditu saldu, jakina.
Beste ondasun batzuk, baina, ez dira herritarrek erabiltzeko, eta saldu ahal ditu udalak, pinudi bat, esaterako: horra udal-ondareko ondasunak.
2) Zertarako saldu ahal ditu udalak ondasunak?
Diru gehiago izateko, inbertsiotarako edo.
Oharra: aparteko kasuak kenduta, ezin du udalak ondasunik saldu gastu arrunta (soldatak, konparazio batera) finantzatzeko asmoz.
3) Zer egin behar du udalak ondasuna saldu aurretik?
Ondasunaren egoera fisikoa (neurriak, mugak...) argitu eta garbitu.
Ondasunaren egoera juridikoa argitu eta garbitu.
Jabetza Erregistroan ondasunaren izena eman, eman gabe balego.
Udal-teknikariak ondasunari balioa ezarri, dirutan.
4) Nola saldu behar du udalak ondasuna?
Aparteko kasurik ez bada,
enkantean, hau da, subastan.
5) Zein dira aparteko kasuak?
Soberako lurzatiak.
Erabilerarik gabeko ondasunak.
Beste ondasunen trukean emandako ondasunak.
6) ...?
|
ondareko ondasuna: saldu ahal dena ("bien patrimonial")
inbertsioa: zerbitzuren bat eskaintzeko asmoz, gastu arruntaz aparte udalak gastatzen duena; adibidez, kiroldegia eraikitzea
gastu arrunta ("gasto corriente"): honako lau hauek osatzen dutena:
1. soldatak; 2. funtzionamendu-gastuak; 3. diru-interesak; eta 4 aurreko hiru gastuen ordainetan, inori emandako diru-laguntzak
egoera juridikoa: legearen aurrean, ondasuna zer den eta nola dagoen adieraztea: zein den lurzoruaren kalifikazioa; ea ondasuna hipotekaturik dagoen...
ondasunaren izena ematea: Erregistro Liburuan ondasunaren izena eta bestelako datuak jasotzea ("inscribir")
soberako lurzatia: sobran dagoen lur muturra ("parcela sobrante")
Nola definitu?
Kualitate- nahiz datu-zerrenda bat agertzeko modu unibertsal bat zera da: lehenik kualitatea orokorra jarri (beltzean datorrena) eta ondotik zehaztuz joan. Segidako adibideok dira esanaren eredu:
Hura zen gizon bat, euskalduna, jatorra, apala, eskuzabala... eta inoiz ere gezurrik esango ez zizuna.
Hori da gauza bat, saltzen ez dena eta erosten ez dena, baizik eta jaiotzetik ikasten dena (Atano X.ak telebistan esana)
Gainera, ez da berdin adituentzat definitu edo herritarrentzat. Ikusi, bestela, segidako bi adibideok:
A) DEFINIZIOA: adituentzako definizioa
administrazio-auzigaietako errekurtso (recurso contencioso-administrativo). Erreklamazio judiziala da, errekurtso arruntak administrazio-bidean aurkezteko aukera amaituta, administrazio-auzigaietako justizia--organoei aurkezten zaiena; legearena baino beheragoko maila duten administrazio-xedapenen aurka jar daiteke; baita administrazioaren egintzen aurka ere, administrazio-zuzenbidekoak badira.
B) DEFINIZIOA: herritarrentzako definizioa
Administrazio-auzigaietako errekurtsoa da erreklamazio bat, epaileari egiten zaiona, administrazioarekin (udal, foru-aldundi...) izandako auzia erabakitzeko.
Nola arautu?
Ematen ditugun arauek eskuarki funtzionatzen dute hartzaileari jokaeraren bat (azpimarratuta datoz lan hori antolatzen duten baliabideak) eginarazten diogunean. Era horretako diskurtsoek arautu nahi den auzia edo arazoa (beltzean datoz lan hori antolatzen duten baliabideak) izan ohi dute ardatz. Segidako adibidea da esanaren eredu:
Goizuetaco errico ordenanza municipalac (1897)
Erri ontaco Ayuntamentuac formatu ditu ordenanza berriac eta izandu dira aprobatuac Naparroco Gobernadoreac illabete onen amabostean eta dirá modu onetan.
