LERROALDEA
Lerroaldea komunikazio idatziak gure ideiak egituratzeko eta fisikoki egoki banatzeko eskaintzen digun bidea dugu. Testuari ekin aurretik prestatutako ideia-zerrendak edo lehendabiziko oharrak nahiko nahasiak eta, batzuetan, eduki eta itxura ilunekoak izan ohi dira. Errepikapenak, borobildu gabeko ideiak, hitz solteak, hutsuneak, etab. gertatu ohi dira. Idazten duenak garbitu egin behar izaten ditu horiek guztiak, ideia egokienak aukeratuz, ordenatuz, hutsuneak borobilduz... hau da, testuari egitura jakina eman behar dio egileak.
KONTUAN IZAN LERROALDEA TESTU-UNITATEA DELA
Testuak ideiak egoki antolatuta aurkeztu behar ditu, irakurleek inolako arazorik gabe ulertu ahal izateko: lerroaldeak informazio-unitatea osatzen du. Alderatu bi testu hauek:
A idazkia
Andre hori:
Gutun honekin batera doaz zuzendaritza honetan azken urteotan Pedagogi Berrikuntzaren inguruan egindako ikerketen ondorioz bildu diren materialak; izan ere, erdaraz idatzita egoteak eragozten baitu eskuliburu bat elebietan argitaratzeko dagoen asmoa eta, hori dela eta, beren itzulpena behar-beharrezkoa ikusten da. Beraz, Itzulpen Zerbitzu Ofizialaren laguntza aldez aurretik eskertuz, bidaltzen dira gaztelaniaz dauden material hauek euskarara ahalik eta lasterren itzultzeko. Argibide gehiagorako zuzendaritza honetara deitu daiteke.
Besterik gabe, agur.
|
B idazkia
Andre hori:
Azken urteotan zenbait ikerketa egin dugu zuzendaritza honetan Pedagogi Berrikuntzaren inguruan eta, material horiek bildurik, liburu elebidun bat argitaratzea da gure asmoa.
Jasotako testu gehienak gaztelaniaz daudenez, gutun honekin batera bidaltzen dizkizut, ahalik eta lasterren euskara ditzazuen.
Argibide gehiago behar izanez gero deitu, mesedez, gure zerbitzura.
Besterik gabe, agur.
|
B idazkia ulergarriagoa da, besteak beste, mezuaren funtsa nabarmendu egin dugulako, ideiak bereizi ditugulako eta ez ditugulako esaldiak alferrik harrotu.
ERABILI LERROALDEAK IRAKURLEAK ERAKARTZEKO
Lerroaldeak testuaren barruan identitate grafikoa du (Cassany, 1995, 83.orr.). Horrek, dudarik gabe, testuaren ulergarritasuna erraztu egiten du (edo zaildu, gaizki erabiliz gero).

A bezalako testu baten aurrrean, irakurleak atzera egiten du, lerroalde luzeegiek testua trinkotu egiten dutelako. Hartzaileak ez du astirik izaten egituraketaren lana bere gain hartzeko.
Kontrako egoera, hau da, C testua, ez da askoz hobea: hainbeste lerroalde labur jartzeak loturarik gabeko ideia zerrenda hutsa dugula adieraz lezake; ez dirudi hor argudio sendorik egon daitekeenik. Oraingoan, irakurleak ideien arteko lotura eraiki behar du.
D testua da seguru asko mesfidantza handiena sortarazten duena, lerroalde luzerak oso desberdinak direlako. Horrek egiturarik gabeko testua dela adieraz lezake.
Oro har, B aukeratuko genuke, orriarekiko lerroalde kopuru egokiena berak duelako eta, gainera, lerroaldeak luzera berdintsukoak direlako.
ORO HAR LERROALDE BAKOITZEAN IDEIA NAGUSI BAKARRA ADIERAZI
Testua antolatzerakoan, orokorrean, lerroalde bakoitzean ideia nagusi bakarra adieraztea gomendatzen da:
Droga-menpekotasuna lehen mailako arazoa da, Euskal Autonomia Erkidegoan eragin handia duena. Gainera, gertakizun, datu eta ikerketek garbi azaltzen dute talderik pobreenak direla drogen munduan errazen erortzen direnak eta, gehienetan, horiexek izan ohi direla menpekorik nagusienak.
