Azken eguneratzea: 2008/07/01
Enpresa Lehiakortasuneko eta Gizarte Berrikuntzako Planaren esparruan bultzatuta, Fondoak 400 milioi euroko kapitala izango du.
Lehendakariak, hiru Diputatu Nagusiek eta euskadiko hiru aurrezki kutxetako Presidenteek Industria Partaidetzen Fondo berria aurkeztu dute
Euskal Autonomia Erkidegoko esparruan euskal industria-sarea sendotzen eta dinamizatzen lagunduko duen erreferentziazko inbertsio-bidea izango da, kontzentratzeko, hazteko nazioartekotzeko eta/edo familia-ondorengotzako prozesuei dagokienez, enpresa-proiektu sendoak babestuz.

Juan José Ibarretxe lehendakariak, Xabier Agirre, Jose Luis Bilbao eta Markel Olano Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkako Diputatu Nagusiek, eta Xabier Irala, Xabier Iturbe eta Gregorio Rojo BBK, KUTXA eta VITAL aurrezki-kutxetako presidenteek EKARPEN S.A. sozietatearen sorrera arautzen duen akordioa aurkeztu dute gaur Lehendakaritzaren egoitzan. Sozietate horrek industriaren partaidetzak kudeatuko ditu globalizazio ekonomikoaren erronkei, enpresa arteko lankidetza eta aliantza estrategikoak sustatzeari eta finantzatzeko eta kudeatzeko duten ahalmena hobetzeari begira, euskal enpresen kokapena erraztearren.

EKARPEN S.A. sozietateak hasiera batean 3.050.000 euroko kapital soziala izango du; diru-kopuru horretatik % 60 Euskal Aurrezki Kutxek emango dute, eta gainerako % 40a Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek. Bazkideek ekarpen gehigarriak egingo dituzte sozietateak inbertsio-proiektuak onartzen dituen neurrian, 400 milioi euroko guztizko zenbatekoa lortu arte.

EKARPEN sozietatea eratzen denetik aurrera bazkide inbertitzaile berriak sartzeko kudeaketak jarri ahal izango dituzte abian bazkide sustatzaileek.

Sozietatearen inbertsioak enpresa-sektore osoarentzat izango dira, nahiz eta proiektuek balioa sortzeko ahalmen handia izan beharko duten. Ildo horretatik, Euskadirentzat erakargarritasun estrategikoa duten sektore berritzaileei laguntzea izango du helburu, betiere proiektuak dimentsio egokia badu.

Xede diren enpresa motari dagokionez, inbertsioak ondoren azalduko diren ezaugarrietako bat duten sozietate ez-kotizatuetan egingo dira. Honako hauek dira ezaugarriak:
- Euskadiko lurralde historikoetan "traktore" izaera duten eta beren ingurunean garrantzia duten enpresa multzoak.
- Berrikuntza-maila handia duten proiektuak.
- Dimentsio bateratua eta/edo hazkunderako gaitasuna duten proiektuak.
- Hedatzeko, nazioartekotzeko, berritzeko, aliantza estrategikoetako eta familia-ondorengotzako prozesuei jarraipena emateko edo ekiteko finantziazioaren premia duten proiektuak.
- Industria-bazkide eta/edo zuzendaritza-talde sendoak eta esperientzia frogatua dituzten proiektuak.
- 6-8 urte inguruko aldian desinbertitzeko alternatiba argiak aurkezten dituzten proiektuak.

Oro har, eragiketa gehienek jada dimentsio handia duten enpresa edo talde helduak sendotzeko edo hazteko prozesuak landuko dituzte.

Akordioaren aurkezpenean, Lehendakariak esan du euskal industria-politikaren ibilbide luzean gertakari garrantzitsu baten aurrean gaudela, eta horrek ingurunera eta bizi dugun garaiaren premietara egokitzeko ahalmena eskatzen duela. Erakundeen jarrera ekintzaile iraunkorrak eta kolaborazio publikoa nahiz pribatua biltzeak soilik berma diezaguke arrakasta izatea gizarte soziala eta iraunkortasunari dagokionez lehiakorra den gizartea eraikitzeko helburuetan.

Hiru Foru Aldundiek esan dute EKARPEN martxan jartzeak talde industrialak sortu eta garatzera ahalbidetuko gaituela, beraien erabakitze-zentroak Euskadin mantenduko dituzten taldeak, nazioartean presentzia eta atzerrian ezarpenak izateko besteko dimentsioa dutenak; honekin batera, berrikuntza eta lehiakortasun arloan Euskadiko enpresa txiki eta ertainengan trakzio-eragina egin dezaketen talde industrialak.

BBK, KUTXA eta VITAL aurrezki-kutxek, beraien aldetik, azpimarratu dute proiektu hau martxan jartzeak esan nahi duela euskal enpresa sarearen esku jartzen direla garapen eta berrikuntza beharrei erantzuteko behar dituzten finantzal baliabideak; independentzia eta profesionaltasunez kudeatuak, balio ekonomiko eta soziala sortzeko helburuarekin, Euskadiko Aurrezki Kutxen xede bateratua dena.

EKARPEN S.A. sozietatea bazkide sustatzaile guztiek beren gobernu-organoetan behar dituzten izapideak formalizatzen dituztenean eratuko eta martxan jarriko da.

 

Gasteiz 2008-07-01