2. Idazterakoan...
Administrazioan, zehaztasunaren atxakiatan, esaldiak eta egiturak puztu, luzatu, eta trinkotzeko ohitura izan da. Sarritan trakestu ere egin dira. Ondorengo puntuetan hainbat arazoren berri emango dugu eta baita argibideak eskaini ere, ahal den neurrian, arazo horiek saihesteko.
Perpaus txertatuek esaldia iluntzeko arriskua dute
Administrazioko hizkeran, sarritan, zail da esaldi nagusia aurkitzea, perpaus txertatu gehiegi datozelako nahasian. Buruan gaztelaniazko testu-ereduak ditugulako gertatzen da hori, ia beti. Azter dezagun, bada, ondorengo egoera:
Halako erakunde batek iturburuetako ura aztertzea erabaki du. Erabaki hori zer dela-eta hartu duen azaltzeko, honako testua idatzi du:
Bestalde, jendeak beti uste izan du, eta orain ere horrela uste du, iturburu horietako ura ezin hobea dela eta, horrela, osasun-kontrolik gabeko iturburuak izateak osasunerako dakarren arrisku nabariaz gainera, iturri horietaz informaziorik ez badu erabiltzaileak ¾ eta bere ustearen kontrakorik sinestu ere ezin badu¾ , nahitaezkoa da ura behar bezala aztertzea, jendeari nolakoa den argi eta garbi azaldu ahal izateko.
Horren partez, ez al da egokiagoa bigarren hau?:
Bestalde, jendeak beti uste izan du, eta orain ere horrela uste du, iturburu horietako ura ezin hobea dela. Jakina da osasun-kontrolik gabeko iturburuetako ura arriskutsua dela osasunerako; arriskutsuagoa jendeak iturri horietaz informaziorik ez badu, eta are arriskutsuagoa betiko ustearen kontrakorik sinestu ere ezin badu. Horrela, bada, ura aztertu egin behar da jendeari nolakoa den argi eta garbi azaldu ahal izateko.
Betelanak alferrik puzten du testua
Euskaraz idazten ditugun esaldi girringolatsu edo gantzagiz beteak gaztelaniatik egindako itzulpenak dira, paperean egindako itzulpenak edo buruan egin eta paperera pasatutakoak. Esaldian hiru mailako osagaiak izan ditzakegu: esaldiari esanahia ematen dioten oinarrizko elementuak (nork, zer, nori eta ekintza); joskerak beharrezko dituenak (deklinabide-atzizkiak, juntagailuak...) eta bestelako osagaiak, zenbaitetan ezer berririk adierazten ez dutenak (adberbioak, adjetiboak, finkatutako esamoldeak eta abar).
Esaldi laburra, hitz ulerterraza, ezaguna eta denek dakitena baztertu egiten da, askotan, administrazioko idazkietatik, arruntak-edo direlakoan. Betelanera jotzen dugu ez dugulako sinisten hitz batek soilik, are gutxiago egunerokoa bada, hitz-katea baten informazioa eman dezakeenik. Arazoa erraz konpon daiteke erabili ohi ditugun esaldiak zorrotz hartzen baditugu eta gauza berririk esaten ez duten hitzak kentzen: aditzaile onari hitzak urri.
Betelana adierazpide errepikakorretan antzematen da batez ere; hau da, esaldi edo hitz bi baino gehiago erabiltzen dugunean bakar batez eman daitekeena adierazteko.
Tautologiak
Mezua errepikatu egiten dute; beraz, bat kendu egin daiteke ezer galdu gabe. Adibidez:
Oinarrizko eta funtsezko osagaiak Funtsezko osagaiak
Berez eta besterik gabe Besterik gabe
Gehiegizko elementuak
Ohituraren ohituraz, esanahi bakarra duen hitzari informazio berririk ematen ez duen modifikatzailea erasten diogu, pertinentea izan gabe. Modifikatzaile hori alferrekoa da, eta enfasia eman nahian-edo erabiltzen badugu ere, testua arrazoirik gabe astundu eta luza dezakegu. Adibidez:
Denbora-tarte handia izan da azken bileratik hona.
Tarte handia izan da azken bileratik hona.
Izandako esperientziak erakusten digunez,...
Esperientziak erakusten digunez,...
Ikuspegi berezi horretatik gauzak bestela ikusten dira.
Ikuspegi horretatik gauzak bestela ikusten dira.
Izen abstraktuak
Erdararen eraginez, eta gure esaldiak halako dotoreziaz jantzi nahian, hitz abstraktuak lotzen dizkiegu, beharrik gabe, hitz konkretuei. Hitz abstraktu horiek, gehienetan, sobera daude. Adibidez:
Administrazioaren mundua aldatzen ari da egunetik egunera.
Administrazioa aldatzen ari da egunetik egunera.
Beti izan behar dugu kontuan kostuaren faktorea proiektuak egiteko orduan.
Beti izan behar dugu kontuan kostua proiektuak egiteko orduan.
Informazioa errepikatzea (azalpen bikoitza)
Ezaguna edo jakina dena behin eta berriro errepikatzen dugu, behin esanda nahikoa izan arren. Adibidez:
Orain dela gutxi egindako ikerketa batzuek erakutsi dutenez, gure erakunde honetara sartzen den hainbat idazkik sarrera-zenbaki bi izaten ditu. Bikoiztasun hori beharrezkoa ez dela ikusirik, idazki berari sarrera emateko aukera eskaintzen duen sistema aldatzeko behar diren neurriak hartu beharko liratekeela irizten diogu: hori da lanak bitan ez egiteko bide bakarra.
