1. Idatzi baino lehen...
Asmoa eta testu-mota zehaztu
Kontuan hartu solaskideak, media eta komunikazio-egoera
Ideiak zehaztu eta informazioa antolatu
Asmoa eta testu-mota zehaztu
Idazleak, lanean hasi baino lehen, jakin egin behar du zer-nolako eragina sortarazi nahi duen irakurleengan; hau da, zer lortu nahi duen komunikazioaren bidez.
Lau dira, nagusiki, komunikaziorako asmoak: aginduak eman, azalpenak eman, gertatutakoa kontatu, konbentzitu. Baina ez ditugu nahastu behar asmoa eta testu-mota; izan ere oso testu ezberdinak aukera ditzakegu (narrazioak, argudio-testuak, elkarrizketak...) asmo bera lortzeko. Zein da, hortaz, testurik egokiena? Ba, irakurlearengan eraginik handiena sortzen duena.
Adibidez, ondorengo bi idazkietako egileek asmo bera izan dute: irakurlea norabide jakin baterantz eramatea, azterketa baten emaitza ontzat eman dezan. Horretarako, lehen idazleak kontaketa aukeratu du, eta bigarrenak argudioa.
Kontaketa
Zuzendari hori,
Honen bitartez, hizkuntza-eskakizunen plangintzaren inguruan gure udalean sortu zaigun arazo baten berri eman nahi dizut.
Orain dela hiru hilabete, gure udaltzain batek, Jon Pérez Sorazuk, 1. hizkuntza-eskakizuneko azterketa egiteko eskabidea aurkeztu zuen. Baina bere lanpostuak 2. hizkuntza-eskakizuna zuela jakin zuenean, hori prestatzen hasi zen eskabidean jarritakoa kontuan izan gabe.
Azterketa eguna iritsi zenean, langile hori 2. hizkuntza-eskakizuneko azterketara aurkeztu, eta zerrendetan agertzen ez bazen ere, egiten utzi zioten.
Handik aste batzuetara, horra non deitzen dion zure zuzendaritzako teknikari batek, 1. hizkuntza-eskakizuneko azterketan ez zela izan eta, beraz, "aurkeztu gabe"tzat jotzen zutela esateko. Jon Pérez Sorazuk, 2.eko azterketa gaindituta zeukala jakinda, aintzat hartu behar ez al zioten galdetu zion teknikariari. Erantzuna borobila izan zen: 1. hizkuntza-eskakizuneko azterketara aurkeztu ezean, ezin da bigarrena lortu.
Hori da labur-labur gertatutakoa. Beste biderik aurkitu ez, eta, azkenean, zuzenean zuregana jotzea erabaki dut, langile horri 2. hizkuntza-eskakizuneko azterketan izandako emaitza ontzat emateko.
Arazoa konponduko duzulakoan, agur.
Argudioa
Zuzendari hori,
Honen bitartez, Jon Pérez Sorazu udaltzainak egindako 2. hizkuntza-eskakizuneko azterketaren emaitza ontzat hartzeko eskatzen dizut. Hona, horretarako, zenbait arrazoi:
Egia da Jon Pérez Sorazu ez dela 1. hizkuntza-eskakizuneko azerketara aurkeztu, izena emanda zuen arren. Estu-estu jokatuz gero, beharbada, "aurkeztu gabe"tzat jo beharko litzateke.
Egia ere da, bai, deialdiaren oinarriak hitzez hitz betez, ez zeukala 2. hizkuntza-eskakizuneko azterketara aurkezterik, izena eman gabe baitzuen.
Ezin uka daiteke, halaber, azterketa egunean ez zuela 2.ekoa egiteko inolako eragozpenik izan. Ez al duzue erantzukizunik horretan? Zergatik utzi zenioten azterketa egiten eta, gainera, gainditutzat eman?
Esango nuke - okerrik gabe, ustez - hizkuntza-eskakizunen plangintzak euskararen normalkuntza duela azken helburu; nire ustez, alde horretatik, langile horrek erakutsi du euskaraz lan egiteko gauza dela. Azken finean, bada, esandako helburuarkutsi du euskaraz lan egiteko gauza dela.
Garaiz gabiltza. Ez duzue berandu atzera egin eta erabakia aldatzeko. Euskararen eta hizkuntza-eskakizunen plangintzaren mesedetan izango da.
Horrenbestez, agur.
Kontuan hartu solaskideak, media eta komunikazio-egoera
Irakurleengan eraginik lortuko bada, idazleak kontuan hartu behar ditu irakurle horren ezaugarriak. Administrazioan, behin baino gehiagotan, barrukoentzat idatzi izan dugu; gogoan izan gabe paperaren bestaldean irakurlea dugula, herritarra, alegia. Ezin dugu jo idatzia lehenengoz ikusiko duen irakurleak guk adina dakienik, are gehiago administrazioz kanpokoa bada.
Horretaz jabetuta, administrazioan aldatu egin behar dugu gure jokabidea. Zenbat daki irakurleak gaiari buruz? Zer interesatzen zaio benetan? Ezagutzen al ditu administrazioaren nondik-norakoak? Hori dena begiratu behar dugu administraziotik idazkiak kaleratu baino lehen.
