IVAP-EREN LIBURUTEGIKO ZERBITZUETARAKO ARAUTEGIA
1. Informazio orokorra
2. Erabiltzaileak
3. Bilduma
4. Zerbitzuak
4.1. Zer edo zer liburutegian bertan kontsultatzeko
4.2. Maileguak
4.3. Gordetzekok eskatzea
4.4. Maileguak berritzea
4.5. Erreprografia
4.6. Informazio eta erreferentzia
1. INFORMAZIO OROKORRA
Informazio bibliografikoa da HAEEren liburutegiaren langaia, eta HAEEren berezko aginpideen inguruko informazioa kudeatzera eta zabaltzera jarria dago batez ere. Hauek dira gaiak: administrazioa, zuzenbide publikoa, administrazioko langileen hautaketa eta prestakuntza, euskara, itzulpengintza, hirigintza eta ingurumena.
Erakundeak berezkoak dituen langintzetan laguntzea du helburua, eta hartara bideratzen eta eskaintzen ditu bere liburu-agiriak, haiei ahalik eta etekinik handiena ateratzeko ahaleginean. Lehenik, erakundeko langileei emango die liburu-agiriak kontsultatzeko aukera, eta, ahal duen neurrian, kanpoko jende interesatu orori zabalduko dio sarbidea.
Liburutegi honek bi egoitza ditu: bata, Bilbon, Lurralde eta Hiri Ikasketetarako Euskal Eskolan dago, eta hirigintza eta ingurumen-gaietarako da batez ere; bestea, Gasteizen dago, Lakua barruan, eta gainerako gaietarako da batez ere.
Bai bilduma bibliografikoa (liburuak eta argitalpen seriatuak) bai bestelakoa (CD-ROM-ak, bideoak, zintak eta abar) liburutegiak kudeatzeko sistema integratu baten bidez automatizaturik ditugu, eta gure erabiltzaileen eskura daude, hainbat zerbitzu bidez.
2. ERABILTZAILEAK
HAEEren liburutegiak erabiltzaileak hiru mailatan ditu sailkaturik:
- HAEEko langileak.
- Autonomia-erkidegoko administrazio orokorreko langileak.
- Kanpoko erabiltzaileak.
3. BILDUMA
Egoitzetan bildurik duen materiala da HAEEren liburutegiko bilduma. Hainbat formatutan du bildurik: monografiak (liburuak, oro har), aldizkako argitalpenak (aldizkariak), erreferentziako bilduma (entziklopediak, hiztegiak) bideoak, CD-ak eta abar.
Bildumako erreferentziak katalogo automatizatu batean ditugu. Hartara sartu nahi baduzue, liburutegiko terminala, Eusko Jaurlaritzako Intraneta edo Interneta erabili.
Bada arautegi berezi bat HAEEren liburutegiko liburu-agiriak eskuratzeko eta erabiltzeko, eta agiri honekin batera duzue (1. eranskina).
4. ZERBITZUAK
4.1. Zer edo zer liburutegian bertan kontsultatzeko
Irakurketa-gelan, HAEEren liburutegiko material guztiak kontsulta ditzakezue, bai Gasteizko egoitzakoak bai Bilbokoak. Erreferentziako bilduma edonork kontsulta dezake zuzenean; gainerako materiala kontsultatzeko, berriz, aurretiaz langile arduradunari eskatu behar.
4.2. Maileguak
HAEEren liburutegiko egoitzek, beharrak behar, ale bakoitzerako mailegu-mota jakin bat zehazten dute.
Hainbat mailegu-politika dago, eta haien arabera zehazten dugu zein material, zenbat ale eta zenbat denborarako utziko dugun maileguan, erabiltzailearen eta materialaren ezaugarrien arabera eta bestelako gorabehera bereziak kontuan harturik. HAEEren liburutegiko liburu eta agiriak eskuratzeko arautegian dituzue zehazturik politika horiek.
Berezia izanik, materialen bat ezin bada nolanahi erabili, baldintza bereziak izango ditu kontsultarako.
HAEEren liburutegiak liburutegi arteko maileguak ere egiten ditu, bai hartzeko bai uzteko. Hori dela-eta, HAEEko langileek beste erakunde batzuetako liburutegietako materialak ere eska ditzakete gure liburutegian.
Gure egoitzen artean ere bada mailegu-zerbitzu bat antolaturik. Erabiltzaileek bi egoitzetako bildumak dituzte, hortaz, eskura.
4.3. Gordetzeko eskatzea
Erabiltzaileek materiala gordetzeko eskatzeko eta maileguak berritzeko aukera dute, hartarako sistema baten bidez.
Katalogoko obraren bat maileguan utzita baldin badugu, itzultzen dutenerako eskatzeko aukera da gordetzeko eskatzea.
4.4. Maileguak berritzea
Harturik duzuen liburuaren edo materialaren mailegu-epea luzatzea da mailegua berritzea, baina, horretarako, ezin du inork gordetzeko eskaturik eduki eta erabiltzaileak ezin du zigorturik egon.
4.5. Erreprografia
Maileguan utzi ezin diren materialetarako, erreprografia-zerbitzua dugu.
4.6. Informazioa eta erreferentzia
Erabiltzaileari behar duen laguntza eskaintzea, hau da, eskura dituen zerbitzuen berri ematea. Eskatzen duzuen baliabiderik ez badugu guk, non izango duzuen eta beste liburutegi edo zentro batzuetan nola lor dezakezuen azalduko dizuegu.
Gure katalogoak nola erabili azaltzea ere atal honen barruan dago, on-line egin dezazuen gure bildumen bilaketa.
Eta zerbitzu hori emateko, eskura ditugun baliabide guztiak erabiliko ditugu, bai geureak, bai -mailegu, internet edo beste baliabide batzuk bitarteko- beste inorenak ere.
Arautegi honetan jaso ez dugun kasu berezirik baldin badago edo ustekaberik gertatzen bada, liburutegiko arduradunak ebatziko ditu.
Gasteizen, 2004ko ekainaren 30ean.
|