Testua berrikusi eta zuzendu
Testua frogatu
Testua berrikusi eta zuzendu
Idazle orok berrikusten du bere lana: berrikustea, alegia, idazkia besteen ikuspuntutik irakurtzea da. Egileak jakin egin behar du informazioa egokiro azaldu duen, edota idazkiaren diseinua irakurlearentzako erakargarria den.
Dena dela, idazleari oso zaila egiten zaio bere burua irakurlearen lekuan jartzea eta haren esperientziak eta ikuspuntuak ulertzea. Horregatik, hain zuzen ere, berrikusketa ezinbestekoa da: irakurlearen erantzuna aurrez jakitea baita.
Asko dira testu bat behar bezala zuzentzeko aintzat hartu beharreko irizpideak. Ikas ditzagun horietako batzuk.
Gramatika
Ortografia.
Morfologia eta sintaxia.
Ba al dago esaldi luze eta korapilatsurik?
Egilea izkutatzen duten adizki asko sartu al ditut?
Izenak eta ekintzak gertu al daude?
...
Hiztegia.
Ondo azalduta al daude termino teknikoak
Alferreko hitzik ba al dago? Eta erredundantziarik?
Irakurleak ulertuko al ditu erabili ditudan hitz hauek?
...
Kohesioa
Puntuazioa lagungarria al da?
Behar bezala erabili al ditut testu-markatzaileak?
Garbi geratu al dira esaldien arteko loturak, hierarkizazioa eta abar?
...
Koherentzia
Ideia garrantzitsuenak jaso al ditut?
Informazioa orden logikoan eman al da?
Argi dago atalen eta azpiatalen arteko erlazioa?
...
Egokitasuna
Errespetatu al dira irakurleen ezaugarriak (euskalkia, erregistroa...)?
Kontuan izan al dut testua non argitaratuko den? Eta nola irakurriko den?
...
Diseinua
Lerroaldeak erabiltzen al dira?
Izenburu eta azpi-izenbururik bai?
Irakurleak informazio espezifikoa erraz aurki dezake?
Letra-mota, neurriak, margenak... egokiak al dira?
...
Testua frogatu
Idazkia irakurgarria den jakiteko biderik onena frogatzea da. Hau ez da azken momentuan soilik egin beharreko lana, hasieratik egin behar dugun gauza baizik.
Nola aztertu
Norbaiti galdetuz: irakurle izango den bati erakutsi behar diogu idazkia bere iritzia eman dezan. Lagun bati bakarrik erakutsiz gero, hurbilketa gisa erabiliko da azterketa.
Askori galdetuz: Bakar bati galdetzea baino seguruagoa da, iritzi eta ikuspegi ezberdinak jasotzeko aukera ematen duelako.
Taldea erabiliz: seitik hamarrera bitarteko lagun-taldea erabiltzea da beste aukera. Jendea iritzia emateko irrikitan dago, bestela badirudi ere. Pertsona horiek kanpokoak nahiz administrazio barrukoak izan daitezke, eta taldea eratu ondoren, zenbait datu bildu behar ditugu: adina, heziketa, lanbidea, interesak...
Taldea nola erabili?
Lehendabizi, idazkiaren helburua eta edukia azaldu behar dizkiegu argi eta garbi taldekoei. Ondoren, taldeak askatasun osoz eztabaidatuko du gaia. Agian, eztabaida guk nahi dugun tokira eramateko, lagungarria izan daiteke aldez aurretik galdetegia prestatzea. Eztabaida horretan ez du parte hartu behar egileak. Gaiaren inguruan egon daitezkeen gaizki-ulertuak aurkitzea da helburura, ez gaia bera eztabaidatzea.
Irakurleentzako azterketak
Azterketa hauek irakurleentzat dira, eta irakurri ondoren informazioa zenbateraino jaso duten neurtzeko balio dute.
Parafrasia: testua azaltzeko eskatuko diegu irakurleei.
Jendaurreko irakurketa: irakurleak ozenki irakurriko du eta komentarioak egingo. Horrela, arazoak non dauden, adibideak non gehitu, antolaketaren nondik-norakoak etab. ikusiko ditugu.
Ariketak: testuko gaiei buruzko ariketak jarriko ditugu, irakurlea informazioa erabiltzeko gai den ala ez egiaztatzeko. Adibidez, telefono-sistema berria azaltzeko argibideak argi dauden jakiteko galdera hauek egin ditzakegu:
Dei berean aritu daitezke lau lagun batera?
Zer egin behar da memorian zenbakiak gordetzeko?
Terminologiari buruzko galderak: testuko hitzak eta laburdurak ulergarriak ote diren jakiteko, aproposa da galdetegia. Tankera honetako galderak egin ditzakegu:
Zer da deiak desbideratzea?
a.- Deia beste mikrotelefono batean jasotzea.
b.- Zauden tokitik beste dei bati erantzutea.
c.- Deia beste zenbaki batera pasatzea.
Abiadura-azterketak: irakurleak zerbait aurkitzeko zenbat denbora behar duen neurtzen du azterketa-mota honek. Zailtasunak toki askotatik etor daitezke: gaizki idatzita egotea, izenburu esanguratsuen falta, arduragabeko diseinua...
Sistema-azterketak: erakunde barruko administrariek ere dokumentuak irakurri eta erabili egiten dituzte. Dokumentu berria sortzerakoan, laguntza handikoa izango da horiengana jotzea.
Diseinuarekiko jarrera: irakurleei diseinuari buruzko iritzia eska diezaiekegu, balizko aldaketak egin baino lehen.
Idazkiari buruzko azterketak
Akatsak: askotan administraziokook ez ditugu kontuan hartzen irakurleek inprimakiak betetzerakoan egiten dituzten errakuntzak, errakuntza horiek zailtasunak eta oztopoak azaltzen dituzten arren. Akats guztiak atal jakin batean badaude, garbi dago atal hori aldatu egin beharko dugula. Batez-besteko akats-kopurua %5 baino handiagoa baldin bada, inprimakia txartzat jo behar da.
Azteketa linguistikoak: azterketa hauen bidez, hizkuntza-arazoak konponduko ditugu. Lan hori hizkuntza kontuetako aditu batek egin dezake, baina, gaur egun programa informatikoen laguntza dugu, zenbait hizkuntzatan behinik behin.
Cloze-azterketak: testuko hitz batzuk kentzen dira, 5 edo 7tik bat, eta, ondoren, irakurleek hutsuneak bete behar dituzte. Irakurleek betetako hitz zuzenen ehunekoak erakutsiko digu idazkiaren ulergarritasuna. Azterketa hauek irakurlearen ulermena neurtzen dute, eta lexikoaren eta ideien argitasunaren adierazgarri dira.
|