Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco

Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Saila

euskadi.net

Hasiera

Hemen Zaude:
  1. Hasiera

WAI-A

Azken eguneratzea: 2008/06/23
Euskal Autonomia Erkidegoak erregistro berri bat abiarazi du, EAE-ko industriaren gai kutsatzaileen isuriak neurtzeko
Euskadi E-PRTRak, Esther Larrañagak zuzentzen duen Sailak garatua, informazio maila zabaldu egiten du, eta ingurumenaren arloko eskakizun maila handitu, EBren ildotik.

EAEk badauka dagoeneko ingurumenaren arloko tresna berri bat, EUSKADI E-PRTRa, airera eta uretara egiten diren isurien eta foku kutsatzaileen urteko erregistroa. Orain arte indarrean zegoen EPERa ordezkatzen du, eta, batik bat, informazio maila eta ingurumenaren arloko eskakizun maila handitu egiten ditu funtsean.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak abiarazi duen inbentario hori Esther Larrañaga sailburuak eta Miguel Lazpiur Confebaskeko presidenteak aurkeztu dute gaur goizean Gasteizen.

Horrela, EAE Europako Batasunak bultzatutako aldaketara egokitzen da. 2001etik 2006ra, EPER inbentarioa egon da indarrean (European Pollutant Emisión Register), eta orain, E-PRTR (European Pollutant Release and Transfer Register) inbentarioari egin dio leku. Hortaz, aurten EBra bidaliko diren datuak, 2007koak, metodologia horrekin jasotako lehenak izango dira; sailburuak datu horien aurrerapen txiki bat eman zuen. Eta EPERekoekin gertatzen zen bezala, horiek ere ingurumena.net web orrian egongo dira eskuragarri; bertan daude 2001etik orain arte egindako inbentarioak.

Larrañagak azaldu zuenez, sistema zaharraren eta berriaren arteko aldea, funtsean, honetan datza: jendaurrean jartzen den informazioaren hedadura nabarmen handitzen da. EPER erregistro zaharrak aireko eta uretako 50 kutsatzaile neurtzen bazituen, E-PRTR berriak 91 kutsatzaile neurtzen ditu, guztira, airean, uretan, hondakinetan eta lurzorurako isurietan. Gainera, ezartzen diren atalaseak informazioa nahitaez ematera behartzen duten balioen azpitik daude. Horrek permisibitate txikiagoa eta, beraz, ingurumen alorrean eskakizun handiagoa dakar.

Sailburuak beste zerbait ere nabarmendu zuen: 91 gai kutsatzaileen isurien datu guztiak kontsultatzeko aukera emango duen tresna edozein herritarren eskura jartzea gardentasunean aurrera egitea dela. EUSKADI E-PRTR inbentarioko edozein enpresaren datuak eskura daitezke, eta, beraz, aurreko erregistroarekin baino askoz era xeheagoan.

Larrañagak IPPC araudian sartuta dauden EAEko enpresek orain arte egin duten lana goraipatu zuen. Gehien kutsa dezaketen industriei ezartzen zaie araudi hori; funtsean, horiei eragiten baitie bai inbentario zaharrak eta bai berriak. Gure erkidegoan gaur dauden enpresetatik, lehen EPER inbentarioari eta orain E-PRTR inbentarioari atxikitako 286 enpresetako ia guztiek, zehazki % 98k, EPER kanpainetan hartu dute parte.

Orain, Ingurumen eta Lurralde Antolamendu sailburuaren hitzetan, EAEk urrats bat egin du aurrera, airera, uretara nahiz lurzorura egiten diren isurien eta hondakin-sorkuntzaren gaineko informazioa bereizteko aukera ematen duen tresna abian jartzeko, zentroa, kutsatzaile mota, herria, lurralde historikoa, industria-sektorea edo ibaia nahiz arroaren arabera.

Larrañagak azpimarratu zuen bezala, “ez da neurketa-sistema aldatze hutsa, gobernu honen apustu sendo eta irmo baten isla baizik, eta EAEko enpresena ere bai, ingurumenaren gaineko informazioaren kalitatean bikaintasuna lortzeko, erregistro egoki, sakon eta kalitatezko baten bitartez”. Tresna horrek, gainera, ezin hobeto osatzen du airea eta uraren kalitate-sareek ematen duten informazio orokorra. Sare horiek erabiltzen ditu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Antolamendu Sailak EAE osoan gure airea eta gure urak duen kalitatea neurtu eta zaintzeko. Beraz, kasu horretan, IPPC enpresen esparru hertsitik haratago iristen da.

Sailburuaren iritziz, tresna horri esker, ingurumenaren gaineko izapideak hobetu egingo dira, gardentasunean sakondu egingo da, eta politika eraginkorragoak diseinatuko dira. “Azken batean, ezagutzaren bidez ingurumena hobetzea da helburua: gure politika guztietan ezarri nahian gabiltzan apustua. Klima-aldaketatik hasita, EAEn abian jarri berri den Bc3 zentroarekin: estatuan lehena den klima-aldaketaren gaineko ikerketa-zentroa; biodibertsitatera, hil honetan bertan zabaldu den Madariaga Dorrea Biodibertsitatearen Euskal Zentroaren bitartez.



Pdf formatoko dokumentua:
E-PRTR EUSKADI DATUEN AURRERAPENA. 2007ko DATUAK (109 kb)