Hemendik aurrera, beraz, Zerbitzu Orokorretan, eta ez beste inon, emango zaie sarrera idazkiei.
Gauza bera esateko ikusi ondorengoa:
Ikerketa batuzek erakutsi dutenez, erakunde honetara sartzen den hainbat idazkik sarrera-zenbaki bi izaten ditu.
Hemendik aurrera, beraz, Zerbitzu Orokorretan bakarrik emango zaie sarrera idazkiei.
Esaldi laburregiak, batzuetan, oztopo dira
Esaldi laburrak, normalean, ulergarriagoak izaten dira luzeak baino. Horrek ez du esan nahi esaldi labur guztiak ondo ulertzen direnik, segidako kasuak lekuko:
Kapitalen begiz jotako askeagotze-maila gainditzea lortu da.
Hona diru-ekarpenetatik kenduko zaizkien korriturik gabeko aurrerakinak.
Era berean, ideiak eta kontzeptuak ez daude isolaturik, lotuta baizik. Beraz, esaldi laburrak errazago ulertzen direla esaten dugunean, ez dugu esan nahi telegrama moduan idatzi behar denik.
Azken finean, beti egitura eta luzera bereko esaldiak eta lerroaldeak erabilita, irakurlea aspertu besterik ez dugu egingo. Esaldi eta lerroaldeen erritmoarekin jokatu behar dugu, hasieratik bukaeraraino irakurlearen arretari eusteko.
Jarraian datorren adibidean esaldi labur gehiegi dago, eta, horren ondorioz, ideien arteko lotura ahulegia da:
Oraintxe bertan jaso dut dei bat. Román Lópezen deia. Datorren astean itzuliko da oporretatik.
Ez omen du azterketara aurkezteko aukerarik. Azterketa atzeratzeko eskatu du.
Mezu bera malgutasun handiagoz emanda:
Román Lópezek telefonoz gaur bertan esan didanez, ezin da azterketara aurkeztu, datorren astera arte oporretan izango delako; hori dela eta, azterketa atzeratzeko eskatu du.
Aposizioek segidan traba egin dezakete
Erdarazko testu asko eta asko trinko eta aposizioz beterik zabaltzen dira jendaurrera. Euskaraz eman behar eta, euskaraz sortzen ari garelakoan, mimesiz-edo, horrelako gauzak idatzi ohi ditugu:
Udal honetako museo-batzordeari, 1995ean museoa antolatzeko, zaintzeko eta bideratzeko sortu eta ordutik orain arte diru-baliabide urriz, baina giza baliabide aberatsez, arazoak sortu-ahala gainditu ez ezik, arazoetatik bide berriak urratzeko eta aurrera egiteko gaitasunez eta kemenez hornitu eta bere motako batzordeen eredu bilakatu denari, ondo merezitako omenaldia, hala ere, ez merezimenduen parekoa, ezina baita, egitea erabaki dute zinegotzi guztiek aho batez.
Ia-ia hitz berak, baina testua askoz ere naturalagoa:
Udal honetako museo-batzordeari omenaldia egitea erabaki dute zinegotzi guztiek aho batez.
1995ean sortu zen batzordea museoa antolatzeko, zaintzeko eta bideratzeko. Ordutik hona diru-baliabide urriak izan ditu, baina baliozkoak, horratik, giza baliabideak.
Arazoak sortu ahala gainditu ez ezik, bide berriak urratzeko eta aurrera egiteko gaitasunez eta kemenez hornitu da, arazoei esker hain zuzen: museo-batzordeen eredu bilakatu da.
Ondo merezitako omenaldia izango dugu; hala ere, ez merezimenduen parekoa, ezina da eta.
Antzeko ideiak egitura paraleloetan ematea komeni
Eremu bereko edo gai beraren inguruko ideia-multzoa eman behar denean, egituran koherentzia gordetzea komeni da; hau da, lagungarri da deklinabide-atzizki bera erabiltzea, nominalizazio bat eta bakarra izatea eta ideiak sakabanatuta ez gelditzeko moduren batez baliatzea. Esaterako, ondorengo adibidean hiru gauza eskatzen dira lehiaketa batera aurkezteko: nortasun-agiria, curriculuma eta gida-baimena. Ikusi nondik nora doan esaldia:
Eskabidearekin batera bidali beharreko agiriak honako hauek dira: nortasun-agiria eta curriculuma.
Era berean, interesatuak gidatzeko gai dela frogatu beharko du gida-baimenaren bidez.
Hori irakurrita baten batek uler dezake bi agiri aurkeztu behar dituela, eta gidatzeko gaitasuna beste nolabait frogatu behar duela. Hona, egitura paraleloa erabiliz, informazioa:
Eskabidearekin batera bidali beharreko agiriak honako hauek dira:
1.- Nortasun-agiria.
2.- Curriculuma.
3.- Gida-baimena.
Bestalde, egitura paraleloak erabilita, informazioa zerrendan eta banan-banan eman behar dugunean, kontuan izan behar dugu zenbait deklinabide-atzizki nekagarri izan daitekeela, besteak beste, begietarako. Adibidez:
HAEEk era honetako ikastaroak antolatu nahi ditu datorren urtean:
1.- Laneko komunikazioa eta pertsonarteko harremanak lantzekoak.