Lendabicicoa. Iñorc idequi nay baldinbadu caperic, tabernaric, edo huespedetaco echeric escatuco dio licencia errico Alcateari eta echez mudatzen diranean emango dute avisua Autoridadeari.
Bigarrena. Debecatua guelditzen da establecimentu oyetan ostatu ematea, alperrari, Desertoreari eta bide gaistoan dabilzan gende guciari.
Hirugarrena. .../. Edocin circunstancic edo casoz iduritcen bazayo errico Autoridadeari ordu oyec mudatu biar dirala, ematen dio Ayuntamentuac escua berari iduricen zayon moduan mudatcecoa.
Azterketa egin ahal izateko, adibidez, arauak ematen zaizkio ikasleari, ariketak egiterakoan nola jokatu behar duen jakin dezan. Era horretako arauak ematen ditugunean, kontuan hartzekoak dira, besteak beste, segidako puntuok:
1.- Oroz gainetik, ezarrarazi nahi dugun jokaera zehaztu eta nabarmendu behar dugu (ez eman alferrikako araurik!).
2.- Jokaera bat baino gehiago ezarrarazi nahi baditugu, bereiz ditzagun banan bana.
3.- Jokaeraren bat zigortzen bada, azaldu zein den zigorra.
4.- Jokaeraren bat galarazi nahi bada, erabili ezezkoa.
5.- Jokaeraren bat arrazoitu nahi badugu, adierazi lehenik jokaera eta ondotik arrazoia.
6.- Jokaera hitzez adierazteaz gain, erabili adibideak, irudiak...
Ikusi bi adibideon arteko aldea.
A) ARAUAK: ez dituzte arestiko sei puntuak betetzen.
AZTERKETA EGITEKO ARAUAK
1.- Galderak arretaz irakurri, eta ahalik eta ondoen erantzun.
2.- Galderek launa eratzun dituzte. Egokiena erantzun orrian (Zuzentzeko alea izenkoan) aukeratu.
3.- Galdera bakoitzak erantzun bakar bat du.
4.- Erantzuna ematerakoan nahastu egin bazara, erantzun okerrari gurutze bat egin, eta zuzenari zirkulu bat.
5.- Azken galderaraino iristean, galdera guztie erantzun diezula ziurtatu.
6.- Azterketa anonimoa da eta zuzendu ere era horretan zuzenduko da. Beraz, erantzun orrietan ez da ezer jarri beharko, ez izenik, ez ENAren zenbakirik...ez ezer.
B) ARAUAK: arestiko se puntuak betetzen dituzte.
AZTERKETA EGITEKO ARAUAK
1.- Irakurri astiro galdera guztiak, lehen galderari erantzuten hasi baino lehen.
2.- Erabili Zuzentzeko alea izeneko inprimaki gorria, galderei erantzuteko.
3.- Galderek launa aukera dituzte (A, B, C, D). Inguratu borobil batez ontzat jotzen duzun aukera: A
4.- Ez jarri bi borobil galdera berean. Txartzat joko da bi borobil dituen galdera.
5.- Erantzuna ematerakoan nahasturik, borobila nahi ez zenuenari ezarri badiozu, gurutze bat ezarri beharko diozu nahastuta jarritako borobilari: A
6.- Guztira 20 galdera dira. Birpasatu galdera guztiak, azterketa amaitzean, denei ere erantzun diezula ziurtatzeko.
7.- Ez jarri Zuzentzeko alea izeneko inprimaki gorrian inolako datu pertsonalrik: ez izenik, ez ENAren zenbakirik... ezta ezer ere. Azterketa anonimoa izaki, zuzendu ere era horretan zuzenduko baita.
Nola egin elkarrizketa?
Elkarrizketak funtzionatzen du solaskideok elkarren artean testua osatzen dugunean. Era horretako diskurtsoek galdera izan ohi dute ardatz.