Zein harreman dute irakurleak eta idazleak?
Gutxieneko formaltasuna zaindu behar da administrazio barruko zein kanpoko komunikazioetan; hala ere, garbi dago formaltasun hutsalaren adierazpide batzuk baztertu egin behar ditugula errotik. Besteak beste:
- Tratamendu formula zaharkituak: Jaun/Andre Txit Prestua, Gorena, Argia...
- Zenbait agur-mota: ... nire begirunerik leialena eta zintzoena adierazten dizut.
- Nolabaiteko morrontza erakusten duten formak: ... baimena emateko erregutzen dizut, otoi.
Nolanahi ere, idazlea eta irakurlea ezagunak badira malgutasunez joka dezakegu eta tonu adiskidekorragoa erabili (agurrak, ahozko hizkerako esamoldeak... ). Solaskideek elkar ezagutzen ez badute, berriz, hotzagoa eta lehorragoa izango da idazkia.
Solaskideek ez dute elkar ezagutzen
Jaun/Andre hori,
Honekin batera bidaltzen dizut gure zerbitzuak argitaratu berri duen liburuaren ale bat, zure lanerako probetxuzkoa izango duzulakoan.
Beste aleren bat nahi izanez gero, deitu, mesedez, telefono honetara: 945 - 18 76 48 (Begoña Arbelaitz).
Solaskideak lagunak dira
Agur Fernando,
Haurdunaldiak 9 hilabetekoak omen dira. Luzexeago jo du gure liburu honek baina... azkenean hortxe duzu. Bazen ordua!
Ale bakarra bidaltzen dizut, baina gehiago nahi izanez gero, deitu lasai-lasai. Badakizu beti joan eta etorrian ibiltzen naizela eta ez dela erraza ni harrapatzea; hortaz, deitu Begoña Arbelaitzi (945 - 18 76 48) eta bidaliko dizkizu liburuak.
Esango didazu zer iruditzen zaizun gure lana.
Zenbat dakite irakurleek gaiaz?
Irakurleek dakitenaren arabera moldatu behar dugu mezua, eta behar diren argibide guztiak eman. Bestalde, hitzak eta terminoak erabiltzeko orduan, kontuan izan behar da, askotan, gehiago lagun dezakeela konparazio edo adibide batek azalpen luze eta korapilatsuak baino.
Bi adibide jaso ditugu. Gaia bera da bietan: fotosintesia. Lehena egokia da adituen artean erabiltzeko (biologoak, nekazaritzako teknikariak...); bigarrena, ordea, aditu ez direnentzat dago moldatuta (baserritarrak, gazteak...).
Adituentzat
Fotosintesiak garrantzi handia du zuhaitzetan. Dakizuen bezala, eguzki-argiak landare berdeetan sortarazten duen erreakzio kimikoen multzoa da. Fotosintesiak, karbono oxidoa eta ura abiapuntutzat harturik, konposatu organikoak eta oxigenoa sortzen ditu.
Izan ere, kloroplastoetako klorofilak argi-energia energia kimiko bihurtzen du, eta, gero, energia hori konposatu organikoak sortzeko erreakzioetan erabiltzen du landareak.
Horregatik, ez da onuragarri zuhaitzak erabat soiltzea, klorofila duen materialik gabe geldituko liratekeelako. Nahikoa litzateke, beraz, silbikulturari gagozkiolarik, adar-kopuruaren herena kimatzea, landarearen erreakzio kimikoek galerarik izan ez dezaten.
Aditu ez direnentzat
Pertsonek jan eta arnasa hartu behar izaten dute biziko badira. Zuhaitzek ere beste hainbeste egiten dute sustraiak eta hostoak direla medio. Nolabait esateko, sustraietatik jana hartzen dute eta hostoetatik arnasa: horixe da fotosintesia.
Horregatik, hostoek prozesu horretan duten garrantzia ikusirik, ez da komeni zuhaitzak erabat soiltzea, ahuldu egiten dira eta. Egurretarako zuhaitzen kasuan, beraz, nahikoa da adarren hirutik bat kimatzea.
Administrazio barrukoa al da irakurlea?
Administrazio barruko komunikazioetan hainbat eta hainbat gauza jakintzat ematen dira: terminologia, lege-aipamenak, administrazio-jardunbidearen urratsak etab. Administrazioz kanpoko bati idazten diogunean, aldatu egin behar dugu gure jokabidea, ezinbestean.
Testu hau egokia izan daiteke administrazio barruan erabiltzeko.
Espedientearen iraungipen-burubidea
Iñaki Jauregi Arizmendiri egotz dakiokeen arrazoia dela eta, IGOKAri buruzko lizentzia-eskabidearen 56/93 espedientea geldiarazi dut, azaroaren 26ko 30/92 Legearen 92.1 azpiatalak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz. Eska iezaiozue izapide atzeratua betetzeko eta egitasmo teknikoa betetzeko. Ohartarazi, halaber, burubide hau jakinarazten diogunetik hasi eta hiru hilabeteko epean espedientea iraungi egingo dela eta jarduketak artxibatu egingo ditugula.