2.- Herri-administrazioko bulegoetan teknologia berriak sartzekoak.
3.- Giza gaitasunetan trebatzekoak.
4.- Jendeari harrera egitekoak.
5.- Taldean lan egitekoak.
Norentzat:
1- Aurreko maila burutu dutenentzat.
2- EAEko administrazio orokorreko A eta B taldeetako teknikarientzat.
3- Kontabilitateko zereginetan dihardutenentzat.
Horrelakoetan, esaldi nagusia zertxobait moldatzen badugu, zerrendako elementuak NOR kasuan, eta, beraz, errazago, azalduko zaizkigu:
Hona HAEEk datorren urtean antolatuko dituen ikastaroak:
1.- Laneko komunikazioa eta pertsonarteko harremanak.
2.- Herri-administrazioko bulegoetako teknologia berriak.
3.- Giza gaitasunak.
4.- Jendearekiko harrera.
5.- Talde-lana.
Ikastarora joan daitezkeenak:
1.- Aurreko maila burutu dutenak.
2.- EAEko administrazio orokorreko A eta B taldeetako teknikariak.
3.- Kontabilitateko zereginetan dihardutenak.
Zenbait kasutan malgutasunez joka dezakegu eta esaldi nagusian deklinabide-atzizki bat jarri eta zerrendako elementuetan NOR kasua. Jakina, ziurtatu egin behar dugu ez dela gaizki-ulertzerik izango:
Hitzaldiak hainbat tokitan izango dira:
- Miramar Jauregia (Donostia).
- HAEEko egoitza (Bilbo).
- Europa biltzar aretoa (Gasteiz).
Galdera bikoitzak saihestu egin behar dira
Galdetegietako zenbait galderatan bi ideiari erantzuteko eskatzen da. Adibidez:
18 urte baino gehiago dituzu eta B-1 gida-baimena daukazu? BAI / EZ
Zer erantzun behar duzu 19 urte izan eta B-1 gida-baimenik ez baduzu? Horrelakoetan galdera aldatzea komeni da. Hona proposamenak:
18 urte baino gehiago dituzu? BAI / EZ
Ba al daukazu B-1 gida-baimena? BAI / EZ
Baiezko esaldiak hobe ezezkoak baino
Errazago ulertzen ditugu baiezko esaldiak ezezkoak baino. Nahiago dugu esatea zer egin behar dugun eta ez zer ez dugun egin behar (esaldi hau berau da esan nahi dugunaren adibide garbia).
Ezezko esaldiek, oro har, indarra kentzen diete gure idazkiei; zalantza-kutsua ere sor dezakete gure irakurleengan. Ikusi ondorengo esaldiak:
Ezin duzu azterketarik egin, NAN aurkezten ez baduzu.
Azterketa egiteko, NAN aurkeztu behar duzu.
Garbi dago errazago ulertzen dela bigarren esaldia. Dena dela, ezezko perpausak baliagarriak izan daitezke subordinazio-marka eta aditza bera aurreratzeko aukera ematen dutelako. Adibidez:
Lana garaiz ateratzeko kanpoko laguntza behar dugu, ez baitago behar beste jenderik zerbitzuan.
Lana garaiz ateratzeko kanpoko laguntza behar dugu, zerbitzuan behar baino jende gutxiago baitago.
Ukapen gehiegi jarraian
Segidan ezezko esaldi asko idazten badugu, irakurlea nahastu besterik ez dugu egingo. Esate baterako:
Izendatutako hizkuntza-eskakizuna betetzen dutela egiaztatu ez dutenak baino ez dira aurkeztuko azterketa horietara. Era berean, salbuetsiak ez daudenak ere, ez dira deialdi honetatik kanpo geldituko.
Testu horrek lanak ematen ditu, ukatzailez josita dagoelako. Baiezkoan emanez gero, berriz, lehenengoan uler daiteke:
Izendatutako hizkuntza-eskakizuna egiaztatu behar dutenak aurkeztuko dira azterketa horietara. Salbuetsiak, ordea, deialdi honetatik kanpo geratuko dira.
Galdetegietako ezezko esaldiak
Behin eta berriro errepikatu dugu herritarrari argi eta erraz eman behar zaiola informazioa. Eskatzerakoan ere, beste honenbeste egin behar dugu, eta, horretarako, ezezko esaldi batzuk baztertu eta baiezko bihurtu beharko ditugu, batez ere, galdetegietan. Zer erantzungo zenuke bigarren baieztapena irakurriz gero?:
HAEEk antolatutako ikastaroetan parte hartu duzu: BAI / EZ
Zure zerbitzuak ez dizu eragozpenik jarri ikastaro horietan parte hartzeko: BAI / EZ
Noiz erabili ukapena
Esandakoa gorabehera, debekuren bat eman behar dugunean, ezezkoa da garbiena.
Ez erre
Ez belarrik zapaldu
Ez paperik bota
Izenaren ordez aditza erabil daiteke
Administrazioko hizkeran abstrakziorako joera dago; izen ugari erabiltzea da joera horren erakuslerik nabarmenena.
Hala ere, ezin dugu ahaztu administrazioak ekintzen bidez gauzatzen dituela bere egitekoak: agintariek agindu egiten dute, idazmakinaren aurrean dagoenak idatzi, irakasleek irakatsi... Ekintza horiek denak adierazteko aditzak behar ditugu.