Epaiketetan, esaterako, berebiziko garrantzia dute galderek. Are gehiago legeak arautu egiten du epaiketetan nola galdetu behar zaion aitortzaileari: beroni egingo zaizkion galderak izango dira "argiak eta zehatzak, eta baiezko zentzuan eginak".
Bestalde, egoeraren baten informazioa jasotzeko modurik egokienetariko bat galderen bidez jasotzea izan ohi da.
A) INKESTA: informazioa eskatzen du, baieztapen bat eginez.
Orientabide-zerbitzuaren koordinazioaren aldizkotasuna: .....................................
B) INKESTA: informazioa eskatzen du, galdera bat eginez.
Noiezero egiten da orientabide-zerbitzuaren koordinazioa?:...................................
Interpretatzerakoan, zeri begiratzen diogu,
hitzez hitzeko egiari ala igorlearen nahiari?
Komunikazioan "esangabeko hitzarmen bat" betetzen da igorlearen eta hartzailearen artean: alde batetik, igorleak pentsatzen du hartzailea haren "intentzioa" asmatzen saiatuko dela; bestetik, hartzaileak badaki igorleak zer espero duen: haren intentzioa asmatzea. Hitzarmen horren adierazgarri dira hiztunak sarritan esan ohi dituen era honetako esaldiak: "Eta ez itzazula hartu nire hitzak hitzez hitz, zuk badakizu-eta, nik zer esan nahi dudan!"
Konbentzio horren arabera, komunikazioak ez du beti egia-gezurra bikotearen bidez funtzionatzen: esan bezala guztiaren gainetik, igorleak transmititu nahi duenari begiratzen baitzaio. Adibidez, demagun bi lagun elkartu direla, eta batak besteari zera esaten diola: "Joxe eta Andoni ikusi ditut elkarrekin. Joxek trena hartu du." Kasu horretan mundu osoan zera ulertzen da: Andonik trena ez duela hartu, zeren hartu izan balu, igorleak hartzaileari ez baitzion datu hori ezkutatuko. Hortaz, posible da konbentzio unibertsal hori hautsirik, egiaren bidez iruzurra transmititzea. Adibidez, Andonik ere trena hartu izanagatik, lehengo esaldi bera esango bagenu, egia esanda iruzurra transmitituko genuke, konbentzio unibertsal hori hautsiko genukeelako.
Hitzez hitzeko egiaren bidez transmititutako iruzurrari buruz, badu Pio Barojak gertatutako kontu eder bat bere "Memorias" liburuan. Barojak berak dioenez, ez du konfidantza handirik "aristokraziaren kontu horrekin" eta adibidetzat bere arbaso bati gertatutakoa kontatzen du. Hona gertatutakoa, Barojaren liburuan oinarriturik:
Pioren arbasoren batek Donostiako alkate izan nahi omen zuen, baina orduko arauek agintzen zutenez, "aitonen seme" izan behar zen alkate izendatzeko, eta arbaso hori ez izan aitonen seme. Arbaso horrek Baroja Polloe zituen deiturak; eta hala, egun batez, hara non jotzen duen idazkariarengana, bere arazoari irtenbideren bat aurkitu nahian. Zer egiten du idazkariak? Pioren arbasoa Polloe izeneko jauregira eraman [ gaur egun hilerria dagoen tokian zegoena, eta Barojatarrekin zerikusirik ez zeukana] , eta zera agintzen dio: "Igo eskailerara" [ "eginkizun" hartarako idazkariak berak eraman omen zuen eskailera, eta jauregiko hormen kontra-edo jarri zuen] , "Orain jaitsi eskaileratik". Arbasoak agindutakoa egin zuenean, era honetan idatzi omen zuen ziurtagiria "...doi fe de que [ arbasoaren izena] desciende en linea recta de la noble casa de Polloe". Piok era honetan ematen dio amaiera gertakizun hari: "Eta egia zen. Horra, nola egin zen nire arbaso hura Donostiako alkate."