Lemoiz, 1994ko maiatzaren 10ean.
Herritarrentzako idazkia da ondorengoa. Gaia lehengokoa da, baina adierazmoldeak ez du aurrekoaren antzik (agurrak erabiltzen dira, hitz ezagunagoak, siglaren ordez izen osoa, legearen hitzez hitzeko aipamena...).
Jaun hori,
Iharduera gogaikarri, osasungaitz, kaltegarri eta arriskutsuei buruz eskatu zenuen lizentzia dela eta, jardueraren egitasmo teknikoa aurkezteko eskatu genizun 1994ko otsailaren 20an.
Oraindik egitasmo hori ekarri ez duzunez, lehenbailehen ekartzeko eskatzen dizugu. Bestela jakinarazpen hau jasotzen duzunetik hiru hilabetera espedientea itxi eta artxibatu egingo dugu.
Hori guzti hori azaroaren 26ko 30/92 Legearen 92.1 azpiatalak ematen dizkidan ahalmenez baliatuz egingo dut (1).
Horrenbestez, agur.
Lemoiz, 1994ko maiatzaren 10ean
Alkatea
(1) Hemen hitzez hitz jakinarazten zaio lege horretako azpiatala
Zer interesatzen zaio irakurleari?
Irakurlearen interesa gogoan ez badugu, alferreko hitz franko erabil ditzakegu eta behar direnak ahaztu. Horrenbestez, ez eman lastorik irakurleari: ondo aukeratu informazioa.
Adibidetzat bi iragarki aukeratu ditugu. Lehenengoan, herritarrak benetan jakin behar dituen datuak daude, bai, baina ez lehen begi-kolpean ikusteko moduan, eta, gainera, interesatzen ez zaizkion beste askorekin nahastuta. Letra lodiz jarri dugu irakurlearentzat garrantzizkoa den informazioa.
Iragarkia
Jakinarazten dizuegu Udalbatza osoak 1994ko martxoaren 22ko bileran honako erabakia hartu duela, teknikarien txostena ikusita eta hitzarmen-araudian ezarritakoa betez:
Uda partean igerilekuetan jende asko izaten denez, eta lana ugaritu egiten dela ikusita, aldibaterako lanpostuak betetzeko deialdia egitea erabaki dugu. Beharrak aztertuta, 8 peoi-lanpostu aterako dira.
Jakinarazten dizuegu, halaber, deialdian parte hartzeko oinarriak eta gainerako argibideak Langileen Zerbitzuan izango dituzuela eskura, bulego-orduetan.
Eskabideak aurkezteko hamabost lanegun izango dituzue, iragarki hau jendaurrera zabaltzen denetik hasita.
Bigarrenean gaiaren berri izateko ezinbesteko diren datuak bakarrik ematen dira.
8 peoi behar dira
Udalak 8 lanpostu atera ditu uda partean igerilekuetan lan egiteko.
Kontratuaren iraupena: hiru hilabete.
Lan-eskabideak aurkezteko epea: 1994ko apirilaren 28ra arte.
Argibide gehiagorako:
Tokia: Langileen Zerbitzua.
Egunak: astelehenetik ostiralera (biak barne).
Orduak: 09:00 - 14:00
Irakurleek ba al dute uste ustelik?
Jendearen ustea eta egia ez dira, sarritan, gauza bera; hori dela eta, ez da harritzekoa batek baino gehiagok okerreko iritzirik izatea. Horri aurre egiteko mezuaren ikuspegi positiboa ematea komeni da.
Demagun minbiziari aurre hartzeko administrazioak urteroko osasun-txekeoa bultzatu nahi duela herritarren artean, eta horretarako, propaganda-orri hau ateratzen duela:
Urteroko txekeoa
Egungo izurrietariko bat minbizia dugu; izan ere, zientziak aurrerapausu handiak eman baditu ere, oraindik asko eta asko dira minbiziak jota hiltzen direnak. Horregatik, osasun-txekeoa urtero egitea komeni da, berandu baino lehen gaixoari kirurgia, radioterapia edo termoterapiako tratamenduak jarri behar bazaizkio ere.
Propaganda-orri horretan ez da kontuan izan jendearen uste okerra: minbiziaren aurka ez dago zer eginik, alferrekoak dira txekeoak Bigarren propaganda-orrian, ordea, ikuspegi positiboa zabaldu nahian eman dugu ahaleginik handiena:
Minbizia senda daiteke
Herritar gehienok uste dugu minbiziak bere mende hartu duela mundua, eta ez dagoela gaitz horretatik salbatzerik, eginahalak eginda ere. Baina egia bestelakoa da: minbizi-mota asko eta asko sendatu egiten dira, garaiz antzematen bazaie.
Hala da. Gaur egun hamarretik bost sendatu egiten dira kirurgia, radioterapia edo termoterapiari esker, gaitza oso zabalduta ez badago behintzat. Horregatik, osasun-txekeoa egin behar dugu urtero gaitzari aurre hartzeko.