Badakigu aditz horietatik izenak ateratzen direla: agintera, idazketa, irakaskuntza... Horrek ez du esan nahi, ordea, aditzak bazter utzi eta izenak bakarrik erabili behar ditugunik, administrazioak egin ohi duen bezala.
Hau bezalako esaldiak eguneroko bihurtu zaizkigu administrazioan:
Herri-administrazioek behar diren jarduerei ekingo diete iturrietako uraren bilketarako, ur-sarearen antolaketarako eta bai etxeetako, bai industrietako ur-hornidurarako ere; hau da, uraren kudeaketaren eta erabilpenaren hobekuntza orokorrerako.
Horren partez, ez al da naturalagoa honako hau?
Herri-administrazioek behar diren lanak egingo dituzte iturrietako ura biltzeko, ur-sarea antolatzeko eta etxeak nahiz industriak urez hornitzeko, hau da, ura ahalik eta ondoen aprobetxatzeko eta erabiltzeko.
Edo beste hau?
Herri-administrazioek iturrietako ura bilduko dute, ur-sarea antolatuko eta etxeak nahiz industriak urez hornituko dituzte; hau da, behar diren lanak egingo dituzte ura ahalik eta ondoen aprobetxatzeko eta erabiltzeko.
Egilea izkutatzen duten formak baztertu egin behar dira
Administrazioak egiten dituen gauza guztien atzean baten bat dago: izena eta kargua duen norbait, alegia. Administrazioan nor edo nork egiten ditu egin beharrekoak, baina beti norbaitentzat. Bi horiek, egilea eta hartzailea edo idazlea eta irakurlea, izkutatu eta gorde egiten dira. Modu asko dago egilea zein den ez antzemateko: aditza hirugarren pertsonan (jakinarazten da, honen berri ematen da), egitura pasiboak (aztertua izan da...), erakundea jotzea egiletzat (zuzendaritza/sail/udal honek erabaki du).
Hartzailearen kasuan gauzak ilunago daude. Hirugarren pertsonan idazten diogu gehienetan, eta gainera, arazoa areagotzeko, nahasteko bide ematen duten izenak ematen dizkiogu: administratua, errekurtsogilea, izangaiak, lehiatzaileak, interesatuak, azterketariak...
Hori guztia konpontzeko, honako hau proposatzen dugu:
- Egileak edo idazleak lehen pertsonan idaztea (ni edo gu erakundearen izenean
hitz egiten badu).
- Hartzaileari edo irakurleari bigarren pertsona erabiliaz idaztea (zu edo zuek talde
bati idazten badiogu).
- Egilea izkutatzen duten egitura pasiboen ordez, aktiboak aukeratzea.
Hona gai honen inguruan egiten diren oker gehienak biltzen dituen idazkia:
Honen bidez jakinarazten zaizu administrari-laguntzaileen azterketara aurkeztu daitezkeenen behin-behineko zerrenda argitaratua izan dela 1994ko uztailaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA, 222 zk.).
Halaber, interesdunek erreklamazioak egiteko15 egun dituztela adierazten da.
Gure gomendioak kontuan, hau ateratzen zaigu:
Honen bidez jakinarazten dizut administrari-laguntzaileen azterketara aurkeztu daitezkeenen behin-behineko zerrenda argitaratu dugula 1994ko uztailaren 12ko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA, 222 zk.).
Halaber, erreklamazioak egiteko 15 egun dituzula adierazten dizut.
Sintaxia informazioaren zerbitzura
Aditza eta sujetoa dira esaldiaren informazio nagusia biltzen duten elementuak. Horiekin batera, badira beste zenbait elementu osagarri, aditzaren eta sujetoaren ezkerrean ipini ohi ditugunak.
Egitura hori kontuan, informazio nagusia bukaerarako uzten dugu, eta hartzaileak oztopo gehiago du gure mezua jasotzeko. Arazoa areagotu egiten da informazioaren bi zutabeok (aditza eta sujetoa) elkarrengandik urruntzen ditugunean: sujetoa esaldiaren hasieran, aditza amaieran, eta tartean, elementu osagarri guztiak.
Hori da orain arte, nagusiki, aldarrikatu den euskara idatziaren eredu sintaktikoa: sujetoa / objetoa / aditza. Horrek funtzionatzen du esaldi laburretan; baina, batzuetan, ezinbestez luzatu behar ditugu esaldiak, eta orduan jabetzen gara eredu sintaktiko hori estuegi geratzen zaigula, beti ere, informazioaren eta komunikazioaren ikuspuntutik.
Ahaleginak egin behar ditugu, hortaz, ahozko eta idatzizko ereduen arteko etena txikiagotzeko, hots, idatzizkoa ahozkora hurbilarazteko. Hona, horretarako, soluziobide batzuk:
Esaldiak moztu
Zuzendariak hurrengo hilabeteetan eta, lehendabiziko aldiz, foru aldundiekin elkarlanean antolatuko diren administrazioko langileen prestakuntzako ikastaroak urriaren 3an aurkeztuko direla esan du.
Honen partez, zer deritzozu bigarrenari?
Zuzendariak esan du administrazioko langileen prestakuntza ikastaroak urriaren 3an aurkeztuko direla. Ikastaro horiek hurrengo hilabeteetan izango dira, eta, lehendabiziko aldiz, foru aldundiekin elkarlanean antolatuko dira.