Administrazioan ere, hitzak informatzeaz gain
ekintzaren bat ere ‘egin’ dezake
Badira zenbait hitz edo formula, baldintza jakin batzuetan esanez gero (egoera jakin batean, modu jakin batean, dagokionak dagokionari esaten badio) informatu baino areago ekintzaren bat egiten dutenak. Adibidez, lekukoak epaitegian, modu jakin batean erantzuten duenean "Bai, zin egiten dut egia esatea". Formula hori esanez lotu egiten du lekukoak bere burua egia esateko konpromezuarekin.
Formula horiek, hortaz, ezin dira edonola aldatu. Are gehiago, zenbait konstituziok ezarri ohi dute lehendakariak zin egitean erabili beharreko formula, edo legeetan jarri beharreko aginduzko formula, zin egite horrek nahiz lege horrek indarrik izan dezan.
Administrazioan ere, nola liteke hitz batek esanahirik ez izatea?
Administrazioan iraganeko beste testuinguru batean sortutako hitz batzuk gorde egiten dira sinbolotzat. Adibidez, duela ehun urte "El Rey sancionará las Leyes" esaldiak zera esan nahi zuen: erregek legeak berraztertuko ditu.
Gaur egun, aldiz, sanción hitzak ez du garai bateko esanahirik, eta zenbait adituen ustez ez zaio esanahi berririk eman behar, hau da hitz hori monarkiaren sinbolotzat hartu behar da, esanahirik ez duen sinbolotzat, alegia.
Administrazioan ere, testuinguruaren arabera esaldi
berak oso esanahi ezberdina izan dezake
Eskolan matematikako klasean irakasleak ikasleari "Zenbat dira bi eta bi?" galdetzen badio, ikasleak "lau" erantzungo dio. Aldiz, bi ardo eta bi pintxo hartu ondoren bezeroak galdera bera tabernan egiten badu, tabernariak "berrehun" erantzungo dio. Administrazioan ere beste hainbeste gertatzen da. Adibidez, "Aktak jaso beza nik esana" esaldiak esanahi ezberdinak ditu segun eta nork non esaten duen:
1.- Zinegotziren batek udalbatzaren osoko bilkuran esanez gero, esaldi horren bidez zinegotziak agindua ematen dio idazkariari, hark esana jasotzeko.
2.- Legebiltzarkideren batek legebiltzarrean esanez gero, zerbait azpimarratzeko baino ez du erabili legebiltzarkideak: legebiltzarreko aktetan ez baita hitzez hitzeko esanik jasotzen; hitzez hitzeko esana beti jasotzen baita aldizkarian (akta eta aldizkaria ez dira gauza bera), legebiltzarkideak hala agindu ala ez.
Testuinguruaren balioa
"Zeren arabera interpretatzen dugu mezua?" izeneko atal honetan azaldutakoaren arabera, garbi dago administrazioan ere begiratu behar diogula testuinguruari, igorleak transmititu nahi digunari antzik emateko. Hau da, kontuan hartu behar ditugu, besteak beste:
1.- Nor ari den hitz egiten.
2.- Zein rol ari den betetzen.
3.- Non ari den hitz egiten.
4.- Noiz ari den hitz egiten; nori eta abar.
Hortaz, ez da nahikoa hiztegia eta gramatika erabiltzea, segidako bi arrazoi hauek direla medio:
1.- Hiztegiek ezin dituzte testuinguru guztiak jaso.
2.- Gramatika-egitura berak esanahi ezberdinak (horietako batzuk ez dira ezta hiztegietan ere azaltzen) izan ahal ditu testuinguruaren arabera.
Administrazioan, nor da "ni"?
Segidako hiru hauek ez dira bat eta gauza bera:
1.- Testua idatzi duen pertsona.
2.- Testuan agertzen den "ni" izenordainak ordezkatzen duen pertsona.
3.-Ni izenordainak esandakoaren erantzukizuna duen pertsona nahiz erakundea.
Adibidez, segidako testu-egilea funtzionarioren bat (edo batzuk) da; "ni" izenordainak lehendakaria ordezkatzen du, eta lehendakariak esandakoaren erantzukizuna duena legebiltzarra da. Horregatik, lehendakari berria izanagatik, legeak indarrean dirau.