Beraz, drogaren aurkako talde honen iritziz, Gobernuak irtenbideak bilatzen hasi beharko luke. Eta hauexek dituzu, gure taldearen ustez, abiapuntu egokiak diren proposamenak: |
Horrek ez du esan nahi idazkian aurrera egin ahala, testua hobeto antolatzeko edo garatu nahi dugun ideia nagusiari dagokion garrantzia emateko, lerroalde bakar batean aurretik erabakitako baino ideia gehiago bildu ezin direnik, edota ideia bakarra lerroalde gehiagotan garatu ezin denik. Honela, aurreko testua ulergarria eta koherentea bada ere, lehenengo lerroaldea borobiltzeko, ideia nagusiari azalpen moduko zerbait gehi diezaiokegu; are gehiago, lehenengo lerroaldean adierazitako ideia nagusiari indarra emateko, berau garatuko duten beste lerroalde batzuk erabil ditzakegu: lerroalde paraleloak.
ERABILI LERROALDE PARALELOAK IDEIEI INDARRA EMATEKO
Droga-menpekotasuna lehen mailako arazoa da, Euskal Autonomia Erkidegoan eragin handia duena. Gainera, gertakizun, datu eta ikerketek garbi azaltzen dute talderik pobreenak direla drogen munduan errazen erortzen direnak eta, gehienetan, horiexek izan ohi direla menpekorik nagusienak [ ideia nagusia] . Horrela, dirurik gabeko gazteek bakar-bakarrik egin behar diote aurre itxaropenik gabeko etorkizunari, hau da, laguntza gaitu eta profesionalik gabe, droga uzteko gauza ez izatearen ondorio den etorkizunari [ ideia nagusia garatzeko erantsitako ideia] .
Gaur egun droga-menpekotasuna euskal gizartearen arazorik kezkagarrienetakoa da. Eta horixe erakusten du, adibidez, Eusko Jaurlaritzako Droga Gaietarako Idazkaritzak 1993. urtean egindako azterketak; ikerketa horren arabera, euskal gizartearen ehuneko laurogeita hamaseik garrantzi handia edo nahikoa ematen dio arazo horri. Baita iaz, urrian, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritzak egindako azterketak ere, emaitzek adierazten baitzuten droga-menpekotasuna zela, ekonomi krisiarekin batera, euskal herritarrak gehien kezkatzen zituen gaia [ ideia nagusiari indarra emateko adibideak] .
Eta droga-menpekotasuna dela-eta egindako azterketek diotenari buruz, euskal gizartea ez da baikorregia ageri, eta ez du uste arazo hori hurrengo urteetan konponduko denik; eta horixe diote lehenago aipatutako azterketetako emaitzek. Azterketen arabera, euskal biztanleriaren ehuneko berrogeita bostek ez du uste legez kontrako drogak hartzearen arazoa konpondu denik ezta larriagotu denik ere, eta ehuneko hogeita batek zertxobait okerrera jo duela uste du [ adibideek erakusten dituzten datuak] .
Beraz, drogaren aurkako talde honen iritziz...
|
Egia da egileak ez duela ezer "berririk" erantsi baina zehaztasun handiagoz eman du aditzera ideia nagusia eta, ondorioz, irakurleari lana arindu eta berak nahi izan duen bidetik eraman du bere arreta.
SARRERA ETA BUKAERAKO LERROALDEAK IDEIA NAGUSIARI LOTUTA IDATZI
Ondo egituratutako idazkiak bi lerroalde nagusi izaten dituela esan dezakegu: sarrera eta bukaerako lerroaldeak. Biek egon behar dute gainerakoekin eta ideia nagusiarekin egoki lotuta. Zeregin garrantzitsuak betetzen dituzte: egileak defendatu nahi duen tesia agertzea, testu osoa laburtzea...
Oso gutxira arte gehienok pentsatzen genuen ingurugiroaren alde lan egitea bigarren mailako kontua zela. Gaur egun, ordea, denok onartzen dugu planetaren batez besteko tenperaturaren igoerak ondorio larriak eragiten dituela.