Dena dela, esaldiaren luzerari eutsi nahi edo behar izanez gero, bada beste biderik:
Galdegai denean, aditza aurrera eraman
Administrazioko hizkera ez dela guk nahi bezain garbia aitortu egin behar dugu
Aurrekoa idatzi beharrean, ikusi segidakoa:
Aitortu egin behar dugu administrazioko hizkera ez dela guk nahi bezain garbia
Gauza bera horrelakoekin: badago, badira, demagun...
Galdegai faltsua jarri
Administrazioko hizkera eraberritzeko asmo sendoa dagoela ziurta dezaket
Horrela jarri beharrean, galdegaia asma dezakegu:
Zalantzarik gabe / benetan / ... ziurta dezaket administrazioko hizkera eraberritzeko asmo sendoa dagoela.
Aditz deklaratiboak aurrera pasa
Sindikatuko ordezkariek administrazioak konponbideak mahai gainean jarri arte ez dutela beste bilerarik egingo esan dute.
idatzi ordez...
Sindikatuko ordezkariek esan dute ez dutela beste bilerarik egingo administrazioak konponbideak mahai gainean jarri arte.
Sujetoa eta aditza elkarren ondoan jarri
Itzultzaileek administrazioan egiten diren itzulpenak ulergarriagoak izateko ahaleginak egingo dituzte.
Baina aditza aurrera eramaten badugu:
Itzultzaileek ahaleginak egingo dituzte administrazioan egiten diren itzulpenak ulergarriagoak izateko.
Ez dira urte asko euskara administrazioan benetan erabiltzen hasi zela. Tradiziorik ezak, beste arazo askoren artean, hiztegia ia hutsetik osatu beharra ekarri digu. Kontua ez da hor amaitzen. Segurtasun juridikoaren atxakiatan, hainbat eta hainbat hitz zaharkitu eta hutsal sartu digute nahitaezkoak bailiran: ez gara konturatu hitz dotore askoren atzean adiera sinple, eguneroko eta ezaguna izkutatzen dela.
Gure idazkietan denetatik aurki dezakegu: irentsi ezineko hitz "garbi-garbiak", mailegu gordinak, morrontzapeko kalkoak, daukagun apurraren kontra doazen kide faltsuak.
Horren guztiaren ondorioa: administrazioko eta herritarren hizkeren arteko tartea gero eta handiagoa izatea. Guk geuk ere nekez ulertzen ditugun testuak herritarrek irentsi behar izatea.
Irtenbidea: lastoa eta alea bereizi egin behar ditugu, esaldi pottoloek ez gaituzte liluratu behar. Jakin behar dugu uztartzen eta neurriz erabiltzen euskarak dituen baliabideak eta inguruko hizkuntzek —eta ez bakarrik mugakideek— eskain diezaguketena.
Adostasunaren bila beti
Orain arte erakunde eta administrazio bakoitza bere aldetik eta besteena gaitzesten ibili da erabili beharreko hitzak aukeratzeko orduan. Esandakoaren ondorioz, kontzeptu edo ideia bakarra adierazteko aukeran ditugu ordainak. Inork pentsa lezake hori aberastasun-seinale dela; oker dabil: hainbeste ordain izateak irakurlea nahastu baino ez du egiten. Ikusi, bestela, ondorengoa:
Lege-araubidea
Ordenamendu juridikoa
Araubidea
Legebidea
Zuzenbidezko Ordenamendua
Antolamendu juridikoa
Zuzenbidezko antolamendua
Hori guztia... gauza bera omen.
Gaztelaniak ez luke eredu bakarra izan behar
Hizkuntza bakoitzak bere erara antzematen dio errealitateari. Batzuek abstrakziorako joera dute (latinetik datozenak...); beste batzuek, berriz, kontzeptuak adierazteko bide konkretuagoak aukeratzen dituzte (ingelesa, alemana...). Euskara bigarren talde horretakoa izanda, lehenengoan jardutera behartu dugu: gaztelania bihurtu zaigu ia eredu bakarra.
Mesede egingo liguke ikusmira zabalagoa izateak. Ikus ditzagun adibide batzuk:
- Gaztelaniaz: ... salvo que el órgano administrativo por motivos graves decida lo contrario, de oficio o a instancia de parte.
- Euskaraz: ofizioz
- Ingelesez: of its own motion
Ingelesak egiten duena ikusita, badirudi argiena (noren) kabuz edo antzeko zer edo zer erabiltzea dela.
Gauza bera gertatzen da rokodromo hitzarekin. Gaztelaniaz hala esaten da eta guk ere beste honenbeste. Hori adierazteko ingelesez climbing wall hitza erabiltzen da, hau da, eskalatzeko horma. Zergatik ez horrela euskaraz?
Maileguak bai, baina...
Kontzeptu berriak adierazteko bide bat mailegutza da, beste hizkuntza bateko hitzak geureganatzea, alegia. Bide hau zilegi da eta betidanik erabili izan dugu euskaraz. Gure hizkuntza landu gabe zituen arloetara zabaldu denean, beharbada, gehiegikerian erori eta neurri gabe eman diegu sarbidea kanpoko hitzei.
Horrenbestez, euskaraz erabiltzen den hitzik baldin bada, ez genuke mailegura edo kalkora jo behar. Hobestekoak dira, gure ustez, eskuineko zutabekoak:
Aktibitate espezifikoa Jarduera berezia
Autoritatea ofendatu Agintariak iraindu
Debatea Eztabaida
Delimitatu Mugatu, zedarritu
Antikonstituzionala Konstituzioaren aurkakoa
Hitz "garbiak" bai, baina...