Zein adinetako irakurleak dira?
Hartzailearengana heldu nahi baldin badugu, ezinbestekoa da gure mezua adin bakoitzaren ezaugarrietara egokitzea. Zahar askok eta gazte jendeak ez dute irakurtzeko ohitura handirik. Azken hauek gustukoago dituzte marrazkiak, kantak, olerkitxoak, sinboloak, koloreak, jolasak, ezagun dituzten letra-mota eta hizkuntza-baliabideak.
Jo dezagun haur bati semaforoa zer den eta nola dabilen azaldu behar diogula. Segidako azalpena emanez gero, haurrak ulertu egingo du ¾ bukaeraraino heltzen bada, jakina¾ .
Semaforoa haurtxoen laguna
Kotxeak eta oinezkoak noiz pasa eta noiz gelditu esaten digun tramankulua da semaforoa. Espaloi ertzean egoten da eta bi argi-lerro dauzka: bata auto-gidarientzat, eta bestea oinezkoentzat.
Auto-gidarientzako argiak hiru dira eta hiru disko biribiletatik ateratzen dira. Disko batetik berdea ateratzen da, beste batetik horia eta hirugarrenetik gorria. Disko gorria egokitzen zaienean gelditu egin behar dute auto-gidariek, oinezkoek bidea zeharkatzeko. Horia egokitzen zaienean, kontuz ibili behar dute, eta berdea egokitzean bakarrik pasa daitezke.
Oinezkoentzako argiak bi dira: gorria eta berdea, eta pertsonaren itxura duten bi irudietatik ateratzen dira. Irudi bat zain dagoen pertsonarena da eta bestea oinez dabilenarena. Kolore gorria zain dagoenaren iruditik ateratzen da, eta horrek esan nahi du oinezkoek itxaron egin behar dutela. Kolore berdea dabilenaren iruditik ateratzen da, eta horrek aditzera ematen du orduan pasa daitezkeela oinezkoak.
Zuek, haurtxook, oinezkoentzako argiei egin behar diezue kontu, eta ez auto-gidarientzakoei. Egiozue kasu semaforoari, zuen laguna da eta!
Baina ez al da askoz erakargarriagoa beste hau?
Adineko jendeak, berriz, beste arazo batzuk izaten ditu: ezin du letra txikia irakurri, nekez ikusten ditu hormetan idatzitako mezuak, testu korapilatsuak ulertzea zail egiten zaio, letra handiz idazten du eta toki asko behar du inprimakietan.
EZBEHARREZ ETXEA UTZI BEHAR IZANEZ GERO, ZER EGIN?
1.- Lehenik eta behin, alarma-txirrina jo behar da ezbeharra (sua, uholdea...) sumatzearekin batera.
2.- Alarma-txirrina entzutean, bertan behera utzi behar da den-dena (bazkaria, lana...).
3.- Etxetik irteteko, bertako langileei egin behar zaie kasu.
4.- Irteterakoan arin ibili behar da, korrika egin gabe, hala ere; bestela, taldean korrika joanda, estropezu egiteko arriskua dago eta.
5.- Ezbeharretan ez da igogailurik erabili behar.
6.- Irteerako geziei jarraitu behar zaie horrelakoetan.
7.- Azkenik, norbera dagoen tokitik irten ondoren, zerbait ahaztua utziz gero, ez da atzerantz itzuli behar lehengo toki hartara.
Baina, gauza bera esateko, ez al da aproposagoa honako hau?
Zein da irakurlearen kultura-maila?
Denok ez daukagu irakurtzeko gaitasun eta ohitura bera. Bada oraindik, eskolara joateko aukera gutxi izan duelako edo euskaraz alfabetaturik ez dagoelako, idatzi eta irakurtzeko arazo handiak dituenik; eta, hain zuzen ere, horiexek dira administrazioaren beharrik handienak dutenak. Hori kontuan, irudi gehiago eta ahozko erregistrotik nahiz herri-hizkeratik ateratako hizkuntza-formak erabili beharko ditugu horiengana heltzeko. Ikusi bi adibideak. Testua ia bera da, baina irudiek arindu egiten dute mezua.
ZER EGIN ASPIRINA GEHIEGI HARTU BADUZU?
Aspirinek kalte ere egin dezakete, gehiegi hartuz gero. Tripako mina, beroaldia eta botalarria; odoljarioa ahoan eta eztarrian; pultsu lasterra; izerdia, aurpegia gorri-gorri; lilura eta konorterik gabe gelditzea dira aspirina gehiegi hartu izanaren sintomak.
Horrelakorik inori gertatuz gero, berehala eraman behar da ospitaleko larrialdietara, eta hara iritsi bitartean goragalea eragin behar zaio. Baina, inoiz ez zaio bikarbonatorik emango.
Zein euskalkitako irakurleak dira?
Administrazioek malgutasunez joka dezakete beren mezuak zabaltzerakoan; hau da, tokian tokiko euskalkiko hitzak eta esamoldeak erabil ditzakete, horrela, hartzaileak mezua hobeto ulertuko duela ziurtatzen bada.