Egia da jasaten ari garen berotze global hau orain ehun urteko kontua dela. Baina denok dakigu joera honen punturik gorena berrogeita hamargarreneko hamarkadan izan zela, gizakia bera berotegi-efektua eragiten duten gasak edonola botazen hasi zenean. Iritzi honekin bat datoz eszeptikoenak ere.
Gertakari hauek, gainera, ezagunak dira gure ingurune hurbilenean. Egia bada ere Pazifikoko lurralde askok larrialdi-egoera dekretatu dutela planeta berotzen aritzearen ondorioz sor daitezkeen uholdeen aurrean, egia da, era berean, gure herria kalteak izan ditzakeen eremuen artean dagoela.
Argi dago, beraz, neurriak hartzen hasi behar dugula; izan ere, guri dagokigu honelako arazoei aurre egitea eta, horren ondorioz, ekitea.
Zenbait erakundek botatzen den karbono dioxidoa gutxitzea gomendatzen dute dagoeneko. Eta gomendio hau bat dator alor honetan adituak diren zientzialariek gauzatutako ikerlan eta txostenekin.
Azaldutako guztia kontuan hartuta, planetaren batez besteko tenperaturaren igoerak eragiten dituen ondorioak gutxitzeko, adituek gomendatutakoaren arabera moldatu beharko ditugu gure energia planak. Energia planak aldatzea funtsezkoa da, batez ere kontuan hartzen badugu aurrerantzean gero eta karbono dioxido gehiago botako dela aurreikusten dutela plan hauek.
|
SARRERA LERROALDEETAN HITZ KLABEAK SARTU
Adiskide hori:
Dakizunez, 1995-96 ikasturtean zehar udalak eskolaz kanpoko ekintzak antolatu ditu, herriko ikasleen artean euskararen erabilera areagotzeko. Udan ere denon artean euskaraz egin dezagun, hainbat ekintza prestatu ditugu zuretzat. Aukera zabala bezain interesgarria denez, ziur gaude zure gustukoren bat aurkituko duzula: igeriketa-ikastaroak, dantza ikastaroak, arrantza-txapelketak eta txangoak.
Igeriketan ez badakizu ezin egokiagoa izango da zuretzat aurtengo udako ikastaro hau. Parte hartu nahi baduzu, zatoz lehenbailehen udaletxera izena ematera, adinaren araberako taldeak egin ahal izateko.
Gehien gustatzen zaizuna dantzan egitea baldin bada, dantza berriak ikasteko edota dakizkizunak hobetzeko aukera izango duzu dantza-ikastaro hauetan. Eta ausartzen bazara, kanpoko dantzaren bat ezagutuz gero, zu zeu izan zintezke irakasle!
Arrantzan dakizula? Zatoz portura ekainaren 29an goizeko 10etan, igandero izango baititugu arrantza-txapelketak kategoria ezberdinetan. Zuk tokia aukeratu eta... ahalik eta gehien harrapatu! Izugarrizko sariak ditugu parte hartzaile guztientzat.
Honez gain, larunbatero txangoak egiteko asmoa dugu. Zuk nora joan nahi zenuke? Bota zure ideiak datorren larunbatean goizeko hamaiketan izango dugun bileran, eta denon artean erabakiko dugu zein toki berri ezagutu!
Udarako antolatu ditugun ekintza guztietan parte har dezakezu nahi izanez gero. Eta euskara erabiliz, lagun gehiago lortu eta hobeto pasako duzu uda!
Laister arte.
|
ERABILI LOTURA LERROALDEAK
Irakurleari gauzak erraz ulertarazteko eta ideia nagusi batetik bestera eroso igarotzeko erabiltzen dira lotura lerroaldeak, batez ere testu luzeetan.
Tolosan egingo den polikiroldegiak zenbait baldintza bete beharko ditu. Inguruko kirol-eremu garrantzitsuena izango da eta, ohiko zerbitzuak eskaintzeaz gain, kalitatea ere izan beharko du helburu.