Kanpoko hizkuntzetara jo nahi ez, eta beste muturrera joan gara batzuetan. Kontzeptu berriak aditzera emateko hitz zaharrak edo hedapen txikikoak hartu eta adiera berria eman diegu. Besteetan, hizkuntzaren baliabideetan oinarrituta asmatu ere asmatu izan ditugu.
Hitz horietako askok eta askok arrakasta izan dute eta bizirik darraite. Badira, aitzitik, saio hutsean geratu direnak. Hona horietako zenbait ezkerraldean:
Harturendu Ordaindu
Artezkaritza Zuzendaritza
Arduralaritza Administrazioa
Izparringia Egunkaria
Sudua Interesa
Intsuldatu Eskualdatu, transferitu
Maileguak, hitz garbiak, kalkoak, berrezarpen lexikalak... horiek denak izan behar ditugu eskueran, eta zuhur erabili, iritsi baitzaigu hausnarketarako ordua.
Latinismoak
Administrazioko hizkeran, egia esan, gutxitan erabiltzen ditugu. Erabiltzekotan, zer edo zer zehazteko edo argitzeko izan behar dute. Baina gehienetan, dotorezia eta jantzitasuna agertzeko sartzen ditugu gure testuetan. Edonola ere, kontuan izan behar dugu herritarrik gehienek ez dituztela ulertzen eta, hortaz, ez dutela helburua betetzen. Hona, jarraian, horietako batzuk:
Ex ante Aurretik
Ex post Ondoren
Non bis in idem Arrazoi beragatik ez jarri zigor bi
Ex nunc Aurrerantzean
Ad hoc Horretarako
Motu proprio Bere (nire, zure...) kabuz
In dubio pro cive Zalantzarik badago, herritarraren alde
Ex iure Zuzenbidearen arabera
Hitz "modernoak"
Urtean-urtean modan jartzen dira zenbait hitz. Eguneroko hizkeran sartu eta, ustekabean, gure idazkietara eramaten ditugu. Gure modernitatea nabarmendu nahian, egun batetik bestera aldatzen diren hitzak erabiltzen ditugu, jakin gabe, askotan, zer esan nahi duten: speech (hizketaldia), sponsor (babeslea), management (kudeaketa)...
Nolanahi ere, hizkuntzak aurrera egin behar duenez, kanpoko hitz batzuk sartu eta gure egiten ditugu: holding-a, hardware-a, software-a, marketing-a...
Dena den, Euskaltzaindiak hartu behar ditu horren inguruko erabakiak. Arazoa paperera ekarri besterik ez dugu egin guk.
Polisemia
Hitz bakar batek esanahi bat baino gehiago izatea da polisemia. Hitz polisemiadun guztiak ez dira arazo-iturri. Eremu semantiko ezberdineko kontzeptuak izendatzen baldin baditu, polisemiadun hitz horrek ez du eragozpenik sortzen. Esaterako, langileek zubia hartzeko eskubidea dutela esaten badugu, inork ez du ulertuko langile bakoitzari ibaiak zeharkatzekoa edo haginen arteko hutsunea betetzekoa emango zaionik. Era berean, liburu baten iturriak honako edo halako direla esaten badugu, inori ez zaio uraren zipristinik burura etorriko.
Arazoa dator hitzak izendatzen dituen kontzeptuak eremu semantiko berekoak baldin badira. Adibidez, autobidea hitzarekin bi errepide-mota adierazi izan dira:
1.- Gehienez 120 km/h abiaduraz motordun ibilgailuak soilik ibiltzekoa.
2.- Gehienez 100km/h abiaduraz motordun ibilgailuak eta baita bizikletak ere ibiltzekoa.
Horrelakoak saihestu egin behar dira: kontzeptu bakoitzak bere izena behar du.
Horiek horrela, gehienez 120 km/h abiaduraz motordun ibilgailuak soilik ibiltzekoak dira autobideak; gehienez 100km/h abiaduraz motordun ibilgailuak eta baita bizikletak ere ibiltzekoak, ostera, autobiak.
Sinonimoak
Beti esan izan digute hitz bera askotan errepikatzeak pobrezia adierazten duela. Gomendio horrek literaturako saioetarako balio du. Administrazioan gure helburua mezua ezagutaraztea da, beti ere, ahal den garbien eta txukunen. Ez dugu beldurrik izan behar hitz bera errepikatzeko, baldin eta hitz horrek kontzeptua zehatz adierazten badu eta gaizki-ulertuak ekiditen baditu.
Ondorengo testuan lodiz agertzen diren hitzak sinonimotzat erabili ditugu:
Hautagaiek bi azterketa egin beharko dituzte: bata teorikoa eta bestea praktikoa. Lehenik teorikoa egingo da, eta teorikoa gainditzen duten izangaiek bakarrik hartuko dute parte praktikoan. Nolanahi ere, partehartzaileek curriculuma aurkeztu beharko dute adieraziko zaien tokian eta orduan.
Gehiegizkoa dirudien arren, antzeko gauzak irakur ditzakegu egunero. Hautagaiak, izangaiak eta partehartzaileak irakurrita, pentsa dezakegu ez dela pertsona-talde bera eta horrek eraman gaitzake mezua gaizki ulertzera.
Hona testu bera sinonimoak kenduta:
Hautagaiek bi azterketa egin beharko dituzte: bata teorikoa eta bestea praktikoa. Lehenik teorikoa egingo da, eta teorikoa gainditzen dutenek bakarrik hartuko dute parte praktikoan. Nolanahi ere, hautagai guztiek curriculuma aurkeztu beharko dute adieraziko diegun tokian eta orduan.