Ondorengo adibideetan mezu bera ematen da. Euskaltzaindiaren arauak betez (ortografia, deklinabidea... ), hainbat aldaketa egin dugu, lehena bizkaieraren moldeetara, eta bigarrena gipuzkeraren inguruko ezaugarrietara egokitzeko.
Alkateak honako hau jakinarazten dizue:
Eguastenero, feria egunean, kotxe larregi batzen denez eta lekua txikia denez, jendea artega ibiltzen da, eta udaltzainak jagon beharrekoa jagon ezinik.
Aurrerantzean, feria, betiko legez, plazan egingo da; kotxeak, ostera, plazan aparkatu barik, proba-lekuan aparkatuko dira.
Alkatea.
Alkateak honako hau jakinarazten dizue:
Asteazkenero, feria egunean, kotxe gehiegi biltzen denez eta toki gutxi dagoenez, jendea larri ibiltzen da, eta udaltzainak zaindu beharrekoa zaindu ezinik.
Hemendik aurrera, feria, beti bezala, plazan izango da; kotxeak, ordea, plazan aparkatu beharrean, proba-lekuan utziko dira.
Alkatea
Iraingarria al da gure idazkia
Ohituraren ohituraz, baztertu beharreko zenbait joera nagusitu da administrazioan. Sexukeria da horietako bat. Ondorengoak eta beste hamaika eguneroko bihurtu zaizkigu:
- Bileran zerbitzuko legegizon guztiak izan ziren (legelari edo abokatu).
- Ba al duzu semerik? (seme-alabarik).
- Egunon, jaunak! (jaun-andreak).
- Aiten bilera ostegunean izango da (Gurasoen bilera).
- Ez dakigu gizona nondik datorren (gizakia).
- ...
Hori ikusita, bide honetatik jotzea da gure gomendioa:
Gizon/Gizaki/Giza
- Gizon, gizaseme eta gizonezko hitzak gizonezkoentzako bakarrik erabili.
- Gizaki, aldiz, gizonak zein emakumeak izendatzeko edo generiko gisa.
- Giza errotik sorturikoek (gizarte, giza talde... ) ez dute gizon hitzak duen konnotaziorik; bietarako erabil daitezke, beraz.
- Hitz-elkartuetako bigarren osagaia gizon denean (legegizona, itsasgizona... ), -ari atzizkiaz balia gaitezke lanbidea adierazteko (legelaria). Beste kasuren batean langile izan daiteke bide egokia (itsaslangilea).
-sa atzizkia
Atzizki hori daramaten hitz gehienak berriak dira eta asko eta asko maileguak (artxidukesa, abadesa... ). Atzizki hori zubereraz dago bizirik (artzaintsa, laborarisa, jainkosa, alarguntsa... ). Mendebaldean, karguren bat duen andrea izendatzeko erabili izan da (alkatesa). Euskara baturako mugatu egin beharko litzateke atzizki horren erabilpena. Zenbaitetan, izen propioak berak emango digu sexuaren berri (Alicia Alonso dantzaria); horrelakoetan atzizkia alferrekoa da. Beste batzuetan, testuinguruak argibiderik ematen ez digulako-edo, mugatu beharrean izango gara, eta, horretarako, izen arruntetara jo (emakume alarguna, neska dantzaria... ).
Hitz-elkarketa
Emakumeren bat tartean badago, euskarak berezkoa duen joerari eutsi behar diogu (aita-amak, jaun-andreak, senar-emazteak... ).
Hitanoa
Erabiltzekotan, gogoan izan behar dugu hitanoak sexua markatzen duela eta, beraz, kontu handiz erabili behar dugula inor ez baztertzeko.
Sexukeriaren arazoaz gain, badira zenbait euskalkitan iraingarriak gerta daitezkeen hitzak: atsoa, neskazaharrak/mutilzaharrak... Horiekin ere... adi ibili.
Non eta nola irakurriko da idazkia
Komunikazio-egoerak baldintzatu egiten du gure mezua. Adibidez, eman dezagun, barazki-saltzaileei propaganda-orri hau ematen zaiela, etxean eta bakarka irakur dezaten:
Euskal Herriko barazkien azoka
Saltzaileok!
Ezagun da, preziorik onenean eskaintzeko asmoz, barazkiak handik eta hemendik ekartzeko egiten duzuen ahalegina.
Baina gogorarazi nahi dizuegu hemengo baserritarrei ere lagundu egin behar diegula denon artean, gure baserritarren galera denona da eta; azken finean, baserria galtzen bada, gure herriko langabeziak gora egingo du.
Horregatik, denon mesedetan, hilean behin (lehen ostegunean), azoka berezia egingo dugu herriko plazan, gure baserrietako barazkiak-eta saltzeko.
Beraz, egun horretan apain itzazue, ahalik eta ondoen, zuen azoka-postuak gure baserrietako barazkiez.
Saldu Euskal Herriko barazkiak, denok irabaziko dugu eta!