Alde batetik, oinarrizko zerbitzuak izan beharko ditu, hala nola, harrera eta kontrol zerbitzua, aldagelak, biltegiak, botikina eta kafetegia. Bestetik, oso garrantzitsuak diren bestelako zerbitzuak ere hartu beharko lituzke: erabilera askotako gimnasioak eta saunarako gelak. Aukeran, eman nahi zaion erabileraren arabera, honako instalazio hauek ere jar daitezke: kirol zerbitzuko bulegoak, bilera-gela, proiekzio-gela eta kirol-liburutegia.
Ondoren, premien arabera eta egin daitekeen inbertsioa kontuan izanda, hona hemen nik proposatutakoa:
Oinarrizko zerbitzuei dagokienez...
Garrantzitsuak diren bestelako zerbitzuak...
Aukerakoei gagozkiela...
|
ZAINDU LERROALDE BARRUKO ORDENA
Lerroaldea ez da esaldi-multzo hutsa; alderantziz, bertan adierazten diren esaldiak ideia batera biltzen dira. Beraz, lerroalde barruko antolaketa zaintzea nahitaezko gertatzen da, testua ulergarria izango bada. Lerroaldea bera antolatzeko modu bat honako hau izan daiteke:
| Lerroalde barruan zenbait elementu ezberdintzen dira: hasiera bera, ondorioa, garapena, testu-antolatzaileak, etab. Elementurik garrantzitsuena lehenengo esaldia izaten da eskuarki: lehenengo irakurtzen dena da eta, beraz, ideia nagusiari ematen dio sarrera [ lerroalde honetan etzanaz doana] . Era beran, azken esaldiak lerroaldea itxi egin dezake iruzkin orokorren bat eginez edo datu garrantzitsuren bat berreskuratuz [ lerroalde honetan azpimarratuta doana] . Tartean, gaia garatzen duten zenbait esaldi, batzuetan testu-markadoreen bidez egituratzen direnak [ lerroalde honetan beltzez idatzitakoak] , agertzen zaizkigu. Hala ere, lerroaldeek gutxitan izaten dituzte elementu horiek guztiak batera. Oro har, euretako bat edo batzuk besterik ez zaizkigu agertuko. (Cassany, 1995, 85. orr.). |
IDEIAK GARATZEKO ONDOEN DATORKIZUN GARABIDEA AUKERATU
Ideiak antolatzeko eskema ugari daude. Administrazio-idazki gehienetan nahasturik agertzen bazaizkigu ere, orokorrean honakoak aipa ditzakegu: zergatia eta ondorioa adieraztea, gaia kronologikoki azaltzea, egoera orokorrenetik hasi eta xehetuz joatea, egoera deskribatzea...
Zergatia eta ondorioa
Azken bileran hitz egindakoari jarraituz, droga-menpekotasunari buruz zuek egindako proposamena onartu egingo dugu [ ondorioa] , beharrezkotzat jotzen dugulako alde guztien adostasuna aztertzen ari garen gai honetan [ zergatia] .
Kontua da gizatalde askok beharrezkotzat jotzen dutela... [ zergatia] .
Gure ustez, arazo hau ezin da konpondu elkarren arteko loturarik ez duten neurrien bidez, aitzitik, gizarte osoaren, erakunde guztien eta teknikari gaituen iritzia jasotzea nahitaezkoa dugu... [ zergatia] .
Guztien inplikazioa bilatu behar honek batzorde tekniko bat sortzeko eskaera egitera eramaten gaitu, batzorde tekniko honek txosten baten bidez zehaztu egin beharko lituzke eskaerak eta beharrak. Guztia aztertu eta gero, Eusko Jaurlaritzak, irabazteko asmorik gabeko elkarteekin batera, beharrezko ikusten dituen neurriak hartuko lituzke [ ondorioa] .
Beraz, azken urte hauetan gertatu izan ohi den bezala, Eusko Jaurlaritzak ongi-egite horretan jarraitu behar duela uste dugu. Eta horretarako, une honetan dagoen egoerari erantzun egokiak eman behar zaizkiola pentsatzen dugu, aurretik aipatutako talde eta erakunde guztien laguntzarekin, Droga Gaietarako Idazkaritza Nagusiaren koordinazioaren menpe [ ondorioa] .
|
Gaia kronologikoki azaltzea
Erabakia, 1996ko maiatzaren 2koa,
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko
zuzendariarena
Honen bidez adierazten dugu Adolfo Arrien Larrañaga ezin dela aurkeztu 1996ko martxoaren 10eko Erabakiaren bidez dei egindako hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko azterketetara.