Elkarren antzeko hitzak
Hitz askok, erro bera izanik, elkarren antz handia dute, eta baten batek hitz bera dela pentsa dezake:
Itzulpena Itzulketa
Azterketaria Aztertzailea
Administraria Administratzailea
Horrelako bikoteetan, hitz bat bestea baino ezagunagoa eta hedatuagoa izaten da. Biak idatzi behar izatekotan, hartzaileak ezagutzen dituela ziurtatu behar dugu, eta, bestela, baliabideren bat erabili, hitz bakoitzaren esanahia zehazteko: laguntzako hitzen bat jarri (diru-itzulketa/testu-itzulpena), definizioa eman lehenengoz agertzen denean (azterketara aurkeztu behar dutenek, azteketariek, ...).
Hitzik ezagunena eta hedatuena erabili
Bada jakinduria erakutsi eta jendea txundituta uztearren hitz bitxiak eta zabalkunde urrikoak erabiltzen dituenik; baina administrazioan bestela jokatu behar dugu: aukeran sinonimoak ditugunean, hedatuenaren alde egin behar dugu. Segidan bi hitz-zerrenda datoz; eskuinekoak ezagunagoak dira eta, ondorioz, egokiagoak herritarrei idazteko garaian:
Ihardespena Erantzuna
Egongua Egoitza, bizilekua
Saloa Proposamena
Gaztigua Oharra
Haboro Gehiago
Hitz laburrena aukeratu
Errazago hartzen ditugu gogoan eta gorde hitz laburrak. Erabili ere, gehiago erabiltzen dira. Bistan denez, hiztunak ahalegin txikiagoa egin behar du eta. Hona, aurreko puntuan bezala, bi zerrenda. Guk eskuinekoa hobesten dugu:
Osasunketa Osasuna
Premiazkotasuna Premia
Legezkotasunez Legez
Araupetzea Arautzea
Laburki Labur
Hitz bakunak multzokaria adieraz dezake
Azken aldian hitz abstraktuetarako joera gero eta indartsuagoa da, eta, horren ondorioz, izen multzokariak aukeratzen ditugu bakunen kaltetan. Gogoan izan behar dugu, hala ere, euskarazko hitz bakunek, pluralean jarrita, taldeak eta kolektiboak ere adierazten dituztela. Ikusi adibide hauek:
Apezpikuteria Apezpikuak
Haurreria Haurrak
Argiteria Argiak
Langilegoa Langileak
Udaltzaingoa Udaltzainak
Miñoigoa Miñoiak
Alferreko hitzik ez erabili
Sarritan, gauzak argiago adierazten ditugulakoan, eta gure idazkiari dotorezia-puntua eman nahian, alferreko hitzak erabiltzen ditugu: izaera, arlo, maila... Beste batzuetan, besterik gabe, izena, aditza edo aditz-izena jarri beharrean izena + aditz hutsa lokuziora jotzen dugu. Ikus ditzagun adibide batzuk:
Zigor-izaerako erabakia Zigor-erabakia / Zigortzeko erabakia
Izaera pribatuko erakundeak Erakunde pribatuak
Erakunde-mailan Erakundeetan
Maiatzaren bosgarren egunean Maiatzaren bostean
Kontrol-lana gauzatzea Kontrolatzea
Koordinaketa ziurtatzea Koordinatzea
Zehaztasuna zaindu
Arazoren bat edo beste sortu izan da, galdetegietan batipat, zenbatzaile zehaztugabeak erabili direlako (asko, gutxi, franko, nahikoa, aski...). Izan ere, asko, gutxi edo sarritan bezalako zenbatzaile zehaztugabeek ez baitute esanahi zehatzik, norberaren araberakoa baizik: inorentzat asko dena, gutxitxo izan daiteke beste norbaitentzat. Nola erantzun, adibidez, era honetako inkestaren bati?
Zenbatero egiten duzu odol-analisia?
Sarritan
Ez hain sarritan
Noizean behin
Inoiz ez
Hitz horietan bakarra da (inoiz ez) zehatza. Beste guztiak subjetiboak dira. Arazo hori zehatzago jokatuz konpon daiteke:
Zenbatero egiten duzu odol-analisia?
Hiru hilabetero, edo sarriago
Urtean behin
Bi edo hiru urterik behin
Inoiz ez
Hitz berezituek edo terminoek ideia korapilatsuak zehazten laguntzen diete idazleei. Horien bidez, luzamendutan ibili beharrean, kontzeptu trinkoa hitz batean edo bitan eman dezakegu. Horregatik dira oso erabilgarriak adituen arteko komunikazioetan. Baina herritarrei idazteko garaian arreta izan behar dugu: neurtu egin behar dugu zer dakiten eta zer ez.
Horrekin ez dugu esan nahi hitz bereziturik erabili behar ez denik, ezta hurrik ere. Jendeak zenbait termino ezagutu egiten ditu, eta, bestalde, zenbait termino erabili gabe ezin da mezua zehatz eman. Erraz idazteak ez du esan nahi umeen hizkerara jo behar dugunik, eta dena bi gauzatara mugatu. Ez hori, ezta terminoak norberaren jakinduria agertzeko edo irakurleak gutxiesteko erabili ere.