Alkatea
Hori ez dago gaizki etxean, patxadaz eta eroso irakurtzeko. Baina propaganda hori plazako arkupeetan jarri nahi izango bagenu, esaldi laburragoak, letra-tamaina handiagoa eta estilo guztiz zuzena erabiliko genuke:
Euskal Herriko barazkien azoka
Saltzaileok!
Hilean behin, lehen ostegunean, hemengo barazkien azoka izango da herriko plazan.
Egun horretan, hemengo barazkiak bakarrik saldu, mesedez, zuen postuetan.
Saldu Euskal Herriko barazkiak, denok irabaziko dugu eta!
Alkatea
Ideiak zehaztu eta informazioa antolatu
Orain arte hausnarketan ibili gara, idazteari ekin aurretiko aldian, alegia. Gure asmoa, testu-mota, solaskideak, media eta komunikazio-egoera gogoan hartu ditugu: ezinbesteko lana komunikaziorik izango bada. Hori eginda, ideiak paperera ekartzea da hurrengo urratsa.
Dena dela, igorleak ezin ditu ideiak burura etorri ahala paperean idatzi; ideiak antolatuta aurkeztu behar dizkie irakurleei, testua koherentziaz irakurri eta mezua ahalik eta errazen gogora dezaten.
Ideiak bildu
Buruan zurrunbiloan ditugun ideia guztiak idatzi egin behar ditugu. Horretarako metodo egokia da ideia-jasa (brainstorming) izenekoa: burura datozkigun ideiak etorri bezala eta ahala idatziko ditugu, formari begiratu gabe; forma edo itxura beste urrats batean landuko baitira.
Ideiak zerrendan jarrita, aiseago konturatuko gara zer baztertu behar dugun, zer falta zaigun, zer den garrantzitsuena, zein den ideien arteko erlazioa edo haria...
Eskema egin
Ideia pare bat bakarrik adierazi behar badugu, eskemarik egin gabe ere molda gaitezke; hala ere, ez da ohitura txarra eskema egitea, idazki konplexuetan derrigorrez erabili beharko dugu eta. Eskemaren bitartez, testuaren egitura bere osoan aztertu eta ideien hierarkizazioa eta nagusitasun/menpekotasun erlazioa garbiago ikusi ahal izango dugu.
Testuaren zirriborroa idatzi
Eskemako ideiak garatu behar ditugu: esaldiak lotu, argumentazioak eta adibideak jarri, juntagailu eta testu-antolatzaile aproposak aurkitu... hori dena egin behar da urrats honetan.
Lanean ari garela, behin baino gehiagotan utzi beharko diogu idazteari, eta atzera bueltatu, hariari jarraitzen diogun ikusteko. Ez dugu denbora luzeegirik eman behar
hitzik txukunenak edo esaldirik borobilenak aukeratzen: izango da horretarako aukera. Hemen testuaren haria garatzeari lotu beharko gatzaizkio, apain idaztea gerorako utzita.
Oro har, bi bide nagusi dago mezua emateko. Batetik, informazioaren funtsa idazkiaren hasierako lerroaldean eman dezakegu, eta horren ondoren azaldu gertatutakoak, zergatiak, arrazoiak, ekintzak edo dena delakoak hurrenkera logikoan. Hau da, gure ustez, gehienetan erabili beharko genukeen modua. Ikusi adibidea:
Idazki honen bidez, 1994ko apirilaren 27an HAEEko zuzendariak hartutako erabakiaren aurkako errekurtsoa aurkezten dut. Hona arrazoibideak:
1.- A...
2.- B...
3.- C...
Administrazioan, hala ere, gauzak bestela egin ditugu sarri askotan. Lehendabizi gertatutakoak, zergatiak eta abar adierazi eta, misterioko nobela bailitzan, amaierarako utzi guztiaren laburpena edo ondorioa.
1993ko ekainean A gertatu zen. Zuzendariak arazo hori ikertzeko eskatu zuen, eta ikerketak B, C eta D azaldu zituen. B era honetan landu da... Cren inguruan egindakoak ondorioak ekarri dizkio Eri. Dren gainean ezer egin baino lehen (i) eta (ii) zuzendaritzei eskatu beharko zaie aholkua.
Beraz, horretaz erabakiren bat hartzeko, ahalik eta lasterren, bilera bat egitea proposatzen dut.
Edozein bide aukeratzen dugula ere, bada era ugari gaiak garatzeko. Ikusi horietako batzuk:
Zergatia eta ondorioa
Zure beka-egitasmoa deialdian ezarritako gaiei egokitzen ez zaienez, eta, bestalde, beste erakunde publiko batek emandako beka duzunez [ zergatiak\ , ez dugu ontzat eman zure eskabidea [ ondorioa\ .
Gaia kronologikoki azaldu
Erabakia, 1994ko otsailaren 25ekoa,
Herri Arduralaritzaren Euskal Erakundeko
zuzendariarena
Honen bidez adierazten dugu Joseba Satrustegi Linazasoro ezin dela aurkeztu 1994ko urtarrilaren 10eko Erabakiaren bidez dei egindako hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetara.