Azaroaren 24eko 10/1982 oinarrizko LEGEA, Euskararen erabilpena arauzkotzezkoa.
Euskadiko Herri osoari, Legebiltzarrak azaroaren 24eko 10/1982 "Euskararen Erabilpena Arauzkotzezko Oinarrizko" Legea, onartu duela jakinarazten zaio. Beraz, hori bete eta betearazi dezatela agintzen diet Euskadiko herritar guztiei.
Gasteizen, 1982garreneko azaroaren 24ean
Lehendakaria,
CARLOS GARAIKOETXEA URRIZA (sic)
Hortik atera ahal ditugun ondorioak hauexek izan litezke:
1.- Administrazioko hainbat idazki publikoak dira, itxuraz pertsonalak iruditu arren.
2.- Administrazioko hainbat idazkietan, "ni" ez da pertsona, kargua baizik; erakunde baten ordez ari den kargua, hain zuzen.
3.- Administrazioko hainbat idazki ezin dira idatzi duenaren gustura aldatu: erakundea baita idazkian adierazitako mezuaren erantzukizuna duena (horrek ez du esan nahi hobebeharrez-edo aldatu ezin direnik).
4.- Administrazioko idazki batek zutik dirau, baita izenpetu duen pertsona karguari uzten dionean ere.
Kontuz, ahots asko testu berean sartu gabe!
Administrazio-hizkerak kontrolatu egin behar du nork nori zer esaten dion.
Segidako adibidean, besteen ahots asko pilatu dira, eta azkenerako zail da jakiten nork nori zer esaten dioen.
A) JAKINARAZPENA:ahots bat baino gehiago sartu du, bereiztu gabe.
Idazkaria naizen aldetik, alkateak honako hau erabaki duela JAKINARAZTEN DIZUT:
Informazio-batzordeak, teknikarien txostenei jarraituz, egindako segidako proposamena onartzea ERABAKI DUT:
1.- Jarduera martxan jarri ahal izateko obrak egiteko baimena eskatzaileari ematea.
2.- Obra horiek zuzentzeko neurrien arabera egin behar izatea.
3.- Udal-tasak eskatzaileak ordaindu behar izatea, baimen honek indarrik izan dezan.
4.- Obra horiek amaitu ondoren, udaleko teknikariak baieztatzea, eskatzaileak nola bete dituen zuzentzeko neurriak.
B) JAKINARAZPENA:ahots bakarra erabili du
Idazkaria naizen aldetik, Informazio-batzordeari jarraiturik, alkateak honako hau erabaki duela JAKINARAZTEN DIZUT:
1.- Jarduera martxan jarri ahal izateko obrak egiteko baimena
zuri ematea.
2.- Obra horiek zuzentzeko neurrien arabera egin behar dituzula.
3.- Udal-tasak ordaindu behar dituzula, baimen honek indarrik izan dezan.
4.- Obra horiek amaitu ondoren, udaleko teknikariak baieztatzea, nola bete dituzun zuzentzeko neurriak.
Noiz bikoiztu geure burua, eta noiz ez?
Gure izenean zerbait izenpetzen dugunean, adibidez, ez da komeni geure burua bikoiztea bi arrazoi hauek direla medio:
1.- Sinesgarritasun handiagoa du norberak aitortutakoak, lehen pertsonan idatziz gero.
2.- Hirugarren pertsonan idatziz gero, nahasmendua sor daiteke, batez ere, beste laugarren baten esana ere jasotzen denean.
Alderatu segidako bi adibideok:
A ADIBIDEA: bere burua bikoiztu du, beharrik ez dagoenean
Behean izenpetzen duenak, Andoni Pérez Pérezek, honako hau adierazten du: martxoaren 10ean alkatearekin hitz egin zuela, eta egun hartan ezzuela Informazio-batzordeak egindako proposamenaren berri [ nork ez zuen erabakiaren berri, alkateak ala behean izenpetzen duenak?] .