Hala ere, zenbaitetan derrigorrezkoak direnez, hona hemen bide batzuk herritarrari ulertarazteko.
Glosarioak
Testua hitz berezituez josia dagoenean, komenigarria izan daiteke definizioen zerrenda edo glosarioa erastea, idazkia azalpenez betetzeak irakurketa astundu eta ilundu egin baitezake.
Hala ere, glosarioak ez du atxakia izan behar testua hitzzituez gainezka agertzeko. Glosarioak irakurleari laguntzeko dira, ez ordea, idazle alferren alferkeria areagotzeko.
Glosarioak edo definizioen zerrendak, non eta oso laburrak ez diren, idazkiaren bukaeran jarri behar dira, eta aurkibidean-edo ezagutarazi hitzen azalpenak non dauden.
Definizioak
Idazki batean termino gutxi agertzen bada, ez dago glosarioa erabili beharrik. Horren ordez, hitz jakin horren definizioa eman daiteke. Ikusi modu batzuk:
Definizioa parentesi artean terminoaren segidan
Egarbeek (teilatuari hormatik kanpora ateratzen zaion azpiko aldea, horma euritatik babesteko) ez dute hormarekiko 1,5 m-ko luzera gaindituko.
Definizioa orripean
Egarbeek(1) ez dute hormarekiko 1,5 m-ko luzera gaindituko.
(1)Egarbea: teilatuari hormatik kanpora ateratzen zaion azpiko aldea, horma euritatik babesteko.
Bide hau aproposa da oso legeen, dekretuen eta antzekoen erreferentzia luzeak esaldi nagusietatik kendu eta aparte emateko, informaziorik galdu gabe.
Terminoaren segidan antonimoa
Herritarrek, sarritan, idatzi dugun hitz berezituaren esanahia baino hobeto ezagutzen dute antonimoarena. Ikusi, bestela, adibidea:
Eleanitzek (elebakarrak ez direnek) errazago ikasten dituzte kontzeptu berriak.
Terminoaren segidan adibidea
Udalbatzak ondasun higiezinei (lurrei, etxeei...) jarriko zaien zerga berria eztabaidatuko du gaurko bileran.
Terminoaren segidan azalpena
Deialdiaren oinarriak aurkatuz gero, hau da, oinarrien kontrako errekurtsorik jartzen bada, hautaketa-prozesua atzeratu egingo da.
Terminoa gertakizun baten bidez argitzea
Fikzioko kasuren bat kontatzea da hitz berezitua definitzeko beste modu bat, batez ere, dibulgaziorako testuetan. Beti ere, herritarren inguruko kasuren bat hartu behar da kontakizun, kontzeptua antzemateko zailtasunik izan ez dadin. Adibidez, kontu egin dezagun Osakidetzak liburuxkaren bat ateratzen duela gaixotasun arruntei buruzko zenbait kontzeptu jende xeheari argitzeko:
Zer da hipotentsio ortostatikoa? Jo dezagun zuk tentsio baxuegia duzula: hipotentsioa duzu. Ohetik jaikitzerakoan zorabiatu egiten bazara, hipotentsio ortostatikoa duzula esango dugu. Horixe baita hipotentsio-mota horren ezaugarri nagusia: azkar samar zutitzean agertu ohi dela.
Ikusi beste adibide hau:
Titular solidarioa zer den jakin nahi baduzu, egin ezazu kontu zuk eta ezkontideak kontu korrontea irekitzen duzuela bankuren batean eta biok duzuela dirua sartzeko eta ateratzeko eskubidea. Horixe, ba, titular solidarioa: bata zein bestea jabe izatea, alegia.
Terminoa azaltzeko ariketa matematikoa
Termino horren atzean zenbakiak eta matematikako eragiketak baldin badaude, lagungarria izan daiteke terminoa kasu praktiko baten bidez azaltzea. Eman dezagun ertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergan ohiko etxebizitza erostearen ondoriozko dedukzioa zertan den argitu nahi dugula:
Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zerga
Ohiko etxebizitzaren dedukzioa (adibidea)
Eman dezagun herritar batek 1993ko urtarrilaren 3an bere ohiko etxebizitza saldu zuela 15.000.000 PTAtan.
Etxe hori salduta atera zuen diruaz ohiko beste etxebizitza bat erosi zuen 1993an, eta 20.000.000 ordaindu urte horretan bertan. Kalkulatu behar da, beraz, ohiko etxebizitza erosteagatik herritar horrek izan dezakeen dedukzioa; horretarako dedukzio-oinarria zehaztu behar da.
Etxebizitza berriaren balioa 20.000.000 PTA
Saldutako etxebizitzaren balioa 15.000.000 PTA
------------
Dedukzio-oinarria 5.000.000 PTA
Hori ikusita pentsa daiteke ohiko etxebizitza erosteagatik 5.000.000 PTAko dedukzioa egin dezakeela bere aitorpenean. Baina gauzak ez dira horrela.
Kontuan hartu behar dugu herritar horren zerga-oinarri garbia (irabazi gordinak zenbait dedukzio eginda) 4.000.000 PTAkoa dela, eta horren %30 (1.200.000 PTA) bakarrik har daitekeela etxearen dedukzio-oinarritzat.
Baina kontua ez da hor bukatzen; oraindik ere 1.200.000 PTA horien %15 kalkulatu behar da ohiko etxebizitza erosteagatiko benetako dedukzioa zen den jakiteko.
Kasu honetan, beraz, 180.000 PTA da dedukzioa.