1.- 1994ko urtarrilaren 5eko Erabakiaren bidez, hizkuntza-eskakizunak egiaztatzeko azterketetarako deia egin genuen. Erabaki hori 1994ko urtarrilaren 19an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.
2.- 1994ko urtarrilaren 15ean azterketa egiteko eskabidea aurkeztu zuen Joseba Satrustegi Linazasorok, baina ez zuen egiaztatu Euskal Administrazio Publikoko funtzionario ala lan-kontratuko langile finkoa den, deialdiaren bigarren oinarrian hala araututa bazegoen ere.
3.- 1994ko otsailaren 5ean funtzionario ala langile finkoa den egiaztatzeko eskatu genion, eta, horretarako, 10 egun eman.
4.- Epe hori igaro eta eskatutakoa egiaztatu ez duenez, honako hau ERABAKI DUT:
Egoera orokorrenetik hasi eta xehetuz joan
Autonomi Elkarteko (orokorra) kultura-ondareak hobera egin du, oro har. Hiru herrialdeetan (xeheagoa) Akoa da aurrerakada nabarmena izan duena. Herrietan (xeheagoa) Bkoa da eredugarri. Museoen artean (xeheena) C aipatuko genuke hartu beharreko adibidetzat.
Deskribapena
Hona Martin Azkarreta Leundaren etxearen azalera eta mugak:
Azalera: 176 m²
Mugak:
- Iparraldea: Santa Maria Eliza.
- Hegoaldea: Kale Nagusia.
- Mendebaldea: Usurbilgo Plaza.
- Ekialdea: etxeko baratza.
Lerroaldeak
Ideiak esalditan garatzen dira eta gaiak edo esaldi multzoak lerroaldeetan. Lerroalde bakoitzean zati ezberdinak aurki daitezke: sarrera, amaiera, garapena.
Lerroaldearen lehen esaldia garrantzitsua da oso, izan ere bera da irakurtzen den lehen gauza, eta ,beraz, gaia edo ideia nagusia aurkezten duena. Azken esaldia, halaber, nabarmentzeko modukoa da, esaldi hori baita komentario orokorra egiteko balio duena eta, askotan, irakurlearen gogoan geratzen dena.
Lerroalde bakoitzak lauzpabost esaldi izatea komeni da, hau da, orrialde bakoitzak, salbuespenak salbuespen hirutik zortzira bitarteko lerroaldeak izan beharko lituzke.
Testu-markatzaileak
Testu-markatzaileek esaldien arteko eta lerroaldeen arteko erlazioak zehazteko balio dute. Ikus ditzagun horietako batzuk:
- Idazkiaren gaia aurkezteko: idazkiaren helburu nagusia... da / testu honetan... esaten da...
- Beste gai bati hasiera emateko: -ri dagokionez / -ri helduz / jarraian... jorratuko dugu...
- Hurrenkera markatzeko: lehendabizi / bigarrenez / hasi baino lehen / hasteko / amaitzeko / azkenik / bukatzeko / Gero / ondoren...
- Bereizketak egiteko: alde batetik / bestetik / ordea / bestalde / hala ere / dena den / dena dela / baina...
- Esandakoari gehitzeko: gainera / horretaz gain / era berean / halaber...
- Zerbait azpimarratzeko: hau da / hots / bestela esanda / azpimarratzekoa da / kontuan izan behar dugu / lehen esan dugunez...
- Zerbait zehazteko: adibidez / esate baterako / horrelakoetan...
- Laburtzeko: laburbilduz / labur-labur / hitz gutxitan esateko...
- Amaitzeko: amaitzeko / bukatzeko / azkenik / ondorioz / gauzak horrela...
- Denbora adierazteko: lehen / orain / orain dela gutxi / une berean / orduan / aldi berean / gero / geroago / aurrerantzean / ordutik hona / harrez gero / jarraian / ondoren / geroztik...
- Tokia adierazteko: goian / behean / gorago / beherago / aurretik / aurrez-aurre / azpian / eskuinean / ezkerrean / erdian / hurbil / urruti / atzealdean / alboetan / barnean / kanpoan...
- Aurkaritza adierazteko: alabaina / aitzitik / aldiz / berriz / dena dela / dena den / haatik / halere / hala ere / hala eta guztiz ere / ordea / ostera...
- Ondorioa adierazteko: ondorioz/ beraz / horiek horrela / hala / hori dela eta / hortaz / horregatik / horrenbestez / hori dela medio...
Testuaren kanpoko itxura ere zaindu
Idatzitako orriak begietatik sartzen dira; hori horrela, behar-beharrezkoa deritzogu, idazten hasi aurretik, testuak izango duen kanpoko itxurari buruzko hausnarketa egiteari.
Izenburua
Gaiak jorratzerakoan, edozein idazki dela ere, izenburu aproposak jartzea oso mesedegarria da irakurleak informazioa behar bezala jasotzeko. Gogoan izan izenburuen laguntzaz, eta testua osorik irakurri gabe, irakurleak azkar eta erraz aurki dezakeela informazioa, hau da, testua zertaz ari den jakin dezake lehen begi kolpean.