B ADIBIDEA: ez du bere burua bikoiztu du, beharrik ez dagoelako
Nik, Andoni Pérez Pérezek, honako hau adierazten dut: martxoaren 10ean alkatearekin hitz egin nuela, eta egun hartan ez nuela Informazio-batzordeak egindako proposamenaren berri.
Aldiz, sinatzailea rol jakin bat betetzen ari delarik, testuan zehar berriro beste rol bat betetzen azaltzen denean, komeni da sinatzailearen burua bikoiztea. Alderatu segidako bi adibideok:
A ADIBIDEA: ez du bere burua bikoiztu du, hartarako beharrik egonda
Alkateak galdetu dit ea aurrekontua egina dagoen, eta nik baietz erantzun diot [akta sinatzailea aldi berean kontuhartzailearen rola ari da betetzen. Alkateak kasu horretan kontuhartzailea den aldetik galdetu dio, eta ez akta-idazle den aldetik] .
B ADIBIDEA:bere burua bikoiztu du, hartarako beharrik zegoelako
Alkateak kontu-hartzaileari galdetu dio ea aurrekontua egina dagoen, eta honek hari baietz erantzun dio.
Nola jaso besteek esana?
Administrazioan, zenbaitetan jaso egin behar izaten da zuzeneko estiloaz besteen esana: hor daude, adibidez, legebiltzarreko bilkura-aldizkariak... Kasu horietan ere ez da hitzez hitzeko esana jaso behar, baizik eta gramatika aldetik zuzendu eta erakundeak aukeratu duen hizkuntza-estandarrera egokitu behar dugu ahozko jarduna. Era horretan jokatzeko arrazoirik bada, bat honako hauxe izan liteke: lehen adierazi bezala, administrazio-idazkiak ez dira pertsonalak, publikoak baizik. Alderatu segidako bi adibideok:
A ADIBIDEA: hitzez hitz hartu du, idazkia publikoa izanda
Ba, enago konforme zukin. Leno-re eiñ ziñun gauz bera, eta enao prest oain bigarren aldiz neri aarra jotzeko, zergatikan zu bezalako kargudun batek begirune gehiyo eta ausardi gutxiyo euki behar du [ legebiltzarreko bilkura-aldizkaria] .
B ADIBIDEA: esana hizkuntza estandarrera egokitu du, idazkia publikoa delako
Bada, ez nago konforme zurekin. Lehenago ere egin zenuen gauza bera, eta ez nago prest orain bigarren aldiz niri adarra jotzeko, zergatik zu bezalako kargudun batek begirune gehiago eta ausardi gutxiago eduki behar du.
Zer da segurtasun juridikoa?
Hizkera ilunaren erabilera justifikatu nahian-edo, sarritan segurtasun juridikoa aipatu da aitzakiatzat. Horregatik ikusi dugu beharrezko, termino horren esanahia argitzea.
Espainiako Konstituzioak berak aipatzen du segurtasun juridikoa; 9.3. artikuluan aipatu ere. Segurtasun juridikoaren esanahiari dagokionez, Konstituzio Auzitegiaren bi epaietan dator zehazturik.
Konstituzio Auzitegiaren bi epai horien arabera, bataz, ezkontezinak dira anbiguitatea eta segurtasun juridikoa.
"La exigencia del art. 9.3. C.E. [ Espainiako Konstituzioa] relativa al principio de seguridad jurídica implica que el legislador debe perseguir la claridad y no la confusión normativa, debe procurar que, acerca de la materia sobre la que legisle, sepan los operadores jurídicos y los ciudadanos a qué atenerse, y debe huir de provocar situaciones objetivamente confusas [ Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 1990eko martxoaren 15eko epaia] "
"Resulta inexcusable en este contexto el esfuerzo del legislador, tanto estatal como autonómico, por alumbrar una normativa tributaria abarcable y comprensible para la mayoría de los ciudadanos a los que va dirigida, puesto que una legislación confusa, oscura e incompleta, dificulta su aplicación y, además de socavar la certeza del Derecho y la confianza de los ciudadanos en el mismo, puede terminar por empañar el valor de la justicia [ Espainiako Konstituzio Auzitegiaren 1990eko urriaren 4ko epaia] "
|