1. 1996ko martxoaren 8ko Erabakiaren bidez, hizkuntza eskakizunak egiaztatzeko azterketetarako deia egin genuen. Erabaki hori 1996ko martxoaren 18an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
2. 1996ko martxoaren 18an azterketa egiteko eskabidea aurkeztu zuen Adolfo Arrien Larrañagak, baina ez zuen egiaztatu Euskadiko Herri Administrazioko funtzionario ala lan-kontratuko langile finkoa den, deialdiaren bigarren oinarrian hala araututa bazegoen ere.
3. 1996ko apirilaren 1ean funtzionario ala langile finkoa den egiaztatzeko eskatu genion eta, horretarako 10 egun eman.
|
Egoera orokorrenetik hasi eta xehetuz joatea
Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bidalitako agindu-egitasmoak 1996ko Urruzuno Literatur Lehiaketa deitzen du. Lehiaketa horretan 1995-96 ikasturtean Irakaskuntza Ertainetan diharduten ikasleek hartu ahal izango dute parte.
Deialdi hori aurreko urteetako dirulaguntza-programa baten jarraipena da; eta irizpide eta baldintza berdinekin egiten da aurten ere...
Urruzuno Lehiaketako sariak honako hauek dira: saritu bakoitzarentzat, bidai agentzia batek antolatutako 10 eguneko bidaia eta 35.000 PTA, bidai gastuetarako.
Sari horiek ordaintzeko 3.900.000 PTA erabiltzeko asmoa dago eta Ekonomi Kontrolerako Bulegoak kreditu egokia eta nahikoa dagoela egiaztatu du.
Diru-kopuru hori bi multzotan banatuta dago. Alde batetik... eta bestetik...
Diru-kopuru horietatik aparte, lehiaketa honek beste gastu batzuk ere izango ditu, hots, epaimahaikideei ordaindu beharreko gastuak eta irabazleei ematen zaien oroigarria esate baterako.
Gastu horien guztien zenbatekoak sailak aurkeztu duen laburpen-txostenean azaltzen dira...
Beste aldetik,... indarrean dauden dirulaguntzei buruzko arauak... uztailaren 8ko 2/1987 Legearen Hirugarren Xedapen Gehigarrian eta maiatzaren 30eko 1/1991 Legearen 31. atalean... jasotzen dira funtsean.
Arau horiek kontuan izanik esan dezakegu honako deialdiak aipatutako legeek ezarritako irizpideak errespetatzen dituela... Horrela, bada, sari hauen zenbatekoa zehaztuta dago.
Azkenik,... ez dugu honi buruzko oharpenik egingo.
|
Deskribapena
| UDALBATZA OSOAK 1996ko MARTXOAREN 4an EGINDAKO OHIZ KANPOKO BILKURAREN AKTA
Alkate Udalburua
Zinegotziak
Idazkaria
Durangon, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseiko martxoaren 4an, arratsaldeko zazpietan, areto nagusian bildu dira goian aipatutakoak gaurko deituta dagoen ohiz kanpoko bilera egiteko.
Alkateak osoko bilkurari hasiera eman eta honakoak aztertu dira:
1. Idazkariaren lanpostua, estaturako gaikuntza dun funtzionario batek betetzeko oinarriak onartzea.
2. Honako ezaugarri hauek dituen lanpostu berria sortzea:
LANPOSTUA: estatistika eta zerbitzu administraria
LANPOSTU KOPURUA: 1
LANPOSTU MOTA: A
BETETZEKO ERA: oposizio-lehiaketa
MAILA: 11
OSAGARRI ESPEZIFIKOA: 89.678
DEDIKAZIOA: osoa
ESKALA: AO
AZPIESKALA: AOA
HIZKUNTZA ESKAKIZUNA: 2
DERRIGORREZKO EGUNA: 1992-05-28
ESKATUTAKO TITULAZIOA: goi-mailako batxilergoa
|
Kasu bakoitzean ikusi behar da zein ordenak errazten duen gehien ulergarritasuna. Halaz guztiz, aukeratzen den lerroalde-antolaketari dagokionez, oro har, lehenengo lerroaldea da testua finkatzen duena. Ezinbestekoa da, hortaz, lehenengo lerroaldea idazteko garaian, arreta berezia jartzea. Administrazioan, oro har, lehenengo gertatutakoak, zergatiak, etab. ematen ditugu, eta horien ostean, ondorioa edo laburpena. Testu osoa irakurri arte, beraz, irakurleak ez du jakingo egileak nora eraman nahi duen.