Azpi-izenburuak
Azpi-izenburuak jartzea ere ulergarritasunaren onetan da. Horien bidez, irakurleak testuaren antolaketaren berri izaten du eta neke handirik gabe aurki dezake berari interesatzen zaion informazioa. Gainera azpi-izenburuek testua zatitzen dute eta, beraz, erakargarriago bihurtu.
Bestelako baliabideak
Informazioa esaldi luzeetan eman beharrean, zerrendaturik ere jaso daiteke. Horrelako zerrenden aurretik baliabide tipografiko ugari erabiltzen dira: marrak, puntuak, zenbakiak eta beste...
Letra-mota eta letra-neurria
Letra guztiak bitara bil daitezke: zorrotzak eta kamutsak. Luzapen txikiak dituzten letrak zorrotzen taldean sartzen dira; luzapenik gabekoak, berriz, kamutsenean. Ez dago arau garbirik noiz erabili bata eta noiz bestea zehaztu ahal izateko eta bien aldeko zein kontrako argudioak eman daitezke. Nolanahi ere, badirudi zorrotzak gehiago erabiltzen direla testuetarako, eta kamutsak izenburu, azpi-izenburu eta testu ez diren horietarako.
Letra-neurriari dagokionez, esan dezagun, irakurgarritasunari begira 9-12 puntu bitarteko letrak direla erosoenak. 9 puntuz beherako letrek arazoak sor ditzakete ikusmen-arazoak dituztenen artean, eta 12 puntuz gorakoek aldarazten digute begien ohiko mugimendua.
Ez ahaztu aukeratu dugun letra-motak baldintzatu egiten duela letra-neurria, hau da, letra bakoitzak berezko neurria du.
Letra larriak eta xeheak
Letra larriak gehiegi erabiltzeko ohitura zabalduta dago oso, eta, behin baino gehiagotan, behar ez denean. Badirudi gure artean iritzi ustela zabaldu dela: letra larriak errazago irakurtzen dira; dena den, hori ez da egia: letra larriek moteldu egiten dute irakurtzeko abiadura, xeheek baino %40-45 toki gehiago hartzen dute, eta ez dute inolako kontrasterik sortzen.
Hala eta guztiz ere, letra larriek badute eginkizunik testuan, batez ere, zerbait nabarmendu edo azpimarratu nahi dugunean. Gogoan izan, hortaz, neurrigabekeriak alferreko bihur ditzakeela letra larriak.
Letra-lodiera
Hona hemen gehienetan ikusten diren letra-lodierak: mehea, zuzena eta lodia. Ikerketen arabera, irakurtzeko errazenak zuzena eta lodia dira, eta bien arteko kontrastea oso tresna erabilgarria izan daiteke zenbait atal edo hitz azpimarratzeko.
Letra etzana
Italic edo cursivari euskaraz etzana edo kurtsiba esan izan diogu. Kontuan izan behar dugu letra etzana gehiegi erabiltzea nekagarria izan daitekeela, baina, era berean, ezin dugula erabat baztertu, zenbaitetan laguntza ederra ematen baitigu: oharrak eta argazkien oinak, beste hizkuntza bateko hitzak, teknizismoak, liburuen edo argitalpeen aipamenak edo azpimarratu beharreko zenbait atal edo hitz.
Letren, hitzen eta lerroen arteko tartea
Letren artean tarte txikiegia utzita, zail egiten da irakurtzea. Baina tarte handiak erabiliz gero, hitzak hautsi egiten dira, eta testuaren osotasuna galdu. Hitzen kasuan, gauza bera: bereizteko tarte nahikoa utzi behar da, eta, beti ere, lerroen artekoa baino txikiagoa.
Lerroen arteko tartea ere zaindu egin behar da. Askotan, dirua aurreztearren tokia, eta, ondorioz, lerroen arteko tartea murriztera jotzen da: lerroak pilatu eta elkarren gainean jartzen dira horrelakoetan. Tarte handiak utzirik, berriz, testuak batasuna galtzen du.
Lerro-luzera
Lerroaren luzerik egokiena 50 eta 70 takaden artekoa da (85 mm ingurukoa). Lerro laburregiek begiaren mugimenduak gehiagotzen dituzte; lerro luzeegiak, aldiz, eragozpen dira hasieratik bukaerara begiak lerro berean eramateko. Arazo horiek denak areagotu egiten dira zenbat eta txikiagoa izan letra-neurria.
Lerroa justifikatu ala ez?
Justifikazioa lau motatakoa izan daiteke: ezkerraldekoa, eskuinaldekoa, erdiratua eta ezker-eskuinaldekoa. Honetan ere... zenbat buru, hainbat aburu. Guk aukerak aurkeztu besterik ez dugu egiten.
Taulak, diagramak, mapak...
Hitzak erabiltzeaz aparte, informazioa emateko bide bat baino gehiago dugu. Administrazioko idazkietan mekanismo hauen aurrean dugun mesfidantza gainditu behar dugu, komunikazio azkarragoa eta osotuagoa lortzeko.
|