AHAL DELA, IDAZKIAREN INFORMAZIORIK GARRANTZITSUENA AURRETIK JARRI
| 1993ko ekainean A gertatu zen. Zuzendariak arazo hori ikertzeko eskatu zuen, eta ikerketak B, C eta D azaldu zituen. B era honetan landu da... Cren inguruan egindakoak ondorioak ekarri dizkio Eri. Dren gainean ezer egin baino lehen Sailburuaren Kabinetearen Zuzendaritzari eskatu beharko zaio aholkua. |
Idazki honen bidez, 1996ko maiatzaren 26an HAEEko zuzendariak hartutako erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkezten dut. Hona arrazoibideak:
1. A...
2. B...
3. C...
|
ERABILI IZENBURU ETA AZPI-IZENBURUAK
| 1995eko maiatzaren 12ko EHAAn, EAEko Administrazio Orokorreko langileentzako 1995-1996 ikasturterako euskarako ikastaroen deialdia argitaratu zen. Euskalduntze eta alfabetatzeko ikastarook, karrerako funtzionarioei, lan-kontratuko langile finkoei, bitarteko funtzionarioei eta lan-kontratuko aldi baterako langileei eskaintzen zaizkie. Hautaketa egiteko orduan, kontuan izango dira EAEko administrazioko langileen lan-hitzarmenak ezartzen dituen lehentasun-irizpideak, aurrekontuaren arabera. Ikastaroak bi motatakoak izan daitezke: barnetegikoak eta ordukakoak. Oñatiko barnetegiko ikastaroak, irailaren 1etik otsailaren 3ra izango dira. Ordukakoak hiru eratakoak izan daitezke. Batetik, bost ordukoak edo trinkoak (08:00-13:30), urriaren 3tik ekainaren 23ra bitartean. Bestetik, hiru ordukoak (08:00-11:00 edo 11:00-14:00), irailaren 20an hasi eta ekainaren 23an amaituko dira. Eta, azkenik, bi orduko ikastaroak, euskalduntze edo alfabetatzeko ikastaroak izan daitezkeenak. Euskalduntzeko ikastaroei dagokienez, goizez zein arratsaldez egingo dira (11:00-13:00 edo 15:00-17:00); goizekoak urriaren 3an hasi eta ekainaren 2an bukatuko diren bitartean, arratsaldekoak, berriz, irailaren 20an hasi eta ekainaren 1ean amaituko dira; alfabetatzekoak ere goizez zein arratsaldez izango dira (08:00-10:00 eta 15:30-17:30), hasiera eta amaierako egunak euskalduntzeko ikastaroetarako adierazitakoak izanik. Gasteizen goizez egingo diren ikastaro guztiak, berdin da zenbat ordutakoak diren, ordu erdi beranduago hasi eta amaituko dira. Interesatuak, hiru lurraldeetako HAEEren egoitzetan edota norberaren saileko Zerbitzu Zuzendaritzan har dezake ikastaroetan parte hartzeko eskabidea. Hor azaltzen diren datu guztiak bete ondoren, Gasteizko HAEEra bidaliko du eta kopia norberaren saileko Zerbitzu Zuzendaritzara. Eskabideak jasotzeko epea maiatzaren 17an hasi eta ekainaren 14an amaituko da. Norberaren saileko Zerbitzu zuzendariaren esku dago baimena ematea. Behar izanez gero, azterketa egingo zaio eskatzaileari, zein euskara-maila duen jakiteko. Mailaketa-azterketarako deia eginez gero, eskatzaileak ezinbestez egin beharko du. Eskatutako taldea osatzen ez bada, HAEEk matrikula-orria bidaliko dio langileari, Zerbitzu Zuzendaritzaren bitartez, aukerako euskaltegi publikoan edo pribatu homologatuan eskolaratu ahal izateko. |
|
EAEko Administrazio Orokorreko
langileentzako euskarako ikastaroak
1995-96 ikasturtea
(EHAA, 1995eko maiatzaren 12koa)
Norentzakoa
- Karrerako funtzionarioak.
- Lan-kontratuko langile finkoak.
- Bitarteko funtzionarioak.
- Lan-kontratuko aldi baterako langileak.
Baimena emateko, EAEko administrazioko langileen lan-baldintzen hitzarmenari eta aurrekontuari begiratuko zaie.
Ikastaroak
Oñatiko Barnetegia
Irailak 1-otsailak 3.
Bost ordukoak
Urriak 3-ekainak 23, 08:00-13:30 (Gasteizen ordu erdi bat beranduago).
Hiru ordukoak
Irailak 20-ekainak 23, 08:00-11:00 eta 11:00-14:00 (Gasteizen ordu erdi bat beranduago).
Bi ordukoak
Urriak 3-ekainak 2 (goizez), irailak 20-ekainak 1 (arratsaldez).
11:00-13:00 eta 15:00-17:00 (euskalduntzea). (Gasteizen, goizez, ordu erdi bat beranduago).
08:00-10:00 eta 15:30-17:30 (alfabetatzea). (Gasteizen, goizez, ordu erdi bat beranduago).
Eskabideak
* Non hartu? Hiru lurraldeetako HAEEren egoitzetan eta norberaren saileko Zerbitzu Zuzendaritzan.
* Noiz bidali? Maiatzaren 17tik ekainaren 14ra bitartean.
* Nora bidali? Gasteizko HAEEra, eta kopia norberaren saileko Zerbitzu Zuzendaritzara.
Saileko Zerbitzu zuzendariaren baimena behar da.
Mailaketa-azterketa
Behar izanez gero, azterketa egingo zaio eskatzaileari, zein euskara-maila duen jakiteko. Mailaketa-azterketarako deia eginez gero, eskatzaileak ezinbestez egin beharko du.
Oh.: Eskatutako taldea osatzen ez bada, HAEEk matrikula-orria bidaliko dio langileari, Zerbitzu Zuzendaritzaren bitartez, aukerako euskaltegi publiko edo pribatu homologatuan eskolaratu ahal izateko.
|
Izenburu eta azpi-izenburuen bidez, eta testua osorik irakurri gabe, irakurleak informazioa azkar eta erraz aurki dezake.
bibliografia
Lerroaldegintza
CASSANY, Daniel. Describir el escribir. Cómo se aprende a escribir. Barcelona, Paidós, 1991.
CASSANY, Daniel. La cocina de la escritura. Barcelona, Anagrama, 1995.
EZEIZA, Joseba; LEKUONA, Maite; ALTUNA, Eli. Esalditik testura. Euskaraz trebatzen. Donostia, Gaiak, 1995.
Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntzerako Erakundea. Euskaldunak euskaran jazten. Sortuz. Donostia, HABE, 1994.
Institute for International Research. Cómo mejorar su comunicación escrita. Cuaderno de trabajo. Madrid, 1996.
MARTÍN VIVALDI, Gonzalo. Curso de redacción. Del pensamiento a la palabra. Teoría y práctica de la composición y del estilo. Madrid, Paraninfo, 1982.
SERAFINI, María Teresa. Cómo redactar un tema. Didáctica de la escritura. Barcelona, Paidós, 1989.
SERAFINI, María Teresa. Cómo se escribe. Barcelona, Paidós, 1994.
VAN DIJK, TEUN A. Texto y contexto. Semántica y pragmática del discurso. Madrid, Cátedra, 1988.
ZOCK, Michael. Arianaren haria. Donostia, HABE, Itzulpen Saila 31, 1992.
WATSON, Richard A. Democracia americana. Logros y perspectivas. México, Limusa, 1989.
ZENBAIT EGILE. Hizkera argiaren bidetik. Vitoria-Gasteiz, HAEE, 1994.
|